«Aurrekontua oso aitzinatua da, ez dakigu urtea nola bukatuko dugun»
Euskal Kultur Erakundeari Estatu frantsesak emandako dirulaguntzan iragarritako 30.000 euroko murrizketak 200 elkartek osatutako «ekosistema» bati eragin diezaiokeela ohartarazi zuen NAIZ Irratian Johañe Etchebest erakundeko zuzendariak, eragileen batzordearen izenean. Kultur eragileak Uztaritzen mobilizatzera deitu dituzte irailaren 13an.

Joan den uztailean Estatu frantsesak aditzera eman zion Uztaritzen egoitza duen Euskal Kultur Erakundeari urtero eman ohi dion dirulaguntzan %15eko murrizketa eginen zuela aurten; 30.000 euro gutxiago jasoko zituela, alegia. Elkarteak kezka agertu du, dagoeneko abian baitauzka hainbat proiektu.
Kopuru benetan esanguratsua da erakunde honentzat, eta bi buruhauste handi eragin dizkie urteko jarduna burutzeari dagokionez. Epe laburrean, adostuta eta abian dituzten proiektuetan Estatu frantsesaren erabakiak eragin ditzakeen ondorioak kezkatzen ditu elkarteko kideak. «Aurtengo aurrekontua oso aitzinatua da, eta ez dakigu urtea nola bukatuko dugun ere», adierazi zuen atzo Johañe Etchebestek NAIZ Irratian, EKEko eragile batzordearen izenean egindako elkarrizketan.
Euskararen Erakunde Publikoarekin batera, euskara eta euskal kultura Ipar Euskal Herrian sustatzen dituen erakunde nagusia da Euskal Kultur Erakundea. 1990ean sortu zenetik, Estatu frantsesak ez du sekula murriztu ematen dion ekarpen ekonomikoa, baina 2005etik handitu ere ez du egin, bere horretan mantendu baitu kopuru hori.
Euskarari eta euskal kulturari bultzada ematen dioten 200 elkarte biltzen dira gaur egun Euskal Kultur Erakundearen inguruan eta, denetara, 120 bat proiektu sustatzen dituzte erakundeari esleitutako aurrekontuaren bidez. Hori dela eta, «EKEri dirua kentzen zaiolarik, horrek erran nahi du ekosistema hori guzia ahultzen dela», azaldu zuen Etchebestek.
Bi atalek osatzen dute Euskal Kultur Elkargoaren administrazio kontseilua, hautetsien batzordeak eta kultur eragileen batzordeak, hain zuzen ere. Azken honen izenean hitz egin zuen Etchebestek. Urteko egutegia eta konpromisoak nola gauzatu birpentsatu beharrak suposatzen dien erronkari heltzen dioten bitartean, epe ertainera begira erakundearen bideragarritasuna bera ere kolokan egon liteke.
Etchebestek nabarmendu zuenez, dirutza bat da ukatu dietena: «30.000 eurorekin kasik lanpostu bat finantzatzen da».
Era berean, beldur dira ez ote duten bide bera hartuko Euskal Kultur Elkargoa diruz laguntzen duten gainerako erakunde publikoek, hots, Euskal Hiri Elkargoak, Pirinio Atlantikoen departamentuak eta Akitania Berriak eskualdeak.
Milioi bat euro ingurukoa da elkargoaren urtebeteko aurrekontua, eta aipatutako erakunde guztiek finantzatzen dute, denek ala denek maila berean.
Murrizketa gehiago ekar ditzakeen agertoki berri honek kezkatzen du bereziki Etchebeste. «Estatuak apaltzen baldin badu, beste erakundeek apaltzeko gogoa ukaiten ahal dute», ohartarazi zuen EKEko kideak.
MOBILIZAZIOA IRAILEAN
Euskal Kultur Elkargoaren administrazio kontseilua irailaren 13an batzartuko da Uztaritzen duten egoitzan, hau da, Lota jauregian, eta Estatu frantsesa ere bileran bertan ordezkatua izanen da. Haien atzean 200 eragile eta proiektu benetan garrantzitsu daudela azalduko diete, hartutako erabakian atzera egin dezaten edo, behintzat, murrizketa gehiago egon ez dadin aurrerantzean.
Beren aldarrikapenak gutun bidez babes ditzatela eskatu diete eragile horiei guztiei. Eta protesta kutsua izanen duen «mobilizazio artistiko bat» burutuko dutela ere iragarri zuen Johañe Etchebestek, «ordezkari horiei erakusteko euskal kultura ez dela bakarrik operadore bat, baizik eta horrenbeste eragile dituela gibelean».
Goizeko 10.00etan bertaratzeko deia egin zuen Euskal Kultur Erakundeak.

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump
