NORA UNANUE
DONOSTIA
Elkarrizketa
Uxue ESTRADA, Peru BLANCO eta Nora AZURZA
Indabe taldeko musikariak

«‘Ez Banaiz’ diskoarekin eduki dugun aukerarik onena Piratetan jotzea da»

Martxoan “Ez Banaiz” lehen disko luzea argitaratu ondoren, publiko zabalago batera iristeaz gain, haien ibilbidea aukera berriz josi zaie. Gaurkoa orain arteko «onena» izango dela diote: Flamenkako oholtza gainean jotzea, bezperan lehen aldiz Euskal Herritik kanpo jo ostean, Bartzelonan. Piratek Donostiako taldeekin duten konpromisoaren adibidea da.

(Mikel ZUBILLAGA)

 

Martxoan kaleratu zuen Indabe taldeak “Ez Banaiz” lehen disko luzea. Lan honek, taldearen ibilbidean ate berriak zabaltzeaz gain, bestelako konfiantza eta ikusgarritasuna eman dizkie, Uxue Estrada, Peru Blanco eta Nora Azurzaren hitzetan. Tokian tokiko txosna eta gaztetxeetan jotzen urteak eman ondoren, disko honekin publiko zabalago batengana iritsi dira, eta aurtengo Donostiako Aste Nagusian hitzordu garrantzitsua izango dute: Piraten Flamenka eszenatokia lehen aldiz zapalduko dute larunbat honetan, bezperan Grácian, Bartzelonan, aritu ondoren.

Etxekalte taldearekin egindako elkarlan berezia, «setlist»-aren diseinuan jarri duten arreta eta uda amaitu ondoren diskoa giro intimoagoan aurkezten jarraitzeko nahia dira bizitzen ari diren momentu gozoaren adierazle.

“Ez Banaiz”-ek ateak ireki dizkizuela esango zenukete?

Uxue Estrada: Egia da diskoa atera baino lehen bagenituela kontzertuak eta mugitzen ginela hemengo txosna eta gaztetxeetan, baina behin diskoa atera genuenean aukerak ugaritzen eta hobetzen hasi ziren. Nik uste dut jende gehiagori iritsi zaiola taldea, eta agian disko honekin eduki dugun aukerarik onena Piratetan jotzea izan da.

Peru Blanco: Nabaritu dugu herrietara edo txosnaguneetara iristen garenean jendea gu ikusteko zain egoten dela eta kontzertua amaitutakoan guregana gerturatzen dela hitz egitera. Lehen ez zitzaigun halakorik gertatzen.

Nora Azurza: Ateak ireki edo ez, guri ere eman digu aukera beste modu batera diskoa aurkezteko, konfiantza gehiagorekin eta lasaiago, gehiago sinistuz egiten dugun horretan.

Donostiako Aste Nagusian egia da Trinitate plazan bitan jo duzuela… Aurten, Flamenkara igoko zarete lehenengoz. Egindako lan guztiaren fruituak jasoko dituzuela iruditzen zaizue?

N.A.: Nik baietz pentsatu nahi dut, gure indar eta lan guztiak batu ditugu horretan; gainera, entseguak eta antolakuntza nola doazen ikusita, espero dugu hala izatea. Trinitate plazatik Flamenkako eszenatokira kristoren saltoa dago, eta ilusio handia egiten digun kontzertua da.

U.E.: Hasieran, bertigo pixka batekin hartu genuen proposamena, baina jakitera eman zigutenetik gaur egun arte gure ilusio guztia honetan zentratu dugu eta, Norak esan bezala, lan pila bat egiten ari gara, bai lokalean bai lokaletik kanpo, kontzertu hau berezia izan dadin.

Flamenkako eszenatokira igotzea gutxi balitz, bezperan Gráciako auzoan, Bartzelonan, joko duzue. Nola sortu zen aukera hori?

P.B: Martxoan “Ez Banaiz” argitaratu genuenean, Ayuken bulegoarekin hasi ginen lanean, eta hortik iritsi zen proposamena. Agian, horrelako aukerak gugandik urrun ikusi daitezke, baina bulegoaren laguntzarekin lehenengo aldiz Euskal Herritik kanpo joko dugu, ea zer gertatzen den.

U.E.: Egia da talde barruan debatea egon zela, joan edo ez. Piraten egun bezperan izanda urduritasun gehigarri bat dakar, baina ezin genuen ezetz esan. Gogo handiz gaude, agian gure bizitzako asteburua izango da, ostiralean Bartzelona eta larunbatean Flamenka.

Azken disko honetan Etxekalte taldea izan duzue bidelagun. Horrelako elkarlanak errepikatzeko asmorik ba al duzue?

N.A.: Ez dugu ez hitz egin ezta pentsatu ere. Elkarlan hori oso berezia izan da guretzat, “Noizean behin” abestia prest genuen eta argi izan genuen hasieratik Etxekaltek bertan parte hartzea gustatuko litzaigukeela. Kristoren esperientzia polita izan zen eta izugarri ikasi genuen. Orduan, beti prest egongo gara horrelako beste zerbait egiteko, baina ez daukagu ezer itxita.

Flamenka bezalako eszenatoki berezi batean formatu berririk edo sorpresarik eskainiko diezue ikusleei?

P.B: Bai, kontzertu berezi bat egiten saiatu gara, baina garena mantenduz, gure esentzia eta presentziarekin. Sorpresak eta beste kontzertuetan jotzen ez ditugun abesti batzuk presente izango dira. Orain arte bidelagun izan diren gertukoekin konpartitu nahi dugu kontzertu hau.

U.E.: Guretzako opari bat da horrelako kontzertu bat konpartitzea. Gauza politak prestatu ditugu eta aurkezteko gogo handiz gaude.

Zeren arabera erabakitzen duzue «setlist»-a?

N.A.: Faktore nahikotxo daude, gure helburua eroso gauden ordena bat egitea da. Jendea kontzertura engantxatuta ahalik eta denbora luzeenean egon dadin saiatzen gara.

U.E.: Dinamikoa ere izan behar du, abesti lasaiak baldin badaude ezin dituzu hiru jarraian jo, bestela jendeak lo hartuko du. Jendeak gustuko duen, gu gustura gauden eta, batez ere, musikalki zentzua duen ordena bat bilatzen saiatzen gara. Badaude detaile asko kanpotik ikusten ez direnak: abestien tonuak, zubitoak, edo hiru abesti jarraian ezin dituzula jo fisikoki gogorra delako. Egia da kontzertu honetarako berrehun buelta eman dizkiogula zerrendari, eta nik uste dut azkenean ondo geratu dela.

Hitz gutxitan, zer suposatu du “Ez Banaiz”-ek zuentzat?

P.B: Mundu berri bat.

U.E.: Mugarri bat Indaben (barrezka).

N.A.: Taldea bizitzeko beste modu bat.

Uda eta gero diskoa aurkezten jarraitzeko asmorik baduzue?

P.B: Gaztetxeetan eta beste testuinguru batzuetan jotzen hasiko gara eta, nik pertsonalki, gogo handia dut. Agian jendea festetan gu ikustera gerturatzen da juergan dabilelako, gaztetxe batera sarrerarekin edo sarrera gabe jendea gu ikusi nahi gaituelako gerturatzen da, hori sentitzea eta jendearen feedback-a jasotzea oso ondo dago.

U.E.: Oraindik ez ditugu guztiz itxi udazkeneko datak, baina badauzkagu hiruzpalau leku polit. Peruk esan bezala, beste testuinguru batean ere diskoa aurkezteak ilusio handia egiten digu hiruroi.