GARA
BILBO
PILOTA

Elordi-Zabaleta, aise garaile Aste Nagusian

Elordi fin ibili zen partidaren lehen erdian.
Elordi fin ibili zen partidaren lehen erdian. (A. LOIOLA | FOKU)

Elordi eta Zabaletak irabazi zuten Bilboko Aste Nagusiko txapelketa nagusia, finalean Artola-Iztueta bikotea menderatuta. Partidaren lehen erdian dantzan erabili dituzte aurkariak (1-12) eta bigarrenean, gorriak oldarkorrago aritu diren arren, ezin izan dute haien kontrako markagailua (6-18) guztiz irauli.

Gustura aritu ziren Aspekoak, bikote oso sendoa osatzen dutela berretsiz, eta bata zein bestea une oso onean daudela. Mallabitarrak gantxo ikusgarriak utzi zituen Bizkaia pilotalekuko ikusleen gozamenerako eta Etxarrengoak ere gozatu zuen pilotaz, Iztueta sufriarazteraino.

Atzelari gaztea atzean iltzatzea lortu zuten, hutsuneak behartu eta erasoan nahi adina egiteraino. Azken txanpan hobeto ikusi zitzaion tolosarrari -egin zituen pare bat atzean (7-18 eta 11-19)- eta hauspotu egin zen Baikoko bikotea. Benetako Artola bat kantxaratu zen eta 9-1eko partziala egin zuten (15-19), baina ordurako beranduegi zen, Elordi eta Zabaletak garaipenaren bidea ongi marraztuta baitzeukaten.