Jon GARMENDIA
Idazlea

Eskertzea

Saltzaileak ogiak eman dizkionean ez dutela «milesker» ere erran, eta ateratzerakoan justu-justu agurtu zaituztela, ia gogorik gabe. Edukaziorik gabeko gizarte gureaz lotu gara hizketan. Teknologiak aldatu gaituela, gure bizitzan sartu zela eta gu atera gintuela aipatu didazu azkenean. Ohikoa nigan, pasarte bat kontatu dizut: Pleuritisa sendatzeko asmoz Kanbora etorri zen Edmond Rostand poeta eta antzerkigile frantsesak bere obra ospetsuena, “Cyrano de Bergerac”, Parisko Théâtre de la Porte Saint-Martinen aurkeztu zuen. Gau hartan oso urduri zegoen, gaztea zen, 29 urte, esperientzia handiegirik ez zeukan halako lanetan eta porrota izango zen beldur zen. Garai horretan, antzerki erromantikoa ez zen biziki modan, estilo zaharkitua askoren ustez. Antzerkizaleak, kritikariak, aberatsak, jendetza bildu zen gertakariaren karietara. Rostand, urduritasunez dardarka, eszenatoki gibelean ezkutatu zen. Obra amaitzear, Cyrano azken monologoa errezitatzen ari zela, publikoa txalo eta oihu artean lehertu zen. Kontatzen dute txaloek hain luze iraun zutela, ezen inork ezin izan baitzituen gelditu. 40 aldiz baino gehiago agertu ziren antzezleak agertokira. Rostand, arrakastarekin hunkitua, ez zen hitz egiteko gai izan; «eskerrik asko... besterik ez», hori baizik ez zuen erran. Gau hartan, “Cyrano de Bergerac” Frantziako antzerkiaren altxor handienetako bat bihurtu zen eta Rostanden «eskerrik asko» labur hori, betierekoa. Edukazioa, eskertzea, maitasuna, poesia bezala.