Beste bost lehiakide, Urrezko Maskorraren lasterketan
Zinemaldiak iragarri du Arnaud Desplechin, Kentaro Hirase eta Yutaro Seki, Agnieszka Holland, Milagros Mumenthaler eta Alice Winocour zinemagileen lana berriak Sail Ofizialean lehiatuko direla. Moriarti ekoiztetxeko Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren ‘‘Maspalomas’’ eta Alauda Ruiz de Azua bizkaitarraren ‘‘Los domingos’’ filmekin batera izango dira sariketan. Zinemaldiak datozen asteetan iragarriko ditu Sail Ofizialeko gainerakoak.

Atzera kontaketa hasi du Zinemaldiak, eta apurka iragartzen ari da irailaren 19tik 27ra ospatuko den 73. edizioan parte hartuko duten filmen izenburuak. Sail Ofizialean Urrezko Maskorraren lehian izango diren bost tituluren berri eman zuten atzo: Arnaud Desplechin, Kentaro Hirase eta Yutaro Seki, Agnieszka Holland, Milagros Mumenthaler eta Alice Winocour zinemagileen lan berriak. Hauek aurrez iragarritako beste lau filmekin batera izango dira sariketan, tartean Euskal Herriko bi ekoizpen: Alauda Ruiz de Azuaren ‘‘Los domingos’’, eta Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren ‘‘Maspalomas’’. Aditzera eman zutenez, hurrengo asteetan iragarriko dituzte Sail Ofiziala osatuko duten filmak.
Alice Winocour (Paris, 1976) zinemagilea berriz izango da Sail Ofizialean. ‘‘Couture’’ bosgarren filma dakar -aurretik, Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen Donostian ‘‘Proxima’’ (2019) lanarekin-. Modaren munduan girotuta dago, eta Angelina Jolie eta Louis Garrel ditu protagonista.
Agnieszka Holland (Varsovia, 1948) hirugarrenez lehiatuko da Sail Ofizialean ‘‘Franz’’ filmarekin. Txekiar Errepublika, Alemania eta Poloniaren arteko koprodukzio horrek Franz Kafka idazlearen bizitza kontatzen du, jaio zenetik heriotzara arte. Holland aurretik ere lehiatua da Urrezko Maskorra lortzeko ‘‘Total Eclipse’’ (1995) eta ‘‘Copying Beethoven’’ (2006) lanekin, eta Zinemaldian egin zituen lehenbiziko urratsak; Sortzaile Berriak sailean parte hartu zuen ‘‘Zdjecia próbne/Screen Tests’’ (1978) film kolektiboarekin. Zuzendariaren filmik aintzatetsienen artean daude ‘‘Bittere Ernte/Angry Harvest’’ (1986) eta ‘‘Europa Europa’’ (Zabaltegi, 1990), Atzerriko film onenaren Oscar eta Gidoi egokitu onenaren Oscar sarietarako hautatuak, hurrenez hurren.
Kentaro Hirase (San Frantzisko, 1986) eta Yutaro Seki (Kanagawa, 1987) zinemagile bikoteak bigarren film luzearekin parte hartuko du: Japonian ekoitzitako “SAI”. New Directorsen 2022an lehiatu ziren Masahiko Satorekin batera zuzendutako “Miyamatsu to Yamashita/Roleless”-ekin. Teruyuki Kagawa aktorea berriz ere protagonista izango da kontakizun ilun honetan.
Arnaud Desplechin (Roubaix, 1960) lehen aldiz izango da Sail Ofizialean, ‘‘Deux pianos” lanarekin. Filmeko protagonista bere sorleku Lyonera bueltatu den pianista bat da. Antzezleen artean ageri dira François Civil, Nadia Tereszkiewicz, Charlotte Rampling eta Hippolyte Girardot. Zinemaldian Desplechinen bi lan eman dira, “Rois et reine” (2004) eta “Trois souvenirs de ma jeunesse” (2015, Perlak).
Milagros Mumenthaler zinemagile argentinarra (Cordoba, 1977) lehenbizikoz izango da Donostian bere hirugarren lanarekin: “Las corrientes”. Suitzaren eta Argentinaren arteko koprodukzio horrek Isabel Aime Gonzalez Sola du protagonista, ustez atzean utzita zeukan iraganarekin borrokatuko den emakumea. Locarnoko zinema jaialdian estreinatu zituen bere aurreneko bi filmak: “Abrir puertas y ventanas” (2011), Urrezko Leopardoa eskuratu zuena, eta “La idea de un lago” (2016). Horiek biek Horizontes Latinos saileko egitarauan parte hartu zuten.
Film horiez gainera, aurrez iragarritako lau produkzio ere lehiatuko dira sail Ofizialean, horien artean hemengo bi produkzio: “Maspalomas”, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi zuzendariena, eta “Los domingos”, Alauda Ruiz de Azuak zuzendua. Sail Ofizialean dira baita ere Jose Luis Guerinen “Historias del buen valle” eta “Los Tigres”, Alberto Rodriguez zuzendariarena.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
