Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
TOO MUCH

Komedia erromantiko garratz eta freskoa

I a 13 urte igaro dira “Girls”, Lena Dunham-ek sortutako telesaila, estreinatu zenetik. Iritzi kontrajarriak sortu bazituen ere, dudarik gabe, 2010eko hamarkadako pop kulturan arrasto ezabaezina utzi zuen proposamen hark. “Too Much” (“Sin medida”, gazteleraz) Lena Dunhamek idatzi eta zuzentzen duen telesail berria da.

Komedia erromantiko honek Jessica (Megan Stalter), New Yorkeko 30 urteko emakumea du protagonista. Orain dela gutxi harreman bat amaitu duela-eta isolatuta sentitzen da -betiko iraungo zuela uste zuen- eta, hiri horretako oroitzapen mingarriak saihestearren, Londresera joatea erabakiko du. Han, Felix izeneko musikari bitxi bat ezagutuko du.

Londres funtsezkoa da istorioaren harian eta protagonistaren bilakaeran. Jessicak, Britainia Handiko film erromantikoen zale amorratua izanik, maiz konparatzen du bere egunerokoa pantaila handiko istorio idealizatuekin.

Telesailari darion umorea fantasia zinematografikoaren (erromantikoa, britainiarra, sofistikatua…) eta eguneroko bizitzaren gordintasunaren arteko tentsiotik jaiotzen da. Kontraste horretan sortzen da tonu berezi eta zirikatzailea. Atalen izenburuak “Pity Woman”, “Notting Kill” eta tankerakoak dira. Britainia Handiaren eta AEBren arteko desberdintasun kulturaletik ere sortzen da umorea.

Telesailaren jatorrizko izenburuak -“Too much”, “gehiegi” euskaraz- protagonista deskribatzeaz gain, telesailaren tonua ere islatzen du. Ikusle batzuentzat Jessicaren hitz-jario biziak eta intentsitateak nekea sor dezakete, baina guztiz bat dator mezuarekin; Megan Stalterrek lan aparta egiten du.

Irregularra da, baina une indartsuek nahikoa distira egiten dute, ahulagoak diren pasarteei itzala emateko.

Komedia erromantiko garratz eta zintzoa da; inperfektua, protagonista bezalakoa, baina dibertigarria eta freskoa.