Bi areatan gabeziak, Coudeten bigarren denboraldirako

Gol falta nabaria duela islatu du Alavesek denboraldiaurrean, baina inor ez da harritu. Izan ere, Espanyolera joan den Kike Garciaren hutsunea ez da erraz betetzen den horietarikoa. Baina, itxuraz, sendotasuna ere galdu du atzealdean taldeak, iaz maila ona eman zuten bi zentralak -Mouriño eta Aqbar- ez daudelako.
Horien ordezko garbirik ez dela ikusita, pentsatzekoa da kirol zuzendaritzak ez duela oraindik bere lana amaitu. Hiru jokalari berri etor litezke Gasteizera irailaren 1erako, baina aurretik, larunbat honetatik aurrera forma hartu beharko du taldeak, eta ahal bada emaitza txukunak lortu. Eduardo “Chacho” Coudetek ez zuen iaz soberako krediturik lortu, eta kontratua berritu zitzaion arren, hasiera ona beharko du karguan sendotzeko.
Facundo Garcesek har dezake protagonismoa atzean, denboraldiaren bukaera ona egin ostean, baina gainerako fitxaketa nagusiak bi aldeetarako heldu dira: Jonny Otto, eskarmentua bermatzen duen gizona, eskuinean, eta Youssef, 19 urteko jokalari bizkorra, Madrilgo “Fabrikan” hazia, ezkerrean. Momentuz Parada eta Tenaglia ari da erabiltzen -edo probatzen?- entrenatzailea.
Zer esanik ez aurreko aldean. Une honetan Toni Martinez eta Mariano dira aukera bakarrak, azken honek ustekabean entrenatzailearen onespena jaso duelarik, 32 urte dituela eta azken denboraldia “langabezian” pasatuta.
Panichelli Mendizorrotzan ikustea amesteko tarterik ez dute izan zaleek, Mirandesetik zuzenean Estrasburgora “hegan” egin baitu. Hori bai, 16 milioi euro kutxan utzita. Aqbar eta Kike, ordea, musu-truk.
Zelai erdian osatuago dago taldea, baina litekeena da jokalari asko profil berekoak izatea. Osasunatik etorritako Pablo Ibañez, esaterako, Guridiren tankerakoa da, Protesoni eta Blanco ere antzekoak... Gatza eta piperra jartzeko ez da futbolari gehiegi antzematen, Carlos eta Carles, Vicente eta Aleña, ez badira.
Zalantza asko eta gauza seguru bakar bat, kontratua berritzeko orduan entrenatzaileak aitortutakoa: «Alaves talde fisikoa da, dena borrokatzen duena, nortasuna duena. Eta gero, ahal bada, ondo jokatzen ahaleginduko gara».

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
