Txoli MATEOS
Soziologoa
JOPUNTUA

Poliziaz galdezka

Euskal estatua nola irudikatzen zuen galdetu zuen ikerlariak eta batek berehala erantzun zuen «ejerzitorik gabea» izan beharko litzatekeela. Hara! Aldagai hura ez zen ikerlariak erabili zituenetako bat. Kontuan hartzekoa iruditu zitzaion ideia. Besterik gertatu zen, ordea, poliziaren kasuan. Ikerlanak iraun zuen denbora guztian inork ez zuen adierazi poliziarik gabeko euskal estatu bat irudikatzen zuela.

Ezagun da Euskal Herrian poliziak, oro har hartuta, ez duela inoiz prestigio handirik izan, alderantziz baizik. Tortura, jazarpena, ustelkeria eta mota askotako bidegabekeriak esleitzen zaizkio. Arrazoiz. Baina gai gara poliziarik gabeko gizarte bat irudikatzeko? Jendea, gu guztiok, jabetzen gara gizarte ez-ideal batean segurtasun faltaren arazoari nola edo hala aurre egin behar zaiola. Baina poliziaren arbitrarietateaz eta indarkeriaren erabileraz kexu bagara mundu zabalean, pentsa dezagun nolakoak izan daitezkeen herritarron arbitrarietatea eta aurreiritziak, arauketa argirik ez dagoenean. Adibidez, Hendaiako Udalak ezarri nahi dituen «ereduzko herritarrez» osatutako zaintza taldeak bortizki kritikatu ditu oposizioak. Eta Udalaren erantzuna izan da ordurako herritar asko Whatsapp taldeetan antolatuta zeudela lapurreta ugari zirela eta. Halaxe egiten da leku batzuetan, nik ikusia. Zalantza dut, ordea, taldeok jendarme batzuek baino jarrera xenofobo apalagoa erakutsiko ote duten.

Segurtasun faltari beldur diogu bereziki emakumeok, agerikoa denez. Eta hori areagotu egiten da udako jaietan. Bilboko konpartsek autodefentsa feministara deitu dute, gerta litezkeen erasoetatik emakumeak babestu nahian. Eta berriro datorkit zalantza: instituzio guztiak demokratizatzen saiatzen baldin bagara, zergatik utzi asmo horretatik kanpo polizia? Irudipena dut, Administrazioaz gain, herritarrok ere indar handiagoa egin beharko genukeela ertzainak eta udaltzainak ez daitezen xenofoboak edo matxistak izan. Deseraiki dezagun tabua: polizia antidemokratikoa ez da gure patua.