Nora UNANUE
DONOSTA
EUSKAL ZINEMA

35 filmek osatuko dute euskal ordezkaritza aurtengo Zinemaldian

Zinemaldiak euskal zinema inoiz baino ekoizpen gehiagorekin babestuko du, 38 guztira: 27 film luze, 5 film ertain, 3 film labur eta 3 serie, sail ugaritan barreiatuta. Gainera, Zinemirak Telmo Esnal eta Asier Altunaren tandem gipuzkoarra omenduko du haien ibilbide oparoagatik. Altunak, horrez gain, «Karmele» filma aurkeztuko du irailaren 19tik 27ra ospatuko den 73. edizioan.

Oier Plaza eta bere lantaldea, aurkezpenean. Pragan estreinatu zuten «Popel/Errautsak» dakarte Zinemaldira.
Oier Plaza eta bere lantaldea, aurkezpenean. Pragan estreinatu zuten «Popel/Errautsak» dakarte Zinemaldira. (Andoni CANELADA | FOKU)

Aurtengo Donostia Zinemaldiko 73. edizioan -irailaren 19tik 27ra ospatuko den ekitaldia-, Euskal Herrian ekoitzitako zinemagintza inoiz baino indartsuago eta anitzago egongo da ordezkatuta, 38 ekoizpenekin, ia iazko bikoitza: 27 film luze, 5 film ertain, 3 film labur eta 3 serie, sail ugaritan barreiatuta. Euskal sorkuntzek zinemaldiko atalik garrantzitsuenetan izango dute lekua: Sail Ofiziala, New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera, Nest, Culinary Zinema, Zinemira, Made In Spain, Belodromoa, Haurrentzako Zinema, Klasikoak, EITB Gala eta RTVE Gala.

Aurkezpen-ekitaldian Tabakalerako zinema aretoan dozenaka pertsona bildu ziren atzo goizean: euskal zinemaren ordezkariak, hedabideak... eta, besteak beste, baita jaialdiaren zuzendari nagusi den Jose Luis Rebordinos ere. «Aurten inoiz baino euskal ekoizpen gehiago izango ditugu», harro ospatu zuen Rebordinosek, eta komunikazio arduradunak, Ruth Perez Anucitak, berriz, aurtengo Zinemira saria Telmo Esnal eta Asier Altuna zinemagileek jasoko dutela iragarri zuen.

Euskal zinemari dedikatutako sail bereziak, Zinemirak, aurten 13 proposamen jasoko ditu, eta horietatik lau film luzek erabateko mundu-estreinaldia izango dute jaialdi donostiarrean. Aldi berean, Irizar Saria jasotzeko hautagai izango dira Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi, Alberto Rodriguez, Alauda Ruiz de Azua, Agustin Diaz Yanes, Asier Altuna, Irati Gorostidi Agirretxe, Marta Medina eta Enrique Lopez, Jon Arregui Larrazabal eta Miguel Angel Vivas. Beste behin, 20.000 euroko saria jasoko dute ekoizleek saria eskuratuz gero. Sari hau Donostia Zinemaldiak, Jaurlaritzako Kultura Sailak, Irizarrek, EITBk eta Urbilek babesten dute, eta Euskadiko Filmategia, EPE-IBAIA eta Zineuskadiren laguntza dute, kolaborazio zabala erakutsiz.

ZINEMIRA SAILA

Inge Mendiorozek bere bigarren ez-fikzioarekin, ‘‘Lourdes Iriondo, ez gara alferrik pasako’’ bio- grafiarekin, irekiko du Zinemira saila, kantagintzaren ikur honen bizitza ikuspegi berri batetik kontatuz. Amaiera, aldiz, Anuska Ariztimuñoren ‘‘Hombre bala’’ lanak emango dio, Mikel Erentxun musikariaren bizitza errepasatuz. Mikelatxo Urbiren “Arg(h)itzen: torturaz argi hitz egiten, tortura argitzen” eta Gaizka Urrestiren ‘‘Eloy de la Iglesia, adicto al cine’’ ere protagonista izango dira sail honetan.

Lehian ez dauden proposamenen artean, Zinemira sailak Jesus Mari Lazkanoren ‘‘Natura fugit’’ animazio film laburra eta aurrez aipatutako Mendiorozen dokumentala proiektatuko ditu.

