GARA
BILBO

Sufrimendua amaitzea helburu, milaka lagun batu ditu Sarek Bilbon

Jendetsua izan zen Sare Herritarrak hiriburuetako jaien testuinguruan antolatutako mobilizazioetan azkena, Bilbokoa. «Sufrimendu guztiak» amaitzeko eta euskal preso, iheslari eta errefuxiatuen afera «behin betiko konpontzeko» ordua dela aldarrikatu zuten milaka lagunek, konpartsen bultzadaz eta azken orduan izandako debeku saiakerak ere gaindituta.

Konpartsen babesak kolorez jantzi zuen Sareren Bilboko manifestazioa.
Konpartsen babesak kolorez jantzi zuen Sareren Bilboko manifestazioa. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Etxera Eguna delakoak mugarria izan zuen atzo eguerdian Bilboko Aste Nagusian, jaietako egunik handienean: milaka lagunek bat egin zuten Sarek deitutako manifestazioarekin. «Sufrimendu guztiekin amaitzeko» ordua dela nabarmendu zuten, eta hori lortzeko, «euskal preso, iheslari eta deportatuen auziari behin betiko konponbidea eman behar» zaiola gogorarazi zuten.

“Euskal presoak etxera” aldarrikapena nagusitu zen manifestarien ahoetan. Plaza Eliptikotik abiatu ziren ordu bata jota. Bilboko Konpartsek bultzatu zuten mobilizazioa, Sarerekin batera, eta parte hartzean eragin nabaria izan zuen horrek, bai eta manifestazioak hartu zuen kolore bizian ere.

«Bilbotarrok eta bizkaitarrok urtez urte Aste Nagusian zehar erakutsi izan duguna zera da: badakigula jaiari aldarrikapena txertatu eta gozamena eta erreibindikazioak uztartzen. Aurten ere bide berean ari gara lanean. Musikaz, dantzez eta jaiez gozatzen daramatzagun egun hauei euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen beharra gehitu diogu mobilizazio honekin», aipatu zuen Bego Atxa Sareko eledunak bukaerako mezuan.

«Hasi ginen salto eta oihuka pregoilari eta txupinerarekin, aritu gara Gargantuan, jan eta edan dugu txosnetan, egin dugu dantza kontzertuetan eta egin diogu Bilboko hamaika txokotan ongietorria Marijaiari. Ezin dezakegu ahaztu, ordea, datorren urtean ETAk bere jarduera eten zuela 15 urte beteko direnean, hainbat sufrimendu eta ondoriok indarrean jarraitzen dutela oraindik ere», erantsi zuen.

«Ondorioez ari garenean horrenbeste urtetan horrenbeste sufrimendu eragin zuen gatazkak utzi dizkigun ondorioez ari gara, noski -zehaztu zuen Atxak-. Biktimek egia jakiteko, instituzioen partetik aitortuak izateko eta erreparaziorako eskubidea dute, eta bide horretan urratsak egiten jarraitzeko beharra daukagu. Ezin ahaztu dezakegu, ordea, elkarbizitza-agertokietara jauzi egiteko ezinbestekoa izango dela sufrimendu eta ondorio guztiekin amaitzea eta honek euskal preso, iheslari eta deportatuen auziari behin betiko konponbidea ematea dakar».

DEBEKATU NAHIA AZKEN ORDURA ARTE

Biktima guztiekiko errespetua eta horien eskubideak betearaztea eskatu zuen Sarek beste behin ere, baina ETAk eragindako biktimen elkarte batek kontrako norabidean jardun du, mobilizazio honi betoa ezarri nahian.

AVTk Auzitegi Nazional espainolera eraman zuen debekatzeko eskaera, eta ostegunean, horri kasu eginez, pausoa eman zuen Ismael Moreno epaileak: Ertzaintzari, Guardia Zibilari eta Polizia espainolari txostenak eskatu zizkien, mobilizazioak «biktimen umiliazioa» ote zekarren aztertzeko. Deialdiaren gainetik zalantza batzuk sortu zituen horrek, baina azkenean arazorik gabe gauzatu zen.

Izan ere, hau da AVTk darabilen argudioa: presoak etxeratzea aldarrikatzean, beren delituak «zuritu» eta biktimei «umiliazioa» ezartzen zaiela. Sarek askotan oroitarazi du, ordea, legeak aplikatzea baino ez duela eskatzen eta, horien arabera, euskal preso guztiek kalean beharko luketela (baimen bidez, hirugarren graduan, baldintzapeko askatasuna emanez...), eta askok, kondena amaituta ere izango luketela.

HIRIBURUZ HIRIBURU

Bilboko hau izan da hiriburuetako jaiak baliatuz Sarek udan antolatu duen azken mobilizazioa, baita jendetsuena ere. Konponbidearen eta elkarbizitzaren aldeko aldarri bera eraman du Iruñera, Gasteizera, Donostiara eta Bilbora.

Bizkaiko hiriburuan, urteroko manifestazioari egitarau oso bat erantsi zioten Bilboko Konpartsek, Etxera Eguna lelopean. Mobilizazioaren ostean bazkaria antolatu zuten Txori Barrote konpartsaren txosnan eta arratsalde partean Loita Armada talde galiziarrak kontzertua eman zuen.