«Gernikako txapelak lesioaren osteko presioa askatzea ekarri dit»
Txapelketa handi bat eta lau master irabazi ditu Unai Lekerikabeaskoak (Gernika-Lumo, 1994). Hurrengo astean, beste final handi bat jokatuko du, Pauen, Erkiaga bikotekide duela. Urrezko Xisterako finala eta Donibane Lohizuneko finalerdia galduta, apur bat trakestu zitzaion joan den astea baina, halere, lesioa ahaztuta, sasoiko iritsi da azken txanpara.

Gernikako Grand Slama irabazi berritan eta Ipar Euskal Herriko txapelketen txanpa erabakigarrienean dagoela harrapatu du GARAk Unai Lekerikabeaskoa. Jai Alai Ligako Lauko Finala existitzen denetik, aurreneko aldiz lehiatuko da bertan, momentuz sailkapeneko hirugarren atzelari onena izanda. Pauen jokatuko du azken final handia, irailaren 5ean, eta horrek, bigarren postura eraman lezake. Nolanahi ere, denboraldi honetan lesioek errespetatu izana eta jarraitutasun bat eduki izana baloratzen du gehienbat bizkaitarrak. «Dena etorri da arrapaladan eta ez dakit guztiz barneratu dudan. Gernikako finala, Biarrizko finala, tartean Donibane Lohizuneko finalerdia, Pauekoa ere bai... Denbora gutxian gauza asko. Oraindik Paueko finala falta da, txapel bat dago jokoan eta hori pasatzen denean zentratuko naiz Donostiako Lauko Finalean», eman du aditzera udarako balorazioaz eta erronkez itaunduta.
Gernikako Grand Slama irabazteak indarra eman zizun aste exijente bati aurre egiteko? Nahiz eta gero Aritz Erkiagaren lesioak dena baldintzatu zuen...
Oso final gogorra izan zen, parekatua, sekulako giroa frontoian eta konfiantzaz atera ginen frontoitik. Nik uste dut oso joko ona egin genuela, partida ona izan zen eta esan genuen horrela jokatuz gero Ipar Euskal Herriko eta Paueko beste hiru slametan aukera asko edukiko genituela berriro garaipena lortzeko». Donibane Lohizunen Erkiagak min hartu zuen eta horrek apur bat baldintzatu du; aparte, Biarrizko finalean ez nintzen ongi ibili, partidatik kanpo bezala sentitu nintzen. Partida zaila izango zela banekien, ze Johan eta Gorkak sekulako maila daukate. Pena daukat ez nintzelako ongi sentitu kantxan.
Hala ere, Gernikan garaipen handia ospatu zenuen, denboraldiko lehen Grand Slama, etxean...
Azken bizpahiru urteetan horrelako final garrantzitsurik ez dut jokatu eta sekulako gogoarekin nengoen. Gainera, eszenatoki aparte zen: Gernika, festak, jakin genuen frontoia beteta egongo zela... Horrek ilusio handia eman zidan, motibazioa ere bai datorrenari aurre egiteko eta ezin da gehiago eskatu. Nik uste dut partida oso ona egin genuela, jendeak asko disfrutatu zuela.
Faboritoak zineten. Horrek presioa eragin zizun?
Txapelketa aurretik gehienek faboritotzat gintuzten, normala den moduan. Erkiagaren estatistikei erreparatuta, 10 txapelketetatik zazpi edo zortzi irabazten ditu. Baina gero kantxa barruan pilota borobila da, zure maila ez baduzu ematen besteek asko aprobetxatzen dute eta “faboritismo” hori apur bat alde batera uzten ahalegindu naiz. Finalerdietan ikusi zen, 14-8 irabazten gindoazen eta hiru-lau akats tuntun egin genituen, gure jokotik urrundu egin ginen eta irauli egin zuten Laduche-Lopezek. Finalerako Erkiagarekin berba egin nuen lehenengo tantotik amaierara arte enfokatuta egon behar genuela.
Zuretzat txapelketa konpletoena izan da hori?
Bai, izan daiteke. Finalerdietako lehenengo jokoa kenduta, nahiko eroso ibili gara, ideiak argi eta joko ona ateratzen. Ipar Euskal Herriko Masterretan ere nahiko zentratuta egon naiz, Urrezko Xisterako finalean izan ezik. Ez dakit azken orduko aldaketagatik, partida askoren karga agian. Bost egunetan lau partida jokatu nituen eta gorputzak igartzen du nekea.
Hala ere, aurten, aurrenekoz Lauko Finala jokatuko duzu.
Azkenengo bi udetan lesioak izan ditut. Iaz ez nuen partidarik jokatu eta duela bi urte ere Markinan min hartu nuen eta puntu pila bat galdu nituen. Denboraldiko helburu handiena izan da konfiantza edukitzea, gorputzak erantzutea eta lesioek errespetatzea. Alde horretatik, oso pozik nago; gorputzak ongi erantzun dit, min barik jokatzen aritu naiz.
Igarri duzu bilakaera bat izan duzula? Urrian berragertu zinen bizepseko lesioaren ondoren, baina Winter Series txapelketan ez zenuen esperotako maila erakutsi.
