Inazio MURUA
ZORROZTARRIA

Gasteiz anitzeko komeriak

Gasteiz anitza aldarrikatu zuen Iñaki Kerejazuk edo Zeledonek astelehenean, Gasteizera jaitsi zenean, eta gauza bera egin zuen txosnetan, Fermin Muguruzaren ondoan. Anitza, bertan entzuten den euskarari dagokionez ere, herriko lagun Manuk (uste dut hala dela) esan zidanez; «Izan ere, nahiz batua nagusi den, euskalki eta hizkera mordoa entzuten dira». Beharbada horregatik gertatu zitzaion nahastea.

Aurten bezperan joan ginen biok, igandean, eta alde zaharrera gerturatu orduko topatu genituen Manuren aspaldiko lagun gasteiztarrak.

Ostegun gauean txosnetara joan ginen, Fermin Muguruzaren kontzertura. Harekin agertokian, greban dauden lorezainekiko elkartasuna eta Zeledon. Gure arteko batek oroitu zuen duela 30 urte txosnetan (artean beste leku batean zeuden) izan zen kontzertu gogoangarria. Ekaitz ikaragarria bota zuen eta kalte handia eragin zuen txosnetan. Ustekabean, Muguruza agertu zen Tijuana No talde mexikarrarekin eta Manu Chaoren Mano Negrarekin. Hiru orduko kontzertua eman zuten.

Kortatu, Negu Gorriak, Dub Manifest... Hainbat izenez euskal musika mundura eraman eta munduko txoko ezberdinetako musika Euskal Herrira ekarri duen ekaitz askatzailea, elkartasuna edo Fermin Muguruza.

Atzo, jaien akaberan, etxera itzuli ginen. Geltokian Manuren lagunekin topatu ginen. «Bueno, ba, gasteiztarrok, hurren arte!», Manuk, «hi, Ixidro, badituk hemezortzi bat urte jai hauetan batzen hasi ginela, ez?». Eta besteak: «Ixidro? Ni Tximi nauk, eta Usurbilgoak gaituk». Harri eginda, Manuk: «A, bai? Felipe ere bai?». «Bai, baina hau Tola dek, ez Felipe». Manu beti zutik jausten dakiten horietakoa da: «Bueno, igual hemezortzi ez, baina hamazazpi edo...».

Tira, bagoaztik/n Donostiara!