Txiki eta Otaegiren oroigarria kendu zuen Zarauzko Udalak
Jon Paredes “Txiki” eta Angel Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrena gogora ekarri nahi zuen Zarauzko Santa Barbara mendian ostiralean ezarritako pankartak, baina ez zuen 24 ordu baino gehiago iraun. Kentzeko agindua eman zuen Udalak. Polemika, bizi-bizi.

Datorren irailaren 27an mende erdia beteko da erregimen frankistak Jon Paredes Manot “Txiki” eta Angel Otaegi ETAko kideak, eta haiekin batera FRAPeko hiru kide, fusilatu zituenetik. 1975. urtea zen, eta frankismoa bere azken hatsetan zegoen. Urteurren adierazgarri bat, frankismoak fusilatutako azken euskaldunak memoria kolektiboan iltzatuta gelditu beharko liratekeelako, eta ez ahanzturan.
Jon Paredesen sorterrian, Zarautzen, urteurren berezi hori gogora ekarri nahi zuen pankarta handi bat agertu zen ostiralean. Santa Barbara mendiko magalean, herriko txoko guztietatik ikusgai. Ez zuen 24 ordu baino gehiago iraun, larunbatean Udalak (EAJ-PSEren arteko koalizioa, Xabier Txurruka da alkatea) kentzeko agindua eman zuelako.
Diego Paredesek, Txikiren anaiak, gertatutakoaren berri eman izan du X izeneko sare sozialetan egun hauetan. «Twitterra sutan daukat», aitortu zion atzo GARAri. «Irailean 50 urte beteko dira diktadore batek eta bere kideek hil zituztela. Ea zenbat irauten duen pankarta honek Zarautzen (Txikiren herrian), ‘demokrata’ hauekin», idatzi zuen ostiralean. Eta 24 orduren buruan, hauxe: «Frankistek fusilatu egin zituzten eta post frankistek euren memoriak ezabatu nahi dituzte».
Gertaerak polemika sortu du, kontuan izanik 2012an Txiki eta Otaegi indarkeria politikoaren biktima legez aitortu zituela Gasteizko Gobernuak. Arkaitz Rodriguezek, Sortuko idazkari nagusiak, bere iritzia eman zuen zabal sare sozialetan: «PPk edo Voxek frankismoaren azken fusilatuen memoria -eta ondorioz, erresistentzia antifaxista bera- kriminalizatzea aurreikusgarria da. Tristeena -eta etsigarriena- diskurtso hori bera abertzale baten ahotan entzutea da. 36ko gudariek burua altxatuko balute!», aipatu zuen, besteak beste. Sortuk berak, 50. urteurrenaren karira, ekitaldi nazionala egingo du irailaren 27an, Iruñean.
Zarauzko Udalak ez zuen adierazpen ofizialik egin gertakari honi buruz. Halere, Iñaxio Illarramendik, PSEko bozeramaileak, sare sozialetan hauxe aipatu zuen: «Udalak pankarta kendu du landa-ingurune batean zegoelako. Berdin jokatuko genuke beste edozein aldarrikapen edo oroigarrirekin, nahiz eta horiekin bat etorri».

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
