Edward Berger, Claire Denis, Dolores Fonzi... Urrezko Maskorraren lehian
Edward Berger, Claire Denis, Dolores Fonzi, Joachim Lafosse, Olmo Omerzu, Xiaoyu Qin eta James Vanderbilt-en film luzeek Urrezko Maskorraren lehian parte hartuko dute Zinemaldiko Sail Ofizialean, aurretik iragarritako egileekin batera. Juliette Binochek zuzenduriko lehen filma eta Junji Sakamotoren lan berria ere bilduko ditu sailak, lehiaz kanpo biak. Irailaren 19tik 27ra egingo da 73. edizioa.

Edward Berger (Wolfsburg, 1970) Sail Ofizialean izango da “Ballad of a Small Player” filmarekin. Colin Farrell du protagonista, Macaun egonik iragana eta zorrak benetan eragiten hasiko zaizkion jokalari amorratu baten paperean. Fala Chen, Tilda Swinton eta Alex Jennings aktoreek ere parte hartu dute filmean.
Claire Denis (Paris, 1946) bigarrengoz lehiatuko da Urrezko Maskorra lortzeko, oraingoan “Le Cri des Gardes / The Fence” filmarekin. Mendebaldeko Afrikako obra bateko barrakoietan girotuta dago, Bernard-Marie Koltesen “Combat de nègre et de chiens” antzezlanean oinarrituta, eta Isaach de Bankole, Matt Dillon, Mia McKenna-Bruce eta Tom Blyth ditu protagonista.
Dolores Fonzi (Buenos Aires, 1978) aktore, gidoigile eta zinemagile argentinarra ere Sail Ofizialean lehiatuko da bere bigarren lanarekin. Fonzik berak egin du paper protagonistetako bat “Belén” filman, Camila Plaate eta Laura Paredesekin batera. Benetako istorio bat kontatzen duen film honetan, Fonzik Tucumango abokatu bat gorpuzten du, nahita abortatzea leporatuta kartzelatutako emakume gazte baten askatasunaren aldeko borrokaren buru dena.
“Six jours ce printemps-là / Six Days in Spring” da Joachim Lafosseren (Uccle, 1975) film luze berriaren izenburua. Eye Haidara ageri da ama etsi baten rolean; aita-amaginarreba ohiek Kosta Urdinean duten etxea maileguan hartzen du, bertan seme-alabekin opor egun batzuk igarotzeko.
“Ungrateful Beings” lanean oporraldi lasai batez gozatzen ari dira, kanpin batean, aita dibortziatu berri bat eta haren bi seme-alaba nerabeak. Olmo Omerzuk (Ljubljana, 1984) aurrenekoz parte hartuko du film horrekin.
Xiaoyu Qin (Hohhot, 1974) zinemagileak fikziozko bere lehen film luzea aurkeztuko du, “Jianyu Laide Mama / Her Heart Beats in Its Cage”, bere protagonista originalekin emakume baten benetako istorioa birsortzen duena; protagonista, senarra hiltzeagatik espetxean hamarkada bat eman ondoren, hamar urteko semearekin elkartuko da.
James Vanderbiltek (Connecticut, 1975) “Nuremberg” filmarekin parte hartuko du. Bertan, Rami Malek-ek Douglas Kelley benetako pertsonaia hezurmamitu du; Nurenbergeko epaiketen bezperan Kelley psikiatra estatubatuarrak 22 nazi aztertu zituen, horien artean Hitlerren eskuineko esku Hermann Goering, Russell Crowe aktoreak gorpuztua. Jack El-Hai kazetari eta idazlearen “The Nazi and the Psychiatrist” liburuaren egokitzapena da.
EMANALDI BEREZIAK
Aurtengo emanaldi berezien atalean, Juliette Binochek (Paris, 1964) zuzendutako lehen film luzea emango da, “IN-I In Motion, In-In”, aktoreak 2007an Akram Khan dantzari eta koreografoarekin egindako dantza eta antzerki ikuskizun hibridoan izandako esperientzia berrikusten duen ez-fikziozko filma. 40 urtetik gorako ibilbidean, Binochek goi mailako zuzendarien 70 bat filmetan parte hartu eta sari ugari jaso ditu, hala nola aktore-multzoko emakumezko aktore onenaren Oscar saria “The English Patient” (1996) filmagatik, eta beste hainbat interpretazio sari munduko zinema jaialdi garrantzitsuenetan; 2022an Donostia saria jaso zuen bere ibilbide osoagatik.
Sail Ofizialean lehiaz kanpo, “Teppen no mukou ni anata ga iru / Climbing for Life” ere emango da, Junko Tabei alpinista japoniar handiaren benetako istorioan oinarritutako pelikula; Everest mendiaren gailurrera iritsi zen lehen emakumea izan zen Tabei.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
