Algortako Portu Zaharra eta Amurrio, jaien erreleboa hartzeko prest
Abuztuko jai egitarauak aurrera jarraitzen du eta, Bizkaian eta Araban, Algortako Portu Zaharra eta Amurrio dira jaien lekukoa hartzeko prest dauden herri eta auzoetako batzuk. Algorta bihar sartuko da festetan kuadrillen jaitsierarekin, eta Amurrion hasiera ofiziala asteartean izango da.

Algortako Portu Zaharrean lau egunez izango dira jaietan, bihar hasi eta heldu den asteartera arte. Txupinazoa 12.00etan izango da eta kuadrillak Kasino Plazatik Portu Zaharreraino jaitsiko dira, Ku-Klux fanfarreak girotuta. Arratsaldean, DJ emanaldia izango da txosnetan, buruhandi eta txistularien jaitsiera, sardina-jana eta Txo panpinaren kokapena jai batzordearen txosnan. Gauean, kontzertuak izango dira Portu Zaharreko plazan eta agertoki nagusian, Gazte Txosnaren eskutik.
Lau egunotan adin eta gustu guztientzako ekitaldiak izango dira, hala nola umeentzako parkeak, kantu poteoa, kuadrilla txapelketako probak, umeentzako zinema, herriko taldeen kontzertuak, kukaña lehiaketa, zezensuzkoa… Azken egunean marmitako eguna ospatuko dute; goizean prestaketa lanak eta arratsaldean lehiaketako sari banaketa eta bertso emanaldia izango dira. Gauean, kuadrilla lehiaketako sari banaketa egingo dute eta ondoren erromeria hasiko da Orekka taldearekin. Goizaldeko seietan emango diete amaiera aurtengo jaiei txo panpina errez eta jaien amaierako trakarekin.
AMURRION, SAN ROKE JAIAK
Amurrion ere jai ekitaldiak izango dira asteburu honetan, nahiz eta San Roke jaietako txupinazo ofiziala datorren asteartean botako duten (abuztuak 12). Horrela, gastronomiari eskainitako asteburua izango da, bihar paella lehiaketa ospatuko baitute, eta etzi marmitako lehiaketa. Bihar gauean ez da musika faltako, La Txama, Biziraun erromeria eta Desi eta Presi DJaren emanaldiekin.
Esan bezala, jaien hasiera ofiziala astearte arratsaldean izango da eta herriko taldeen artean prestatutako jai egitaraua sei egunez luzatuko da, hurrengo igandera arte (abuztuak 17). Pregoia irakurtzeko ardura San Antonen Lagunen Kofradiak izango du, Amurrioko kulturan eta jai ekitaldietan laguntzen daramatzaten urte mordoagatik esker ona agertzeko modu ezin hobean. Txupinazoaren ondoren, Iguarrakoren jaitsiera egingo da kuadrillen kalejirarekin.
Igandera bitartean, horrenbestez, adin eta gustu guztientzako jai ekitaldiak izango dira: haurrentzako jolasak eta tailerrak, apar-festa, buruhandiak, kirol lehiaketak, kale antzerkia, dantzariak, zezensuzkoa, trikipoteoa, kuadrillen bazkaria, ganadu-erakusketa eta beste hainbat.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
