Jon GARMENDIA
Idazlea

Gordearen bila

Hondarribiak gordetzen duen altxorra da Higerko lurmuturra. Hirigunearen erdian, Erdi Aroko harresien artean, Bidasoko bokalearen itsasgora eta itsasbehera oharkabean pasatzen diren bezala, denbora baizik ez da pasatzen Higerko itsasargiari begira. Olioz funtzionatzen omen zuen hastapenean, eta haren aurretik sua pizten zuten itsasontziak lehorrerantz gidatzeko, baita fede txarrez haiek lapurtzeko intentzioa zeukatenek ere. Kontrabandisten, mugazainen, arrantzaleen zein itsaslapurren istorio eta kondairak gordetzen diren tokia da Higer, zalantzarik gabe.

Orain kanpinzaleak eta turistak pilatzen dira udan, musikaren doinuak bezala, eta hortxe aurkitu dut Octavio Nievsky, argi fokuetatik gordea dagoen musikari bikain bat, “rock fisioa” egiten duena, eta hau zer den jakin nahi baduzue hasi bera nor den eta zer egiten duen bila; eta entzun eta goza bidean. Hantxe zen Sergio Ordoñez “Patxuko” ere, “Besarka” bere proiektu dantzagarri berriarekin, dagoena zegoen, ze onda ona.

Ikusle eta entzule, han ere musikaren pentsalari bat, Ritxi Aizpuru, eta ederki ostendutako altxor bat jakinarazi zidan berak, ez bainekien oraino Naiz irratian “Otea Lili” izenburupean musikariak elkarrizketatzen dituela, baina galderek ez dutela musikarekin zerikusirik; hausnarketa soziologikoen, filosofikoen eta politikoen xerka dabilela. Ez dakit aurkitu ote dituen, baina ni, bilatzera noa banan-banan entzunda.