GARA
GASTEIZ

Talde ekologistak, hirigintza lege proposamenaren aurka

EAJk eta PSEk aurkeztutako lurzoru eta hirigintza neurriei buruzko lege proposamena baztertzea eskatu dute talde ekologista batzuek, ingurumen bermeak ahultzea eragingo duela iritzita.

Gasteizko Legebiltzarrean egin dute EAJk eta PSEk proposamena.
Gasteizko Legebiltzarrean egin dute EAJk eta PSEk proposamena. (Endika PORTILLO | FOKU)

Hainbat talde ekologistak EAJk eta PSEk Gasteizko Parlamentuan aurkeztutako Etxebizitzaren, lurzoruaren eta hirigintzaren arloko presako neurriak lege proposamena erretiratzea eskatu dute. Hain zuzen, «hirigintza planen eta kutsatutako lurzoruen gaineko ingurumen kontrol independentea desegiteko saiakera» dela uste dute.

Haritzalde, Eguzki, Ekologistak Martxan, Landarlan, Itsas Enara, Parkea Bizirik, Mutriku Natur Taldea, Zain Dezagun Urdaibai, Bizirik-Betiko, Sagarrak, Elorrioko Auzokide Elkartuen koordinakundea, Betsaide Elkartea, Elorrixa Ekologi taldea, Guggenheim Urdaibai Stop, Artiako Lagunak eta Herri Bideak Kate Barik Elkartea dira eskaera sinatu duten taldeak.

Talde ekologistek salatu dutenez, erreformak ahalbidetuko du hirigintza plan orokorren, haien aldaketa puntualen zein plan partzialen ingurumen azterlanak plan horiek sustatuko dituzten udalek egitea, udalerriek 7.000 biztanle baino gutxiago badituzte, Lakuako Gobernuak egin beharrean. Azaldu dute neurria «zentzugabea eta 2011/92/EB Zuzentarauaren aurkakoa» dela. Izan ere, lege horrek ezartzen duenaren arabera, plana sustatzen duen organoak eta ingurumen inpaktua ebaluatuko duen agintaritzak bereizita egon behar dute; erreformak, ordea, sustatzaileari ahalmena ematen dio ingurumen inpaktua aztertu dezan.

Orain arte, ingurumen txostenak Lakuako Gobernuaren teknikariek egiten zituztela oroitarazi dute talde ekologistek, eta aldaketak egiteko edo ingurumen kalteak mugatzeko gaitasuna zutela. Erreforma honen bidez, iragazki hori ezabatuko dela uste dute. «Administrazio horiek ez dute langile espezializaturik, independenterik eta kaudimen tekniko nahikoa duenik, eta, gainera, presio politiko eta urbanistiko posibleen mende dago», salatu dute.

Gainera, azaldu dute proposamenak aurreikusten duela hirigintzako ingurumen ebaluazioetarako epeak laburtzea eta epe barruan erantzunik jaso ezean aldeko txostena duela ulertzea. Talde ekologisten ustez, horrek EAEko araudia, Estatuko oinarrizko legeria eta ingurumen ebaluazioaren arloko Europako zuzentarauak urratuko lituzke.

LURZORU KUTSATUEI BURUZKO BERMEAK

Halaber, «kezkagarritzat» jo dute 4/2015 Legearen aldaketa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzkoa, hain zuzen. Izan ere, erreformak malgutu egingo lituzke kutsatuta egon daitezkeen lurretan etxebizitzak eraikitzeko kontrolak, «osasun publikoaren eta ingurumenaren arloko bermeak murriztuz».

Proposamenaren edukiaz ez ezik, hura aurrera ateratzeko moduaz ere kexu azaldu dira talde ekologistak. Uste dute presaka egin nahi izan dutela, eztabaida publikoa eta kontrol instituzionala saihesteko.

«Garrantzi handiko erreforma bat presazko bidetik eta legebiltzar proposamen baten bidez izapidetzeak, Eusko Jaurlaritzaren lege proiektu baten bidez izapidetu beharrean, legebiltzarreko erregelamenduaren erabilera maltzurra dakar», salatu dute.

Horregatik, eskatu dute arlo honetako edozein lege erreforma bide arruntetik izapidetu dadila, txosten tekniko eta juridiko guztiekin eta parte hartze publikoarekin.

Aldi berean, Lakuako Gobernuari galdegin diote entzun ditzala legea bozkatu aurretik.