Ane URKIRI ANSOLA
BIZKAIA TORNEOA

Oiz nagusi: Etxeberriak dema irauli du, eta Elordik korapiloa askatu

Kaiolakoan Agirrek gauzak zail jarri zizkion Peio Etxeberriari, baina azkenean, Aspekoak 10 tanto jarraian eginda, bigarren eta hirugarren jokoak irabazi zituen. Binakakoan Baikokoak agintzen hasi ziren arren, Elordi fin batekin topo egin zuten.

Oizeko ordezkariak, podiumeko lehen kaxoian, Elordi koparekin garaipena ospatzen ari dela.
Oizeko ordezkariak, podiumeko lehen kaxoian, Elordi koparekin garaipena ospatzen ari dela. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Gogotik sufrituz baina irabazteko kemenari ongi eutsiz, Oiz taldeak eraman zuen Bizkaia Torneoa. Sollubeko ordezkariek hartu zuten aginte makila kaiolakoan zein binakakoan, baina Aspekoek hobeto bukatu zituzten bi demak eta, horri esker, txapelketa bera irabazi zuten.

Pozez txoratzen agertu zen Aitor Elordi ETBko kameren aurrean, Bizkaiko torneoa irabazteagatik, Oiz mendiaren ordezkaritzaz bereganatzeagatik eta, batez ere, partida txukuna jokatu izanagatik.

Mallabitarraren sentsazio, hanka eta esku onak gakoak izan ziren binakakoan, partida erabakigarrienean, Peio Etxeberriak lau eta erdikoan lortutako abantaila berretsirik. Zenotzekoak atzetik aurrera egin zuen Asier Agirre on bat garaitzeko. «Gogorra izan da. Asier ongi hasi da. Lehenbiziko jokoan berak jarri du erritmoa. Gero partida aldatu da, aukerak izan ditut eta aprobetxatu egin ditut», adierazi zuen Aspeko aurrelariak. Aipatutako aldaketa hori, baina, ez zen kasualitatez etorri, baizik eta Etxeberriak ongi landuta. 9-1eko desabantailaren aurrean, ez zuen amore eman, 10 tantoko jokoetan banatutako partida batean errazena eskuak jaistea izan zitekeenean. 9-8ra hurbildu zen, baina Agirrek lortu zuen jokoa ixtea, txapa gainean ongi moztutako pilotakada batez.

Iruindarrak partida serioa jokatu zuen, Zenotzekoa mugaraino eramanda. Bigarren jokoa ere bide beretik hasi zuen, 3-0 aurreratuta; baina orduan, konfiantzak gidaturik, akatsa egin zuen, Etxeberriaren pilotakada gogorra luzeegi izango zelakoan pasatzen utziz. Baikokoaren gainbehera etorri zen eta Etxeberria erabat hauspotu zen. 10 tanto jarraian egin eta partida berdindu zuen. Hirugarren jokoan, kitarakoan, ez zion aukerarik eman Agirreri (0-5).

ELORDI OLDARKORRA

Oizek lehen puntua eskuratuta, Solluberi zegokion erreakzionatzea, eta Artola zein Albisuk ondo eraman zuten erantzukizun hori. Irabazi beharra zeukaten hirugarren dema bultzatzeko, eta erronka hori begien artean zutela, 5-1 aurreratu ziren Elordi-Zabaletaren aurka.

Aginte makila zuen Baikoko bikoteak, hanka onak erakutsi zituen Artola batekin -18 egun kantxetatik at egon ostean- eta Bizkaia pilotalekuan eroso sentitzen den Albisurekin. Zabaletak sufritu egin zuen atzean -akaso igandean Zarautzen jokatutako partidaren ajearengatik-, Elordiren oldarkortasuna deman sartu arte. Bolea bidez dantzan erabili zuen zenbait tantotan Artola, eta Zabaletak ere aprobetxatu zituen hutsuneak, 5-4ra hurbiltzeko. Etxarrengoak pare bat akats eginda, gorriei aukerak zabaldu zitzaizkien, berriz Elordiren oldarkortasuna jokoan sartu zen arte, korapiloa askatzeko. Goitik behera txokora botatako pilotakadarekin 7-8 aurretik jarri ziren, eta beste bi tanto jarraian eginda -Elordik ongi behartu eta Artolak txapara botata-, jokoa irabazi zuten.

Bigarren jokoaren hasieran gorriek tartea ireki zuten (5-2), Elordi behartuz. 8-4ko abantaila izan zuten, Artolak eta Albisuk pilota bana gora bota eta urdinak argia ikusten hasi ziren arte. Elordik ongi moztu eta berdindu egin zuen. Artolak 9-8koa egin baina, Albisuk kanpora botata, azken sakea eman zion Elordiri, eta honek, zabalera ateraz, probetxurik handiena atera zion (9-10).