GARA
IRUÑEA

Nafarroako herri askok jaiei ekingo diete datozen egunetan

Leitza, Agoitz eta Aranguren asteburu honetan, Tafalla eta Burlata datorren astean... Nafarroako herri asko jaietan izango dira datozen egunetan. Zuriz jantzita eta lepoan zapi gorri edo koadrodunarekin, eguneroko kezka eta buruhausteak ahazteko aukera ezin hobea izango da.

Leitzan igandean botako dute txupinazoa, baina parranda bezperan hasiko da.
Leitzan igandean botako dute txupinazoa, baina parranda bezperan hasiko da. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Leitzako festak abuztuaren 10etik 15era ospatuko dituzte eta txupinazoa igande arratsaldeko 18.00etan botako dute. Bihar gauean ez da musika faltako txoko desberdinetan. Plazan Burutik taldearen kontzertua izango da, eta DJ emanaldiak, txosnetan eta Atekabeltz gaztetxean.

Igandean, txupinazoaren aurretik, “Etxera” kalejira musikatua eta kantu-bazkari herrikoia daude iragarrita. Arratsaldean, txupinazoaren ondoren, La Jodedera eta Mejikortxo taldeen emanaldiak izango dira. Gauerako, zezensuzkoa, Itzal erromeria eta Incansables txarangaren gaueko erronda daude iragarrita, baita DJ saioak ere plazako txosnan, beheko txosnan eta Atekabeltz gaztetxean berriz ere.

San Tiburtzio eguna aurten astelehenarekin egokitzen da eta egun osorako ekitaldi ugari daude prest, hala nola txistulariekin diana, entzierroa eta behiak, hamaiketako irekia, dantzariak, txaranga, jazz kontzertua, herri kirolak, zezensuzkoa eta Puro Relajo taldearen kontzertua.

Egitaraua, esan bezala, hurrengo ostiralera arte luzatuko da. Leitzako alkateak, Dabid Anautek, festak «ekitaldi bilduma» bat baino askoz gehiago direla gogoratu du, gauza askotarako balio baitute: «Ongi pasatzeko, noski, arnasa hartzeko, baina baita harreman sareak trinkotzeko ere, herria kohesionatzeko, kultura sustatzeko, herria egiten jarraitzeko, azken batean».

Agoitzen bihar eguerdian botako dute txupinazoa eta bost eguneko egitaraua izango da. Aurten Agoizko Kirol Elkarteko futboleko lehen taldea izango da suziria botatzeko ohorea izango duena, hamabi urteren buruan hirugarren mailara igotzea lortu du eta.

Aurtengo egitarauan bada berritasunik; izan ere, ez da behien entzierrorik izango. Hala erabaki da, eta haien ordez, beste ekitaldi batzuk izango dira hiru arratsaldeetako hutsunea betetzeko.

Jai ekitaldiei dagokienez, adin eta gustu guztientzako jarduerak antolatu dira: haurrentzako jolasak, gazte gunea, erraldoi eta buruhandiak, trikipoteoa, paellada, herri kirolak, pilota partidak… Musikari dagokionez, honako taldeen emanaldiak daude iragarrita: Sustrai Berria, Modus Operandi, Eztitan, Rumbo Tijuana, Biziraun erromeria eta Ilargi taldea, besteak beste.

Angel Martin Unzue alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie jaien antolaketan parte hartu dutenei, eta festak parte hartzean eta bizikidetzan oinarritutako «jai ahaztezinak» bihurtzeko deia egin du.

Asteburuan Aranguren Ibarreko bizilagunak jaietan egongo dira. Atzo arratsaldean hasi ziren eta igandean amaituko dira. Gaur herri bazkaria eta afaria izango dituzte, baita ur-zezena, zezensuzkoa eta DJarekin dantzaldia ere; bihar mozorro-kalejira, ur-puzgarriak, kuadrillen arteko kalderete afaria eta dantzaldia; eta igandean, pilota partidak, etxez etxeko poteoa, haurrentzako jokoak, mus txapelketako finala, zezensuzkoa eta herri afaria.

