Inklusioa goraipatuko du Emakumezkoen EH Kopak
EH Kopako XV. edizioak Mikel Garcia omenduko du, kirolean inklusioa goraipatzea helburu. Larunbat honetan, 19.00etan, Athletic-Eibar, Amurrion, eta Alaves-Reala, Dulantzin, gurutzatuko dira. Finala, abuztuaren 24an, 12.00etan, Guardian.

Emakumezkoen Euskal Herria Koparen XV. edizioa aurkeztu zuten atzo EH Kirolak ekimenak eta aurtengo protagonista berezia izango den Mikel Garcia gazteak. EH Kirola elkarteak antolatutako ekitaldian, Athletic, Reala, Eibar eta Alaves taldeetako ordezkariak izan ziren, baita omenaldia jasoko duena ere. Finalean, ohorezko sakea egiteaz gain, irabazleei txapela jarriko die Mikel Garciak, inklusioa sustatzeko asmoarekin.
Lehiaketako partida guztiak Araban jokatuko dira. Hiru mailatan banatutako txapelketa honetan, A kategorian abuztuaren 16an lehen finalerdia Amurrion jokatuko da, 19.00etan, Athletic eta Eibarren artean, eta ordu berean, Dulantzin, Deportivo Alaves eta Reala lehiatuko dira.
Bi buruz buruko horien arteko garaileen arteko finala abuztuaren 24an (igandean) jokatuko da 12.00etan, Guardiako Oscar de Marcos zelaian (ETB1ek zuzenean emango du). Hirugarren eta laugarren postuak horren bezperan, abuztuaren 23an, 18.30ean, zelai berean erabakiko dira.
KIROLAK ETA INKLUSIOAK BAT
Antolatzaileen hitzetan, edizio honek ez du soilik puntako lehiaketa bat eskainiko, balio sozial garrantzitsuak ere sustatuko ditu: «Mikel Garcia bezalako kirolariek erakusten digute kirola guztiontzat dela, eta inklusioa garaipena dela», aipatu zuten antolatzaileek.
Garcia kirolari nabarmena da T21 kategorian, Down sindromea duten kirolarientzat espezifikoa den modalitatean. Bere lorpenen artean, 800 metroko munduko errekorra du bere kategorian, nazioarte mailako beste titulu garrantzitsu batzuekin batera.
Antolatzaileen esanetan, omenaldi honek «bere ibilbideari merezitako aitortza» eskaini nahi dio, eta aldi berean, desgaitasuna duten kirolarien ikusgarritasuna handitzeko eta Paralinpiar Jokoetan parte hartzeko eskubidea aldarrikatzeko balio izango du.
B ETA C KATEGORIAK
B izeneko kategorian, finalerdietan izango dira Athletic B eta Osasuna B, aurrez aurre, Urduñan, abuztuaren 23an, eta Real Sociedad B eta Eibar B, Mutrikuko San Migel zelaian, egun berean. Finala Elorrion jokatuko da hilaren 30ean, eta hirugarren posturako lehia Garesen izango da egun berean.
C kategoriak formatu ezberdina izango du, bi multzotan banatuta. Ostiral honetan hasiko da eta multzo bereko talde bakoitzak beste guztien aurka ligaxka bat jokatuko du. Liga hasi aurreko asteburuan, beste multzoko kideen aurka sailkapen partida bat jokatuko dute. Honela geratu da banaketa: A multzoan, Athletic C, Artizarrak, Bizkerre B, Arratia eta Alaves B; eta B multzoan, Añorga, Oiartzun, Oberena, Mulier eta Berriozar.
SARRERAK ETA ZOZKETAK
A mailako finalerako sarrerak salgai daude jada www.ehkirola.eus-en, eta baita Guardiako Jubilatuen Etxean ere. Sarrera orokorrak 10 euroko balioa izango du, 18 urtez azpikoentzat 5 eurokoa izango da, eta 8 urtez azpikoentzat, doan.
Halaber, zozketak egongo dira: Guardiako Amelibillia, Sulan eta Villa Lucia jatetxeetan bi pertsonentzako afariak, eta finala jokatuko duten taldeetako kamiseta bana.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
