Irrikitaldia, «ñoñostiarrismoari» irri egiteko kale antzerkia
Iritsi da begiko partxea eta buruko zapia kentzeko eguna. Jantzi dotore eta hurbildu Donostiako erdigunera, gaur da eta aristokraten egun handia, gaur da Irrikitaldia. Aste Nagusi ofiziala amaitu ondoren, Donostiako Piratek festei amaiera eman nahi izaten diete: kritika sozialaz eta satiraz jositako kale antzerkia prestatu dute igande honetarako. Boulevardetik 17.00etan abiatuko da, eta prozesioan joango dira Santa Maria elizara.

Iritsi da bakea, iritsi da harmonia, pirata zalapartariek alde egin dute Donostiatik, edo agian, hobe esanda, San Sebastianetik. Garbi sumatzen da goizean goizetik hiriko erdigunea; pamelak eta zapelak buruetan, perlazko belarritako eta lepokoak, galtza uhaldunak eta guardasolak… Berrehun urte atzera egin izanaren sentipena eragiten du igande honetan Donostiako alde zaharrak. Irrikitaldia da.
Aurten 20 urte beteko ditu Irrikitaldiak. Helburua da tradizioa berreskuratzea eta pirata malapartatuak hiritik kanporatzea. Auzolanaren bideari tira egiten diote; 2018an hasi zen Aiert Ordoñez Irrikitaldiko lan taldean parte hartzen, eta harentzat Aste Nagusiko «egunik onena» da. Nahiz eta ofizialki jada Aste Nagusia amaituta egon, festazaleen agendetan apuntatuko hitzordua izan ohi da: «Piratontzat egun oso polita izaten da, inork ez duelako ardurarik edota txandarik… Aste osoko ardurak alde batera utzi eta disfrutatzeko eguna izaten da».
Aurreko belaunaldiarengandik jaso zuen egungo lan taldeak Irrikitaldia denaren definizioa. Halaxe azaldu du Ordoñezek: «Guk aurreko belaunaldiarengandik jaso dugu antzerki satiriko bat dela, kalean egiten dena eta helburutzat kritika soziala egitea duena. Urtean zehar gertatzen diren ‘politikeoko’ istorioak ere kritikatzen ditugu, antzerki xume baten bitartez». Xumea dio, baina irudimena eta jendetza bateratzen dira urtero; ekintza arrakastatsua da, baina Ordoñezek zehaztu du parte hartzaileak ez direla «ez aktoreak, ez eta profesionalak ere».
Boulevardeko kioskotik abiatzen dira urtero, eta Santa Maria elizara arte «pasilloa eta salbea» egiten dute Kale Nagusian barrena. Elizako atarian amaitzen dute antzerkiaren bigarren zatia. Aurten ere ibilbide bera izango dute, hirian topatzen dituzten turistak saihestuz. Parte hartzaile guztiak joaten dira modu batera edo bestera mozorrotuta, bakoitzak nahi duen bezala joateko deia egin dute Irrikitaldiko kideek. «Gaia jakina da», norberak landu behar du irudimena.
EHUN URTE ATZERA ETA EGUNGO POLITIKEOA
Baina festa honek non du jatorria? «Koktel batean sartutako nahasketa arraro bat da», erantzun du zuzen. Eta azaldu du bi garai daudela ekimenaren jatorrian elkarloturik. Batetik, belle epoqué deiturikoa dago, Espainiako erregina Maria Cristina uda pasatzera Donostiara etortzen zen garaia. 1893an hasi zen Gipuzkoako hiriburura oporretan etortzen, «eta berarekin batera aristokratak», adierazi du Ordoñezek. Donostia hiri turistiko bat bihurtzeko prozesuan pertsona garrantzitsua izan zen erregina, hark sustatu zituen eraikin handi eta elegante hainbat ere, besteak beste udaletxea, bere izena daraman hotela, edo gaur egungo Koldo Mitxelena liburutegia.
Hortik beraz, belle époque-ko elegantzia. Eta, bestetik, Ama Birjinaren egunean egiten zen salbea, agintari guztiak elkartzen zirena. «Garaiko autoritateekin prozesio antzeko bat egiten zen, bertan elkartzen ziren poliziak, apaizak, alkatea, politikari ezberdinak… eta Santa Maria elizan ospatzen zen mezaraino prozesioan joaten ziren», azaldu du. Odon Elorzak prozesio hori bertan behera utzi zuen 1995ean, sortzen ziren iskanbilengatik, eta Eneko Goiak alkatetza eskuratu zuenean berriro martxan jartzeko imintzioa egin bazuen ere, momentuz, Irrikitaldikoek bakarrik jarraitzen dute prozesioan. Eszenatoki horri erantzuten diote urtero, «gaitegi hori, erabiltzen dugu kritika satiriko bat egiteko», argitzen du.
GOIA SARIA
Inprobisazioari eta parte hartzeari leku egiten diote, eta sinestezina badirudi ere, Aste Nagusian bertan elkartzen dira lehen aldiz: «Gidoi bat zehazten dugu, baita gutxi gorabehera zein pertsonaik parte hartuko duten ere, eta antzerkiaren ildo orokorra. Pertsonaia bakoitza nork egingo duen erabakitzen hasten gara, eta ondoren libre uzten zaio parte hartzaileari berak egin eta esan nahi duena egiteko. Nahiko inprobisatua izaten da», kontatu du Ordoñezek. Ahalegintzen dira antzerkian protagonista izan ez, baina parte hartzea bultzatuko dutenekin ere konplizitatea bilatzen, ikuslearekin hartu-emanean.
Aste Nagusiko jai giroan egin behar izaten dituzte antzerkirako «fitxaketa» batzuk, eta azken momentura arte ibiltzen direla aitortu du Irrikitaldiko kideak. Nolanahi ere, beraien helburua «jende berria etengabe lan taldera batzea» dela ohartarazi du.
«¡Turistas sí, Piratas no!» oihuak entzun ziren iazko Irrikitaldian, eta tartean omen zeuden Eneko Goia alkatea eta Jose Ignacio Munilla apezpikua exiliatua; baita zezena, toreroa edota Loiolako militarrak ere. Azken edizioetan «Goia saria» banatu izan dute; iaz Iñigo Urkulluk irabazi zuen, «Euskadiren alde urte luzez lan egin eta gero jubilatu delako».
SORPRESAK ETA UMORE ONA
Umorea lagun hartuta, urtero izaten da sorpresaren bat, eta Aste Nagusi osoan isilik eutsi behar izaten dute lan taldeko kideek. Hala eutsi dio Ordoñezek ere, baina zer edo zer iradoki du: «Beti saiatzen gara zerbait berezia egiten, eta zer esanik ez 20. urteurrena izanda. Kasualitatea da, baina guk 20 urte beteko ditugu eta Eneko Goiak 10 urte bete ditu alkatetzan…».
Piratek utzitako lurra konkistatuko dute gaur aristokratek, beraientzat ohikoa ez den modu batean ordea, umoretik eta kritika sozialetik. Hori ere topatu baitaiteke «ñoñostiarrismoaren» giroan.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
