«Lan handia da, baina gogoa izanda kuadrilla bat jaio egiten da»
Kuadrillen une gorenean sortu zen Kaletarrak, 2023an. Claudia Goenaga da sortzaileetako bat eta, GARArekin hizketan nabarmendu duenez, gogoa da kuadrilla bat eratzeko benetan beharrezkoa dena, lan handia egin behar bada ere. 150 pertsonako talde honetan «oso giro ona» daukate. Bere ustez, pandemiatik jaiak gehiago bizi dira egunez.

Nola bizi dituzue Gasteizko Jaiak kuadrilla barnean?
Duela hiru urte atera ginen kalera lehenengo aldiz. Ni ‘neska’ nintzen beste kuadrilla batean eta Kaletarrak-en nagoenetik oso ezberdinak dira. Oso kuadrilla txikia gara, 150 pertsonakoa, eta guztiok ezagutzen dugu elkar gutxi gorabehera. Gero, elkarren artean daukagun harremana oso ona da eta benetan oso giro ona dugu.
Nola sortu zenuten kuadrilla?
Lan eginez. Argi geneukan zer nahi genuen, zer ez zitzaigun gustatzen eta zer gustatzen zitzaigun. Orduan, esfortzu handiz egin dugu, lehenengo urtea burokrazia lan handia delako, eta kontuak egitea da pasatu behar den beste etapa bat. Baina gogo kontua da; gogoa jarrita jaio egiten da. Gainera, bederatzi pertsonaren artean sortu genuen eta ez zuen pertsona bakar batek lan guztia egin behar. Beraz, ondo.
Zer nabarmenduko zenuke zuk jaietatik?
Gure kuadrillan herritarrei eskainitako ekitaldi ezberdinak egiten ditugu; horien artean Probintzia Plazan, abuztuaren 6an, pintxo-pote solidario bat, Arabako Minbiziaren Aurkako Elkartearen mesedetan. Jasotako diru guztia beraientzat izango da. Gero, aurten lehenengo aldiz erresidentzia batera joango gara. 7an ‘Kaletarrok’ izeneko ekitaldia egiten dugu, diskoteka moduko bat. Iaz lehenengo aldia izan zen eta, arrakasta izan zuenez, aurten errepikatu egingo dugu.
Kuadrillak historikoki gizonen taldeak izan dira duela gutxi arte. Nolakoa da emakume izatea gaur egun kuadrilla baten barruan?
Gure kuadrillan gizon baino emakume gehiago gara. Ez dakit kopuru zehatza, baina gehiengoa emakumeok osatzen dugu. Nik ez dut inoiz ezberdintasunik ikusi, gurean behintzat, blusen eta nesken artean.
Zer nolako aldaketak nabaritu dituzu azken urteotan jaietan?
Nesken agerpena, batik bat. Gero, nire sentsazioa da, baina pandemia ostetik uste dut jaiak gehiago bizi direla egunean zehar gauez baino. Beti izan dira egunez ekintza ezberdinak egiteko, baina nik nire inguruan ikusten dut gauez gutxiago eta egunez gehiago ateratzen dela jendea.
Eta, gainera, gero eta jende gehiagok nahi du blusen eta nesken kuadrilla batean sartu, ezta?
Bai, kuadrilla guztietan itxarote zerrendak daude sartzeko, beteta daudelako. Ez da ez dugulako jende gehiago sartzea nahi. Jatetxeetan ez gara sartzen eta edozein gauzatarako ez da gauza bera 150 pertsonako taldea edo 300ekoa kudeatzea. Gu, behintzat, daukagun esperientziarekin ezin gara gehiago izan; ez gara iristen.
Zer berezitasun daukate Gasteizko jaiek beste herrietan ospatzen direnekin alderatuta?
Kuadrillen artean dagoen harremana eta blusek eta neskek hiria animatzen duten modua gasteiztarra dela eta ez dagoela parekorik.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