Zinemaldiaren aurretik estreinatu ziren zortzi ekoizpenek ere parte hartuko dute sailean, baina Irizar sarirako lehian parte hartu gabe: Nacho Vigalondoren ‘‘Daniela Forever’’, Patxi Bisquerten ‘‘Ombuaren itzala’’, Borja Cobeagaren ‘‘Los aitas’’, Asier Urbietaren ‘‘Faisaien irla’’, Oier Plazaren ‘‘Popel / Errautsak’’, Sara Fantovaren ‘‘Jone, batzuetan’’, elkarlanean zuzendutako ‘‘Itoiz udako sesioak’’ eta ‘‘Gregorio Ordoñez, el asesinato que despertó la rebelión contra ETA’’ dokumentala.

EUSKAL EKOIZPENAK GAINONTZEKO SAILETAN

Euskal ekoizpenak Zinemaldiko sail ezberdinetan sakabanatuta egongo dira aurten ere, nazioarteko ikusleengana iristeko aukera zabalduz. Nabarmenenak, Sail Ofizialaren barruan Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian sartuko diren bi filmak: Moriarti ekoiztetxearen azken produkzioa batetik, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregik zuzendurako ‘‘Maspalomas’’, eta Alauda Ruiz de Azua zinemagile bizkaitarraren proposamen berria bestetik, ‘‘Los domingos’’. Asier Altunaren “Karmele” filma eta Koldo Almandozen ‘‘Zeru ahoak’’ seriea Sail Ofizialeko Emanaldi Berezietan estreinatuko dira; Irati Gorostidiren ‘‘Aro Berria’’, bere aldetik, New Directors sailean lehiatuko da, eta Jon Arreguik Culinary Zineman aurkeztuko du “Tetsu, txispa, hoshi”.

Horizontes Latinosen, Diego Cepedesen “La misteriosa mirada del flamenco” ikusteko aukera izango da; Zabaltegi-Tabakaleran, Olaizola Lizarralderen “Bariazioak”; eta Nest sailean, Inês Nunesen ”A solidão dos lagartos”. Made In Spain sailak beste bost euskal film hartuko ditu: “Nosotros”, “8”, “La infiltrada”, “¡Caigan las rosas blancas!” eta “Miss Carbón”.

Belodromoan, berriz, “Go!azen” seriearen denboraldi berria eta “Euskal Herria Hegan” programaren lehen atala aurkeztuko dira. Haurrentzako Zinema sailari dagokionez, “Heidi, katamotzaren erreskatea” filma emango da. Eta Klasikoak sailean, zaharberritutako euskal film ertainak proiektatuko dira, hala nola “Hamaseigarrenean aidanez”, “Ehun metro”, “Zergatik panpox” eta “Oraingoz izen gabe”.

BI IBILBIDE OSPETSUREN AITORTZA

Euskal zinemaren ibilbideari egindako ohorezko aitortza gisa ematen da Zinemira saria, eta aurten Telmo Esnal eta Asier Altuna zinemagileak izango dira omenduak Donostian ospatzen den gala handian. Bikote gipuzkoarra 1997tik elkarrekin aritu da zinemagintzan, eta, “Txotx” eta “Aupa Etxebeste!” bezalako lanekin mugarri garrantzitsuak ezarriz, euskarazko zinema normalizatzen lagundu dute. Altunak, gainera, “Karmele” film berria aurkeztuko du Zinemaldian, Kirmen Uribe idazlearen “Elkarrekin esnatzeko ordua” (Susa, 2016) eleberrian oinarritutako pelikula, eta bien ekarpen zabala Kimuak katalogoan ikus daiteke.

Zinemalditik nabarmendu zutenez, 73. edizio honetan euskal zinemaren presentzia erreferente bilakatu da, ekoizpenen kantitate eta kalitatean jauzi berria emanda. Zinemira sailak eta Irizar sariak euskal sorkuntzaren bultzatzaile izaten jarraitzen dute, artisten lana eta sortzaileen ekarpena publikoki aitortuz.

URBILEN IKUSGAI

Azkenik, zehaztu zuten Zinemaldiaren zein Zinemiraren sustatzaile den Urbil merkataritza-gunearen lankidetzari jarraipena emateko, Zinemaldian programatutako hainbat film eskuragarri izango direla Urbileko zinema aretoetan.

Zinemira sailean parte hartuko duen “Faisaien irla” filmaren emanaldi bat eta Haurrentzako Zinema sailean hautatutako hiru filmen proiekzio bana egingo dira Zinemaldiak irauten duen asteburuetan.

Horrez gain, Belodromoko “Go!azen” seriearen bi emanaldiez gainera, hilaren 25ean beste emanaldi bat egingo da.