GARA
GASTEIZ

Presoekiko elkartasunari eusten diote Gasteizko txosnetan

Euskal presoak behingoz etxeratzeko aldarrikapena bistakoa da Gasteizko txosnetan, Ama Zuriaren jaiak abiatu zirenetik. Elkartasun hori ezabatzeko deia egin zuen herenegun Buesa Fundazioak sare sozialen bitartez. Gasteizko Udala, Arabako ahaldun nagusia eta PPko ordezkariak batu dira kanpaina honetara, baina helburua lortu gabe.

Gasteizko Udaletik Buesa Fundazioari helarazi ziotenez, udaltzainek egunero kentzen dituzte kartelak garbiketa lanak egiten direnean, baina berriro agertzen dira gero. «Batzuek jaiak politizatzeko saiakeran tematzen dira, tamalez», aipatu zuten Alkatetzako iturriek berri agentzien bidez.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak Buesa Fundazioaren salaketarekin bat egin du. Bere ustez, kartel horiekin «biktimei egiten zaie eraso». PP eta Voxekin bat egin du honekin Gonzalezek. Gasteizko Udalean PPren eledun Iñaki Garcia Calvoren aburuz, «samina zabaldu dutenei gorazarre egiten die aurten ere ezker abertzaleak. Nazkagarria da». Voxetik Amaia Martinez legebiltzarkideak horren aurrean «euskal erakundeek beste alde batera begiratzen segituko ote duten» galdetu du.