Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Azantza eta Sarbilgo parke eolikoaren aurka, 6.000 alegazio

Azantza eta Sarbil eremuetan egin nahi duten parke eolikoaren aurka 6.000 alegazio aurkeztu zituzten atzo Nafarroako Gobernuaren Industria sailaren egoitzan. Kalte handiak eragingo lituzkeela eta interes espekulatzaileak soilik asetzen dituela salatu zuten.

Nafarroako Gobernuaren Industria sailaren aurrean egin zuten elkarretaratzea.
Nafarroako Gobernuaren Industria sailaren aurrean egin zuten elkarretaratzea. (Iñigo URIZ | FOKU)

«Argi eta garbi esaten diogu Nafarroako Gobernuari: ez diogu utziko gure herrietan bizi eta lan egiten dugunokin kontatu gabe erabakirik hartzen. Eta konpromiso hau ez da orainaldiarekin soilik; gure memoriarekin eta, batez ere, etorriko diren belaunaldiekin ere badugu», esan zuten atzo Industria sailaren egoitzaren aurrean Urbasa Andia Bizirik plataformak deituta eginiko elkarretaratzen parte hartu zutenek. Azantza eta Sarbil eremuetan egin nahi duten parke eolikoaren kontra 6.000 alegazio aurkeztu zituzten atzo Nafarroako Gobernuaren Industria sailaren egoitzan. «Gure defendatzeko gaude hemen: zanpatzen dugun lurra, bertan bizi den jendea eta eraiki nahi dugun etorkizuna», nabarmendu zuten .

Gogoratu zuten dagoeneko asteak daramatzatela makroproiektu honen kontra egiten. «Bulegoetatik inposaturiko plana da, gure ondare naturala, gure paisaiak, gure bizimodua eta gure elkarbizitza mehatxatzen dituena», salatu eta parke eolikoaren proiektua inguruko udal eta biztanleekin hitz egin gabe osatu dela gaineratu zuten.

Uztailean Mikel Irujo sailburuarekin eginiko bileran, Goñerriko Udalak argi eta garbi utzi zion parke eolikoaren aurka dagoela. «Kalte handia eragingo luke», jakinarazi zion ibarreko alkate Eduardo Urmenetak. Plataformak ere jarrera hori agertu dio aurretik Irujo sailburuari.

«LOGIKA ESPEKULATZAILEA»

«Proiektu honek ez du gure gizartearen behar energetikorik konpontzen. Logika espekulatzailearen eta gutxi batzuen interes ekonomikoaren alde baino ez du egiten», salatu zuten.

Gauzak horrela, 6.000 alegazio aurkeztu zituzten. Sinatzaileen artean biztanleak, taldeak, elkarteak, udalak eta kontzejuak daude.

«Gure helburua lurra, bizitza eta gure etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidea defendatzea da. Ez dugu ezetz esateagatik ezetz esaten, jendea eta herriak lehenetsiko dituen eta gure autonomia, gure historia eta gure duintasuna errespetatuko dituen garapen jasangarria eraikitzeko baizik», aldarrikatu zuten.

Horregatik, Azantza eta Sarbilgo parke eolikoaren egitasmoa atzera botatzeko eskatu zioten Nafarroako Gobernuari, bai eta energiari buruzko plangintza egiteko ere, pertsonen eta lurraldearen interesak lehenetsiz enpresa handien eta inbertsio-funtsen gainetik.

Bide batez, landa eremuetako herrietan beharrezkoak diren inbertsioak egiteko eskatu zuten, horietan ere kalitatezko zerbitzuak jasotzeko eta bizirik segitzeko eskubidea dutela argudiatuta.