EHUn graduatutako %90 lanean da hiru urteren buruan
Euskal Herriko Unibertsitatean graduatzen diren ikasleen hamarretik bederatzik lana lortu dute ikasketak bukatu eta hiru urtera, tituludunen artean Lanbidek eginiko inkesta baten arabera.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) 2021eko promozioko tituludunen %90 lanean ari zen graduko ikasketak amaitu eta hiru urteren buruan. Horixe da, hain zuzen, Lanbide Enplegu Zerbitzua Publikoak EAEko unibertsitate publikoko gradudunei buruz egin duen “Laneratzeari buruzko azterlana” txostenean jasotako ondorio nagusietako bat.
Unibertsitateak ohar batean azaldu duenez, 2021ean ikasketak bukatu zituzten 6.627 lagunetatik 4.926ri egin zitzaien inkesta, %75i. Emaitza fidagarriak izateko lagin «oso esanguratsua, ikasle gehienen egoera islatzen baitu». Aipatutako promozioaren kasuan, okupazio tasa (ordaindutako lana duten pertsonen ehunekoa pertsona aktibo guztiekin alderatuta) %90ekoa da. Generoaren arabera aldea dago laneratze tasan: emakumeen %11 langabezian dago eta gizonen artean %9 dago lanik gabe. Egindako ikasketekin lotura zuzena duen lanpostu batean ari direnen ehunekoa 87koa da. Bestalde, lehen lana lortzeko epea urtebete baino gutxiago izan da ikasleen %63rentzat.
SOLDATAN ARRAKALA
Lanbideren txostenak soldata ere aztertu du. Lanaldi osoko batez besteko soldata garbia 1.819 eurokoa dela dio, 14 ordainsaritan. Eta, laneratzearekin bezala, ordainsarian ere genero arrakala dago: gizonen batez besteko soldata 1.867 eurokoa da; emakumeena, 1.771 eurokoa.
Lan egoerari dagokionez, tituludunen %77,08k besteren kontura lan egiten du. Norberaren kontura ari direnen ehunekoa 3koa da, eta %5,56k, berriz, ikasketekin jarraitzea erabaki du. Gainerakoen artean daude doktorego aurreko edo ondoko kontratuak dituztenak, langabezian daudenak, ezintasun egoeran dauden pertsonak, kooperatibetako bazkideak eta antzeko bestelako lan edo egoera pertsonalak dituztenak.
Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerio espainiarrak QEDU tresnaren bidez argitaratutako datuen arabera, EHUko hamabi gradu Estatu espainolean hobekien ordaindutakoen artean daude, graduatuz gero, lau urtera.
Adierazle horretan nabarmendu diren graduak honako hauek dira: Arte Ederrak, Ingurumen Zientziak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak, Zuzenbidea, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Gizarte Hezkuntza, Ingeles Ikasketak, Historia, Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza, Medikuntza eta Itzulpengintza eta Interpretazioa.
EUSKARA
Euskararen garrantzia ere landu dute: inkestatutakoen %60ri, lana aurkitzeko unean, euskara jakitea ezinbestekoa izan zaie, edo gutxienez baloratu egin diete.
Alde horretatik, Noemi Peña EHUko Ekintzailetza, Enplegagarritasuna eta Transferentziarako zuzendariak nabarmendu du bi puntu hazi dela euskararen ezagutzaren eskaria laneratzeko orduan, %36tik %38ra.
Jakintza esparruaren arabera, euskararen garrantzia nabarmenagoa izan da gizarte zientzietan (%79,1), humanitateetan (%73,4) eta osasun arloan (%62,7). «Gure ikasleak laneratzen laguntzeko, kalitatezko hezkuntza inklusibo eta eleaniztunaren alde egiten jarraituko dugu», adierazi zuen Noemi Peñak.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
