Txosnak defendatzeko kanpaina, protagonista Bilboko egitarauan
Bilboko Konpartsek atzo aurkeztu zuten 2025eko Aste Nagusirako egitarau osoa. Aurtengo jaietarako nobedade bat iragarri zuten: txosnetako diseinuek «Txosnak, Gureak, Denonak» kanpainari babesa adieraziko diote. Azaldu zutenez, 20.000 sinadura bildu dituzte jada.

Bilboko Aste Nagusirako 11 egun geratzen dira soilik. Hori dela eta, Bilboko Konpartsek egitarau osoa aurkeztu zuten atzo Arriaga plazan egindako agerraldi batean.
Konpartsen Federazioak Jai Batzorde Mistoarekin batera 600 jarduera antolatu dituzte bederatzi egunetarako.
Herritarrek programazioaren berri izan dezaten, Bilboko Konpartsek egitaraua liburuxkaren 15.000 kopia inprimatu dituzte etxez etxe banatzeko. «Bertan jasoko dira, esaterako, umeentzako jarduerak, sukaldaritza tailerrak, puzgarriak, txotxongilo eta pailazoak, goitibeherak eta txosnak eraikitzeko tailerrak», azaldu zuten.
Agerraldian esan zutenez, gazteen artean kultura sustatzeko asmoz, aurreko bizpahiru urtetan «nobedade arrakastatsuak» izan ziren skate tailerra eta rap tailer-emanaldia errepikatuko dituzte. Bi tailer horiek, bertsolariekin eta txalaparta tailerrarekin batera, Arriaga plazan egingo dituzte.
Horrez gain, kirolari presentzia handia emango diote Bilboko Konpartsek. Izan ere, hainbat ekintza prestatu dituzte, besteak beste: xake lehiaketa, swing dantza tailerra, goitibeherak, piraguak, ur jolasak, waterpolo lehiaketa, rubik lehiaketa eta igel-toka.
Konpartsek iragarri zutenez, tradizio handiko Hiri Krosa ostiralean izango da, eta, saskibaloi lehiaketa, berriz, asteazkenean, Arriaga plazan.
Musika eskaintzari dagokionez, Bilboko Konpartsek 250 kontzertu antolatu dituzte, horien artean: Naxker, Skabidean, Sukena, Ezpalak, Parabellum, Chulería Joder, Malacopa, Ezpalak, Kaparrak, TOC, Sembrando Kaos.
«Gainera, musika estilo eta giro anitzeko DJak eta pintxadak ere izango dira txosnetan», iragarri zuten.
Jarduera guztien berri edukitzeko eta haiek noiz eta non izango diren kontsultatzeko, konpartsek iaz martxan jarritako aplikazioan ikusgai egongo dira. Bestalde, txosnen mapa eta erasoen aurkako protokoloa ikus daitezke aplikazioan.
TXOSNAK BABESTEKO DISEINUAK
Txosnak «ondare immaterialeko kultur ondasun» izendatzea eskatu zuten zenbait eragilek joan den maiatzean. Horren defentsan 20.000 sinadura bildu dituzte dagoeneko.
Agerraldian ezagutzera eman zutenez, aurtengo txosna guztien diseinuek “Txosnak, Gureak, Denonak” kanpainari atxikimendua adieraziko diote: «Txosnak bakarrak dira munduan, iraultzaileon barrak, mundu berri batekin amesten dugunon etxeak, eta horiek babesteko kanpaina aurtengo Bilboko Aste Nagusiko txosnaguneko protagonista izango da».

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
