KONTXAN ARRAUN EGITEN AURRENEKO ATZERRITARRA, ALEMANIAR JATORRIKOA
Kontxako Banderan arraun egin zuen lehendabiziko arraunlari atzerritarra Rudy Holke izan zen, Zumaiarekin, 1951n. Handik 41 urtera, San Juanen aritu ziren hiru errumaniar: Emil Alexandru, Silviu Rastoaca eta Mihail Ursachi. Hauen etorrera eta nondik norakoak Paco Prietok, orduko entrenatzaileak, aletu ditu.

Arrauna Euskal Herrian herriko kirol bat izan da betidanik. Herrikoek egiten zuten arraun traineruetan, eta, asko jota, inguruko herrietakoak batzen ziren taldeetara. Horregatik dago ondo gordeta historiaren apalean 1951ko iraila. Kontxako Bandera ordurako estropadarik handiena zen, eta datuen hariari segika, alemaniar jatorriko arraunlari bat azaltzen da urte horretako traineruetako eskifaien artean: Rudy Holke. Zumaiarekin aritu zen eta hura izan zen aurreneko atzerritarra Kontxan arraun egiten.
Jaiotzez euskal herritarra zen, Soraluzekoa. Gurasoak lanera etorriak ziren, eta bertan jaio zen. Lan kontuak tarteko, Zumaiara joan ziren, beren abizena zeraman lantegira, eta horrek lotu zuen arraunarekin, Kontxarekin eta Zumaiarekin. Holkek bazekien arraunean, eta, Zumaiak Kontxan ateratzea erabaki zuenean, taldeko arraunlarias izateko deitu zioten herrikideek. Baiezkoa eman eta horrela pasatu zen arraun munduaren historiara.
Behin bakarrik arraun egin zuen Kontxan, 1951n, eta handik 41 urtera “Diario Vasco” egunkarian Joseba Lezeta kazetariak egindako erreportaje batean kontatu zuenez, azkena ez izatea zen zumaiarren asmoa: «Aurreneko jardunaldian 11 segundo atera genizkion Zarautzi. Haien aurretik geratzea zen helburua. Baina bigarrengoan aldea jan egin ziguten, eta azkenak izan ginen. Gauza arraroak gertatu ziren», kontatu zuen Holkek.
Haren lankidea izan zen Javier Carballo zumaiar argazkilariak GARAri kontatu dio: «Zorrotza zen lanean, eta alemaniarra erabat, dena bere tokian edukitzen zuena, eta dena bere denboran egitea gustatzen zitzaiona». Ezaguna zen Zumaian, eta herrian izandako gertakari latz batean egin zuenak herriko historian betiko gordeta utzi du Holke. 1960ko azaroaren 15ean, 12 eta 15 urteko arteko zazpi herriko seme itsasoak jan zituen, Parolbidetik begira zeudenean Begoña kargaontzia nola ateratzen zen itsaso zakarrarekin. Bakarra atera ahal izan zuten bizirik, herritar batek uretara salto egin zuelako. Holke izan zen herritar hura.
Carballok honela azaldu du egun zital hartakoa: «Holkek ikusi egin zuen zerbait gertatu zela, eta Parolbidera joan zen. Baina ordurako, bizirik zegoen hura beste aldera eramana zeukan itsasoak, Orrua aldera. Holke lantegira joan zen, eta motor baten eskean hasi zen. Narciso Kortak eraman zuen. Eta hara iritsi orduko uretara salto egin zuen. Bizirik atera zuen».
SAN JUANGO ERRUMANIARRAK
Kontxako Banderaren historia biltzen duen datu saldo amaigabean, atzerritarren atalean, 1992. urtea eta San Juan azaltzen dira. Hiru errumaniar aritu ziren arrosa koloreko traineruan: Emil Alexandru, Silviu Rastoaca eta Mihail Ursachi. Datuek diotenez, Holkeren atzetik datorren zerrendan, hiru errumaniar horiek dira hurrengoak. Nondik nora izan zen Paco Prietok (Pasai Donibane, 1940) kontatu du, talde hartako entrenatzaileak eta presidenteak. «Aurreko urtean, kluba zatitu egin zen, eta Donibaneko Arraunlariak sortu zen. Arraunlari oso gutxirekin geratu zen gure kluba, San Juan».
Arraunlariak behar eta Errumanian aurkitu zituen Prietok. Propio aukeratu zituen edo ez argitu gabe utzita, ezagutzen zituela onartu du: «Munduko Txapelketan ezagutu nituen, Baynolesen (Katalunia), eta gurera etorri zirenean, senior mailako lehen urtea zuten hirurek».
Kanpoko arraunlariak ekartzea erabaki baino lehen, klubeko batzar nagusian zuzendaritzak bazkideei galde egin zien. Eta, baietz, ekartzeko. «Eskaini zitzaizkidan beste klub batzuetako arraunlari batzuk, baina ez zitzaidan gustatzen halakoak egitea. Etxean landu behar dira», adierazi du Prietok. Eta etxekoak errumaniar haiek bezain onak direla esan du: «Ez zitzaizkidan gustatzen Errumaniako selekzioan erabiltzen zituzten metodoak». San Juanen errumaniarrek «lan ona» egin zutela nabarmendu du; hala ere, zehaztu egin du baieztapen hori: «Bi oso onak ziren, eta hirugarrenak arazoak izan zituen pisuarekin, eta arindu ezinda ibili zen».
Traineruan arraun egiten ere azkar ikasi zuten. «Baserrian eta Legution egin genituen kontzentrazioak. Legutiokoa hamar egunekoa izan zen; Lekeition, estropada bat zeharo oker atera eta gero erabaki nuen». Emaitzei begiratuta, ezin esan apustu okerra izan zenik: «Kontxako Banderan sartu ginen, eta herriko estropada irabazi genuen».
Errumaniarrei ez zien dirutan ordaindu San Juanek. Lagundu bai, baina beste modu batean: «Sei hilabeterako etxea jarri genien». Hala ere, ez ziren joan sosik ikusi gabe: «Estropadetan irabazitako dirutik haiei tokatzen zitzaiena eman genien». Horrez gain, Prietok berak bere diru saria eman zien, eta beste horrenbeste egin zuen Gregorio Legorburu “Lexo”-k, beste teknikariak: «Errumanian zegoen egoerarekin, hemen jasotakoarekin han etxea erosteko moduan ziren».

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
