Inazio MURUA
ZORROZTARRIA

Erreferenteak

Frankismoak fusilatu zituenak hiltzaileak zirela dio Javier de Andresek, haien aurkako epaiketak ontzat jota. Hiltzen duena hiltzailea dela, asasinoa, berdin «Iranen, Espainia frankistan edo Kuba castristan». Txiki eta Otaegiz ari zen, eta ez haien hiltzaileez.

«Hiltzaileak omentzen ari den» jendearen eta oro har ezkerraren erreferente politikoa «hainbat pertsonaren heriotza eraginez krimenak egin dituzten pertsonak dira». Eta horrela doa mundua, EAEko PPko buruaren ustez.

Azkenean, konbentzituko gaituzte benetako antifrankistak frankistak izan zirela, eraginkorrenak, gainera (horretan ez dute arrazoi falta).

«Bila dezatela, mesedez, kriminala ez den erreferente politiko bat, oso erraza da». Diktaduraren aurkako borrokalarien erreferentearen ordez, Espainia frankistarena, eskuin espainolak bezala. Esate baterako, Jose Maria Areilza («Argi gera dadila: Bilbo, armaz konkistatua. Gerra-legea, gogorra, gizonena, gupidagabea. Espainia gailendu da: bat, handia eta askea; hau da, Falange Tradicionalistarena»). Frankista, baina Francoren oposiziokoa izan omen zen, eta ministroa, baina Arias Navarroren trantsizio eredugarriko gobernuan.

Edo Manolo, kalearen jabea, De Andres gasteiztarra umea zela Poliziak bost langile hil zituen sarraskia gertatu zenean kasualitatez Gobernazio ministroa zena; hau da, Poliziaren arduradun gorena. Oso gaztea zenez, beharbada ez du gogoan «Policía asesina», «Fraga asesino» zioten pintadak nagusitu zirela hiri osoan. Ordurako, baina, eskarmentu handia zuen on Manuelek, hainbat fusilamendu eta hilketaren ardura zuzena, hain justu, hala nola Julian Grimau, Francisco Granado, Joaquin Delgado eta Salvador Puig Antich fusilatzearena.

Batzuen erreferente, Che Guevara; beste batzuena, Fulgencio Batista.