GARA
AZPEITIA

«Ebazpena oso sendoa da, defendatu ditugun irizpideak aintzat hartu dira»

Sañu Bizirik plataformak agerraldia egin zuen atzo, balorazioa egiteko.
Sañu Bizirik plataformak agerraldia egin zuen atzo, balorazioa egiteko. (Jon URBE | FOKU)

«Ebazpena sendoa da, oso sendoa. Guk hasieratik defendatu ditugun irizpideak aintzat hartu dira, eta, kasu honetan behintzat, makroproiektu hau gelditzeko balio izan dute», horrela baloratu zuten Lakuaren erabakia Txillarramendiko Auzo Elkarteak, Errezil bizirik eta Sañu bizirik taldeek, atzo hedabideen aurrean egindako agerraldi baten bidez. «Herritarren lanari, mobilizazioari eta kemenari esker, proiektuari ateak itxi zaizkiola esan dezakegu», adierazi zuten eta herritarrek azken hiru urteetan egindako lana txalotu zuten, Azpeitiko udalaren jarrera kritikatzearekin batera, Sañu bizirik taldearen esanetan Udalak alegazioak «herri presioaren ondorioz» aurkeztu baitzituen.

Lakuaren ebazpenari dagokionez, «oso kontuan hartzeko gauzak» esaten direla azaldu zuten, «batik bat inguruan daukagun natura ondareari buruz, askotan ezagutu ere egiten ez duguna». Aipatu zuten ez dela onargarria enpresa pribatu baten esku uztea gisa horretako eremuak: «Hortxe daukagu orain, adibidez, Sañun haizea neurtzeko 100 metroko dorrea interes publikotzat jota. Azpeitiko Udalari exijitzen diogu utz dezala bertan behera Statkraften asmo hori eta uka diezaiola eskatuta daukan obra baimena». Proiektua gelditutzat emanez, bereziki herritarrei eskertza egin nahi izan diete: «Guk argi dugu zein aritu den lanean etenik gabe».

ELKARTASUNA

Aldi berean, makroproiektuen mehatxupean dauden eremuak eta herritarrak gogoratu zituzten, eta elkartasuna adierazi. Hain zuzen ere Oleta eta Izazpi, Meaka-Irimo, Beizama-Bidania, eta baita onartzear dagoen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak jopuntuan dauzkan dozenaka kokaleku, Arauntza-Sañu-Etumetatik oso metro gutxira dagoen Indo-Komizolatza bera, zerrendatu zituzten.

Haiekin batera lanerako prest daudela adierazi zuten: «Ezin dugu onartu, krisi ekologiko betean, lurraldea eta landa eremua multinazionalen eta inbertsio funtsen mesedetan modu horretan desjabetzera datorren ustezko energia trantsizioaren errelato inposatu hau. Lurraldea defendatu egin behar da».