TAFALLA ETA BURLATA, DATORREN ASTEAN

Jaietarako motorrak berotzen ari diren beste bi herri Tafalla eta Burlata dira. Bietan abuztuaren 14an hasiko dituzte jaiak eta egitarauak prest dituzte dagoeneko .

Tafallan abuztuaren 20ra arte luzatuko dira eta 130 ekitaldi baino gehiago daude iragarrita, egitarau ofizialean agertzen ez direnak kontuan hartu gabe, hala nola peñenak, txosnenak eta jaiak prestatzen lan egiten duten gainerako kolektibo, talde eta elkarteenak.

Gainera, asteburu honetan jai-aurreko hainbat ekitaldi antolatu dituzte; horien artean, gaur iaz jaiotako haurrei zapi banaketa, bihar Nafarroako Jota Lehiaketa nagusia eta igandean behi askatzea eta kontzertua.

Esan bezala, txupinazoa datorren ostegunean izango da, eguerdiko 12.00etan, eta aurten Peña Sport FC taldeko kideek izango dute ohore hori, klubaren mendeurrena dela eta. Arratsaldean jota jaialdia, haurrentzako ikuskizuna, salberako igoera, zezensuzkoa eta Amalur taldearen emanaldia izango dira.

Aurtengo egitarauko berritasun nagusietako bat entzierrilloaren atzerapena da. Goizaldeko 2.00etan izango da, gaueko orkestrek iraupen luzeagoa izan dezaten. Entzierroak, berriz, goizeko 9.00etan izango dira.

Aurten beste urteurren bat ere beteko da; ikastolako barrakarena, hain zuzen, 50 urte beteko baititu Tafallako erdigunean. Abuztuaren 13tik 20ra bitartean egongo da zabalik eta bertan edaria, oilaskoak eta bokatak eskatzeko aukera izango da.

Burlatan ere abuztuaren 14an hasiko dira jaiak, baina hauek sei egun iraungo dute, asteartera arte. Txupinazoa eguerdiko 12.00etan botako dute Larrañeta plazan eta Malkaitz eskubaloi taldeari eman diote ardura hori. Aurten suziri bakar bat botako da, arriskuak ekiditeko eta izua eragiten dieten pertsona eta animaliak babesteko.

Txupinazoaren ondoren, erraldoi eta buruhandien konpartsa abiatuko da. Egunean zehar hainbat ekitaldi izango dira; besteak beste, EZK txarangaren kalejirak, kafe kontzertua, haurrentzako gunea, txistularien kontzertua, entzierro txikia, zezensuzkoa eta gauerdiko bigantxak. Herri mugimenduak ostegunerako antolatutako ekitaldien artean aipatzekoak dira ikurrinari omenaldia, karropoteoa, txarangaren irteera eta gaueko kontzertuak.

Udalak prestatutako ehun bat jarduerari herriko hainbat kolektibo eta elkartek antolatutakoak ere gehitu behar zaizkie, baita ostalaritzako hainbat establezimenduk antolatutakoak ere.

Sei egunetan ez dira faltako dianak, pilota txapelketak, haur jolasak, dantzariak, kirol txapelketak, herri kirolak, entzierro txikiak, zezensuzkoak, alkoholik gabeko gazte gunea… Musika arloari dagokionez, talde ezagunak hurbilduko dira Burlatara; besteak beste, Bizardunak, Lumak, Hofe, Tapia eta Leturia, Alarma Morea, Maruxak eta Andoni Ollokiegi.

Aurtengo egitarauaren berrikuntzarik handiena Jai Batzordeak antolatu duen herri bazkaria da. Intxaurdiko lanak direla eta, aurten ezinezkoa da ohiko kaldereteak egitea eta, Burlatako bizilagunak elkartzeko asmoz, Ermitaberri ikastetxeko patioan bazkaria egingo da. Bazkalostean Dj Xaibor arituko da.