Bost-sei hilabete egon nintzen min hartuta. Itzuli nintzenean, besoan ez nuen minik sentitzen, baina saiatzen nintzen pilota puntu batera jaurtitzen eta, ez dakit besoagatik edo buruagatik, ez nintzen eroso iristen. Erritmoa ere zeharo galduta neukan. Hilabeteak aurrera joan ahala, gero eta hobeto sentitu naiz; ez dago beste sekreturik, partidak jokatu ahala erritmoa hartzen zoaz, konfiantza hartzen. Winter Seriesean ez nintzen batere eroso sentitu, baina otsail-martxotik aurrera jarraitutasun on bat eduki dut.
Cesta de Nadau, Araba Euskaraz, eta Paue eta Donibane Lohizuneko Master bana ere bereganatu dituzu. Lesio batetik bueltan irabazteak asko balio du?
Bai, irabazteak konfiantza handia ematen du. Hurrengo partidara lasaiago joaten zara eta norberaren jokoa errazago ateratzen da. Master batzuk irabazi ditut, baita Gernikako Grand Slameko txapela ere, eta horrek lesioaren osteko presioa apur bat askatzea ekarri dit.
Aurten ez duzu gelditzera behartu zaituen lesiorik izan. Egin duzu aldaketarik prestaketa lanetan?
Berdin-berdin jarraitu dut. Aurreko udetan akaso gorputzari deskantsu gutxiago eman diot. Oraingoan partida asko ere izan ditugu; astean hiru partida jokatzen aritu gara. Deskantsura eta ondo jatera enfokatu naiz. Aurreko urteetan gutxiago deskantsatu izan dut, gazteak ere izan gara-eta (barrezka).
Gero eta partida garrantzitsu gehiago dituzue egutegian, liga bat eratu da eta gero eta txapelketa gehiago atxiki dira bertara. Orain, zeintzuk dira eman beharreko pausoak?
Bilakaera bat egon da. Duela lau-bost urtera arte soilik udaran jokatzen genuen hemen. Eskatzen genuen urte osoko txapelketa bat egotea. Lortu da zirkuitua eratzea eta orain, ez dago erraz, baina gero eta pilotari gehiago sartzea izan behar da hurrengo pausoa. Badakigu ekonomikoki dagoena dagoela eta sei postu bakarrik daudela. Baina txapelketa gehiago egotea, pilotari gehiago egotea jokatzen eta hori areagotzen joatea denontzako hobea izango da.
Aurten gazteek eman dute pauso bat aurrera. Urreistiren adibidea da argigarriena, baina atzelarien zerrendan ere izen mordoxka bat nabarmendu dira, Lopez eta zurekin batera: Gorka, Basque, Manci...
Duela bost-sei urteko koadroan, akaso ni izango nintzen gazteena eta gaur egun, zaharrenetakoa naiz. Hori notizia ona da, badabiltza gazteak nabarmentzen, harrobia ere badabil mugimenduan -zesta-eskoletan gero eta ume gehiago dabiltza- eta urte batzuetara gazte gehiago egongo dira; maila hobea egongo da. Nik uste dut zesta-puntak badaukala etorkizuna.
Pilotalekuko giroak ere egiten du erakargarri kirola. Winter Series agian oasi bat da, baina txapelketa garrantzitsuetan herrietako pilotalekuek ongi erantzun dute.
Bai, eta lagunekin hori komentatzen dut. Jokatzen dugun pilotalekuetan edukieraren %80 egoten da beti beteta. Hori seinale ona da, jendea gustura dago partidak ikusten. Zesta-puntak berak jendea asko erakartzen du. Agian gauza batzuk hobetu egin behar dira baina bide onetik goaz.
Zesta-punta produktu gisa aipatu duzu. Are «produktuagoa» da Ipar Euskal Herrian? Turistak dira pilotalekuetara joaten direnen gehiengoa.
Ipar Euskal Herrian turismo bulegoetan pack baten moduan saltzen dute eta ikusten da Donibane Lohizunen astearte eta asteazkenero pilotalekua beteta egoten dela. 2.100 pertsonaren aurrean jokatu genuen joan den asteartean, Grand Slameko finalerdia. Hemengo publikoak gehiago ezagutzen du zesta-punta; badaki ze pilotari dauden, ze ranking dagoen. Eta hangoa, aldiz, lehen aldiz doa pilotalekura eta giroa ere ezberdina da. Askori asko gustatzen zaie, gero akaso errepikatuko dute, baina modelo ezberdina da.
Euskal Selekzioarekin jokatu duzu Nazioen Ligan. Alde horretatik, denboraldiak izan du nolabaiteko pizgarria ere.
Beti nahi izan dugu gure koloreekin jokatu, eta Nazioen Liga oso polita izan zen. Aurrerapauso handia izan zen. Egon dira liskar batzuk, baina guk gure ideiak defendatu behar ditugu. Hurrengo txapelketara begira, urratu dugu bidea eta ahal den bitartean, kolore horiek defendatuko ditugu.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
