GARA
IRUÑEA

Orreagako gudua oroitzeko, urteroko ekitaldia egin dute

Etxebarrengoa Elkarteak eta Orreaga Fundazioak antolatuta, Orreagako gudua oroitzeko ekitaldia egin zuten atzo. Omenaldian jakitera eman zutenez, aurten hasiko dira Orreagako Guduaren Memoriala eraikitzeko lanak Ibañeta gainean.

Dozenaka pertsonak hartu zuten parte ekitaldian.
Dozenaka pertsonak hartu zuten parte ekitaldian. (ORREAGA FUNDAZIOA)

Urtero egin ohi duten legez, aurten ere ekitaldi bat antolatu dute Aezkoako Etxebarrengoa Elkarteak eta Iruñeko Orreaga Fundazioak, hain zuzen ere, Orreagako gudua eta bertan zendu zirenak oroitzea helburu.

Txalaparta eta gitarra doinuekin ekin zioten atzo omenaldiari, eta aurreskua ere dantzatu zieten Orreagan hildakoei. Jarraian, Koldo Amatria Orreaga Fundazioko presidenteak hartu zuen hitza. Gogora ekarri zuen oroitarria orain dela bi urte inauguratu zutela, eta ia babes instituzionalik gabe atera zutela aurrera egitasmoa. Halaber, Iruñean dagoen Eroritakoen monumentua botatzea galdegin zuen fundazioaren izenean, «iraina baita frankismoaren eta faxismoaren biktimentzat».

Horrez gain, jakitera eman zuen, oraindik baieztapen ofiziala falta bada ere, badirudiela aurten hasiko direla Orreagako Guduaren Memoriala eraikitzeko lanak Ibañeta gainean. Ekimena Etxebarrengoa Elkartearena eta Orreaga Fundazioarena da, eta Nafarroako Gobernuaren finantzaketa izango du. Bertan, Orreagako Guduaren azalpen xume bat egongo da, panel batzuen bidez izango dute eskuragarri bisitariek, eta guduaren inguruko testuinguru historikoaren eta izan zituen ondorioen berri ere emango dute taula horietan.

Amatriaren adierazpenen ostean, bertsoen txanda izan zen, eta gero, Xabier Irujo Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendariak hartu zuen hitza. Irujok gogora ekarri zituen Euskal Herriaren historiaren hainbat mugarri: «Duela 1.247 urte, Karlos Handiak bere bi legioak ekarri zituen Baskoniara herri hau menderatzeko asmoz. 778an Iruñea erre zuen, baina legioak galdu zituen gure mendietan. 812an, bere semea zen Ludovico Pio bigarrenez sartu zen Errozabaldik, eta ihes egin behar izan zuen, aitak bezala». Azalpenarekin jarraitu zuen: «824an, hirugarren aldiz bidali zuen frankoen enperadoreak bere armada gure lurren kontra. Eta, orduan ere, gurea izan zen garaipena: Eneko Enekoitz “Aritza” errege koroatu zuen herriak, gure askatasunaren eta burujabetzaren ikur».

ARBASOAK OROITUZ

Horrez gain, goraipatu nahi izan zuen, gudua gertatu zenetik hamabi mende igaro badira ere, ekimenera batu dela jendea: «Hemen bildu gara gu, gaurko euskaldunak, gure arbasoen oroipenean, gure legea eta gure hizkuntza eta ohiturak gorde nahi ditugula erakusteko».