ALAIA SIERRA
GASTEIZ

San Migelen da Zeledon, eta Gasteizek atseden hartuko du jaien ostean

Sei egunen ostean, atzo bukatu ziren Gasteizko jaiak Zeledonen igoerarekin. Etxeko txikienek Erraldoi, Buruhandi, Zaldi eta Txoten Konpartsa datorren urterarte agurtu zuten.

Bertso saioa atzo Matxete plazan.
Bertso saioa atzo Matxete plazan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Atzo izan zen Gasteizko jaietako azken eguna eta Zeledon San Migelgo dorrera itzuli zen, datorren urtera arte. Bereziki beroak eta jendetsuak izan diren jai hauetako egitaraua beteta egon da bukaerara arte, Hoferen eta Pasarela orkestraren emanaldiekin, besteak beste.

Zeledon astelehenean jaitsi zenetik, egunak hasteko lehenengoak bola-joko arabarraren erakustaldiak eta bigantxak izan dira. Horren ostean pala eta esku-pilota partidak izan dira Foruen Plazako frontoian, baita herri-kirolak ere. Bitartean, txikiak erraldoien eta buruhandien konpartsaren atzetik ibili dira kalerik kale.

Eguerdira aldera askok atsedenaldia egin izan dute, batez ere azken egunetan, astea ongi amaitu ahal izateko. Iluntzearekin eta tenperaturak gradu gutxi batzuk jaisten zirenean, kaleak berriz bete izan dira jendez. Gauetako ekitaldi nagusiak kontzertuak izan dira Aihotz Plazan, Foruen Plazan edo txosnetan. Jendetsuenetako bat Fermin Muguruzarena izan zen, bi ordu eta erdiz txosnak jendez lepo egotea lortu zuena.

Merina Gris, Rozalen, Brigade Loco, Bizardunak, Bulego, Gorka Urbizu, Mago de Oz, Zea Mays, Izaki Gardenak eta Tatta & Denso ere Gasteiztik igaro dira egun hauetan, beste askoren artean. Errekonozimendua behar dute kaleko musikariek eta kuadrillek eramaten dituzten txarangek ere, tarte gutxi izan dute-eta atseden hartzeko. Hegotarrak kuadrillako Iñaki Kerejazuk Zeledon izateko ardura hartu duen bigarren urtea izan da. Jaiei hasiera emateko, Gasteiz «anitz» baten aldeko mezu irmoa helarazi zuen ehunka pertsonen aurrean, eta Palestinaren aurkako genozidioa salatu zuen. Muguruzarekin ere izan zen, oholtzan “Sarri Sarri” abesten, DJ Malandro bezala txosnetako gaua musikatu aurretik.