Bero-boladei aurre egiteko udal ekimen txalogarriak
Bero-boladak ohiko bihurtu dira udan Euskal Herrian. Urtero iristen da bat gutxienez. Gainera, denboran mantentzen da, eta urtetik urtera termometroak errekorreko tenperaturak markatzen ditu. Egoera horretan, Euskal Herriko udal asko beroaren ondorioak arintzeko neurriak hartzen hasi dira. Lehentasuna pertsona zaurgarriengan jarri dute, hala nola haurrengan, adinekoengan eta kalean bizi diren pertsonengan.
Udalek orain arte abian jarri dituzten ekimenak bi multzotan sailka daitezke. Alde batetik, barneko espazioei dagokienez, aterpe klimatikoen irekiera dago; jendearentzat zabaltzen diren eraikinak dira. Oro har, udal-eraikinak izaten dira, esaterako, gizarte-etxeak, kiroldegiak eta museoak, baina badira merkataritza-zentroak eta elizak ere. Horietan kalean baino tenperatura freskoagoa izaten dute eta jendea freskatu eta hidratatu egin daiteke. Bestetik, kanpoko babesleku klimatikoak daude; batez ere, zuhaitz eremuak dira, non landarediak isolatzaile gisa jarduten duen eta giro-tenperatura murrizten duen. Zuhaiztiekin batera, gero eta parke estali gehiago atontzen dira; horietan haurrentzako ur-jolasak ere eskaintzen dira; giroa freskatzen duten aspertsoreak ere egon daitezke. Ekimen partikularrago gisa, Iruñeko etxerik gabeko pertsonentzako zentroaren irekiera nabarmentzen da. Horretaz gain, hainbat herritan aire zabaleko udako zinema emanaldiak ere antolatzen dira, eguzkia erretiratzen denerako.
Beroaren ondorioak epe laburrean arintzea helburu duten jarduerak dira udalek antolatu dituzten gehienak. Epe luzeari begira, arreta berezia jarri beharko da etxebizitzen egokitzapenean. Egungo eraikin gehienak ez ziren tenperatura altuak jasateko eraiki, eta hori bero-boladetan asko nabaritzen da. Egokitzapen horrek eskatzen du isolamenduan, aire girotuan eta berokuntzan inbertsioak egitea. Horretarako, Europar Batasuneko laguntza programak daude, baina baliabideez gain, denbora ere behar da. Testuinguru horretan, txalogarria da bero-boladen ondorio larrienak arintzeko udal asko egiten ari diren lana. Eta etxebizitzak egokituta ez dauden bitartean, funtsezko zeregina izaten jarraituko du.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
