Su-etenak, basoetan ere
Amaitzear dago oporraldi ofiziala, abuztua. Agorrila esaten diote eskualde batzuetan, erreken sasoiko ur-emariei begira, seguruenik. Tira, albisteetan sikiera agorrik ez, beti dago zer esan, zer bilatu, albistegiko espazioak bete egin behar direlako udako denboran ere! Nik egun batzuk kanpoan egin eta bueltan hortxe izan ditut ordenan metatuta mahaiaren izkinan egunkari biak. Eta albiste gehienak aurretik gauez pantailan ikusiak banituen ere, gainbegirada arina eman diet, ideia batzuk behintzat buruan iltzatze aldera. Eta Gazan Gazakoa; gosete ofiziala… Amorruila, abuztua ere!
Total, curriculum vitae pandemia izan da. Galdua da kontzeptuaren hasierako adiera, Getsemaniko ortutik zetorrena, nork bere bizitzan benetan eginak biltzen zituen zer harena. Informazio aro zer honetan, ostera, espazio libre bihurtu da CV hura, orriak alegiazko tituluez betetzekoa, prosaren gutxienezko arauak berak ere bete gabe. Dena dela, curriculumaren arazoa haratago doa; ikusi baino ez dago sailburuak ertzain izan nahi dutenei leporatua, ikasi egin behar dutela! Etsaminetan nahikoa sikiera lortzeko ikasi, demontre! Furgonetan joateko bada ere! Politikan ere eskatu beharko zen ikasteko etengabeko jarrera, hastear den kurtso berria ikasturtea izan dadin! Are gehiago, memoriaren institutu bateko zuzendari izan nahi duenak burua behar beste zabal eta libre beharko luke gogora ekarri behar den guztiak lekua izan dezan! Historiaren etsaminan nahikora behintzat heltzeko!
Tira, bestelako harira! Suteak albiste, eta zaharrak berri. Basoetan erregaia, lurzoruan hezetasun eza, zeruan haize ufada beroak eta, sarritan, esku puntan pospoloa… Ondorioz, su eta gar, su eta ke. Su-etenak behar, basoetan ere. Udan geratzeko etorriak direlako suteak! Badugu zer ikasi ikasturte berrian! Irailean hasita… bihar!

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
