Akats gutxiago egiteari esker nagusitu dira Jaka eta Zabaleta Aritzbatalden
Larrazabal eta Rezustaren aurka neurketa gogorra jokatu behar izan zuten, eta Larrazabalen kolpearen mende dantzan aritzea egokitu zitzaien, baina Amurriokoak 10 pilota galdu zituen eta, horri esker, Masterseko bigarren puntua lortu zuten garaileek.

«Oso ondo!», errepikatzen zion Erik Jakak Jose Javier Zabaletari belarrira, 616 pilotakada eta ia ordubete eta laurden iraun zuen atzoko partida aurrera atera eta gero. Bi hormako dotore batez amaitu zuen Lizartzako aurrelariak eta Caixabank Masterseko ligaxkan bigarren puntu garrantzitsua atera zuten, gainera. Ez zuten gutxiago merezi izan Larrazabalek eta Rezustak, baina urdinek larregi galdu zuten; hain zuzen 10 pilota galdu zituen Larrazabalek, nahiz eta oro har partida oso ona jokatu.
«Oraindik badugu zereginik. Ez gaude nahiko genukeen bezain ondo, baina bizirik gaude, eta garrantzitsuena hori da», adierazi zuen Zabaletak berak ere, partida amaitutakoan.
Hasieratik nabarmendu zen urdinen akatsa. Izan ere, Zabaletak bigarren tantoan lortu zuen errebote garbia ez beste, hasiera nahiko hotza eta akatsez betea izan zen, batez ere Larrazabal eta Rezustaren aldetik. Bikote urdina kolpez bizi atera bazen ere, kostatu zitzaien pilotalekuaren neurrian asmatzea. Hala, akordatzerako 4-0 atzetik ziren.
Jakaren hutsegite batek sakea eta pilota aldatzeko parada eman zien Larrazabali eta Rezustari, eta baita ederki baliatu ere. Bereziki aurrelari arabarrak eskutik pilota bizi asko ateratzen zaiola erakutsi zuen, akaso materialak behar baino gehixeago lagunduta. Jaka ikusle eta defendatzaile bilakatu zuten, eta Lizartzako aurrelariak aukerarik izan zuenetan komeni baino gehiago arriskatu behar izan zuen. Ondorioz, hasieran galdu zuten aldea aitaren batean berreskuratu zuten urdinek, baita aurretik jarri ere, Larrazabalek eskuin boleaz txokoan 4-5ekoa lortuta.
Partidaren zati handi batean Larrazabalek egin eta galdu zituen tanto gehienak, sekulako ahala baitauka Amurrioko aurrelariak, baina ez agian behar adina kontrol. Jaka ikusle bihurtu zuen berak eta baita Rezustak ere, Zabaletarekin atzeko koadroetan sekulako ikuskizuna eskainiz. Nolanahi dela, diferentzia inork ezarri bazuen, aurrelari urdina izan zen, batik bat eskuin boleaz eta sotamanoz aurrean, edo atzera jota, tanto erdian erritmoa aldatzen zuenean.
NEKEAREN ERASANA
Urdinek ezin ihes egin, ordea. Atsedenaldi bietan gorriak aurretik ziren, 12-11 eta 18-17 hurrenez hurren, eta 18-19 aurreratuta ere, ezin dema erabaki.
Partida asko gogortu zen azkenean. Eta Zabaletak 19nakoa behartu ostean, hobeto amaitu zuten gorriek, Jakak ere aurrean tantoa amaitzeko aukerak bikain baliatuz.
Azken tantoan Rezustak ozta-ozta Jakaren sakea eraman ondotik, bi hormako bikain batez bukatu zuen, azken pilotakada balekoa ematea erresistentziaren eta garaipenaren sekretua baita.
Elezkano omenduz, Bizkaia Torneoko finala
Bilboko Aste Nagusiaren barruan, Miribillako Bizkaia pilotalekuan Bizkaia Torneoko finala jokatuko da gaur. Sollube eta Oiz taldeak neurtuko dira 18.30ean hasiko den jaialdian. Hala, hasteko Agirre eta Peio Etxeberria neurtuko dira Lau eta Erdiko norgehiagokan; binaka, Artola eta Albisu Elordi eta Zabaletarekin neurtuko dira ostean; eta amaitzeko, Bakaikoa eta Exposito buruz buru pilotaleku guztian arituko dira -Salaberriaren lekuan-.
Bestalde, Danel Elezkano Zaratamoko pilotari ohiari omenaldia egingo diote finalean. Arazo fisikoen erruz pilota utzi behar izan zuen bizkaitarrak.
Gogoan izan behar da ekainaren erdialdean jokatu zituztela Bizkaia Torneoko finalerdiak. Orduko hartan Sollube taldeak Kolitza bazterrean utzi zuen, buruz buru Agirrek eta Bakaikoak lorturiko puntuei esker. Bestalde, Oizek ere Peio Etxeberriaren eta Salaberriaren buruz buruko lanari etekina aterata irabazi zuten.
Hamar tantora jokatzen diren bi set jokatu beharko dituzte hasteko norgehiagoka bakoitzean, eta kitarako seta jokatu behar izanez gero, bost tantora jokatuko lukete ostean. Jakina den bezala, 22ra jokatzen ohitutako pilotarientzat mentalitate aldaketa suposatzen du formatu horrek.
Era berean, pilotariak ez dira agian nahi bezain fresko ariko. Esaterako, Artolak azkenaldian giharretako arazoekin dabil, eta ikusteko dago zer-nolako maila emango duen. A. G.

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
