Sama Abdulhadi, Octave One eta Helena Hauff, Dantz jaialdian
Dantz Festival nazioarteko musika elektronikoko jaialdia gaur eta bihar egingo da Donostian. 9. edizioan, Octave One estatubatuarrak, KiNK, Sama Abdulhadi palestinarra, Surgeon edo DJ Hell ariko dira, besteak beste.

Iritsi da Dantz Festival nazioarteko musika elektronikoko jaialdia. Gaur eta bihar egingo du Donostian bere 9. edizioa. Antolatzaileen arabera, Dantz Festival «kalitate artistiko paregabea» duen jaialdia izango da; izan ere, Octave One estatubatuarrak, KiNK, Sama Abdulhadi palestinarra, Surgeon edo DJ Hell bezalako artistak kartel berean ikustea ez da ohikoa.
Sama Abdulhadi Palestinako eszena elektronikoko ahots artistikoa da, erresistentzia eta askatasunaren ikur bihurtua. Octave One Detroit-eko bikotea eta tekno klasikoaren figura garrantzitsua da, zuzeneko analogiko indartsuengatik eta erritmoz beteengatik ezaguna. KiNK bulgariarra mundu mailako zuzeneko artistarik laudatuenetako bat da, bere energia eta sormenagatik. Helena Hauff (Alemania), Golden Pudel-eko ohiko egoiliarra eta Europako elektro, EBM eta post-punk soinuaren erreferentea da. DJ Hell (Alemania), tekno alemaniarraren legenda bizia da, abangoardian hamarkadak daramatzana.
Eta, azkenik, Surgeon tekno britainiarraren aitzindaria da, soinu industrial eta dub teknoan eragin handia izan duen ikuspegi sofistikatu duena.
EUSKAL ESZENA
Horiez gainera, euskal eszenaren eta Estatu espainolekoaren ordezkariak ere izango dira jaialdian. Etxetik, Borja S (Bilbo), Celia Carrera (Iruñea), Irune Muguruza (Irun), Koldo Intermusic (Donostia), Obrium (Iruñea), Bitter Ama (Iruñea) eta Zatibi (Azkoitia) ariko dira. Eta jaialdian izango dira baita ere Baldman (Madril), Rec_Overflow (Madril), Hugo (Castro Urdiales), Nelli (Castro Urdiales) eta Ladrillovich (Valentzia). Miramongo anfiteatroa izango da jaialdiaren bihotza. Espazio honek Miramongo ikono den anfiteatroa (Main Stage) eta goiko frontoia (Dantz Radio Stage) hartzen ditu, eta biharko jardunaldian bi eszenatoki izango ditu, elektronika esperimental eta sentsorialetik hasi eta kluberako erritmo indartsuetaraino eskaintzeko. Gaurko jardunaldian, oraingoz, eszenatoki nagusia (Main Stage) erabiliko da.
«Dantz-ek bere proiektu kultural guztietan jasangarritasunaren balioa azpimarratzen duenez, edizio honen antolakuntzan Dantz Festival espazio bakarrean kontzentratzea erabaki du, hirian hainbat eszenatokik sor ditzaketen hondakinak murrizteko asmoz», esan dute antolakuntzako kideek.
Jaialdirako sarrerak eskuragarri daude jaialdiaren webgune ofizialean (https://dantz.eu/).
ELKARTASUNA
Festaz aparte, Dantz festibalak bere babesa eta elkartasuna adierazi nahi dizkio herri palestinarrari, «hamarkadetan zehar okupazioa, terrorismoa, desplazamendua eta indarkeria pairatzen ari den herriari». Palestina libre baten aldeko deialdi globalarekin bat egiten du, «giza eskubideen errespetuaren eta bere biztanle guztiak bake eta duintasunarekin bizitzeko eskubidearen alde».
«Musikak, erresistentzia eta adierazpen moduan, artea askatasunari ahotsa emateko tresna indartsua izan daitekeela gogorarazten digu. Bederatzigarren edizio honetan, harro gaude Sama Abdulhadirekin batera ahots hori entzuteko aukera izateaz», nabarmendu dute antolatzaileek.
Jaialdiaren astean zehar, musika sektorearen garapenera bideratutako jarduera paralelo profesionalak ospatuko dira. Dantz Academy-rekin prestakuntza jardunaldi bat eta networking saio irekiak antolatuko ditu, artistak, kultura-kudeatzaileak, ikasleak eta profesionalak biltzeko.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
