Donostiako mobilizazio nazionalean parte hartzeko deia egin du Ernaik
Ehunka kide elkartu ziren atzo Zarauzko malekoian Ernaik irailaren 14an Donostian egingo duen mobilizazio nazionalera dei egiteko. Hitzordu horretan, gazte antolakundeak aurreko belaunaldiaren «lekukoa hartu» eta Euskal Herria askatasunera eramateko gazteek bultza egiteko ordua dela aldarrikatuko du.

Irailaren 14rako, “Ekin eta bultza askatasunera” lemapean Donostian egingo den mobilizazio nazionalera deitu du Ernai gazte antolakundeak. Mobilizaziora dei egiteko, ehun lagunetik gora elkartu ziren atzo Zarauzko malekoian. Txiki eta Otaegi gazte independentisten fusilamendutik 50 urte pasatuta, memoria ariketa bat egingo dutela, baina batez ere, aurrera begira ari direla aipatu zuten.
Zentzu horretan, Donostian egingo duten mobilizazioan, Ernaiko kideek aurreko belaunaldiaren «lekukoa hartu» eta Euskal Herria askatasunera eramateko gazteek bultza egiteko ordua dela aldarrikatuko dute, «Euskal Herriaren independentzia delako zapalkuntzarik gabeko herria eraikitzeko bide bakarra».
Izan ere, Ernairen iritziz, «aurrerapauso» bat emateko garaia da. «Munduan zehar, kaosa da nagusi. Krisia, gerra, oldarraldi erreakzionarioa. Finean, sistema kapitalistaren azken hamarkadetako ereduaren agortzea eta agertoki bortitzago baten hasiera. Alegia, gazte eta oro har herri sektoreak zanpatu eta are babesgabeago utziko dituen olatu oso bat», ohartarazi zuen.
Era berean, Euskal Herriaren biziraupena kolokan aurkitzen dela azpimarratu zuen. «Gure herria ukatua da, gure hizkuntzaren aurkako oldarraldi oso bat dago martxan eta gure ikurrak jazarriak dira. Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea ukatua da, eta aipatutako bidegurutze globalaren baitan herri gisa erantzuteko tresneria bahitua dugu», gehitu zuen Ernaik.
Horrela, Ernaiko bozeramaileek azpimarratu zuten herri honek «ezker-eskuin astinduko duen bultzada berri bat behar duela. Garaiko horren neurrikoa. Bizi ditugun garaietan, gazte zapaldurik biziko ez den jendartea eraiki eta gure herriaren biziraupena bermatzeko bide bakarra independentzia delako. Ez dago besterik. Eta gazteok prest gaude gure herriak behar duen bultzada berri hori eragin eta askatasunaren aldeko borroka muturreraino eramateko», adierazi zuten.
UDAKO KANPAINA
“Ekin eta bultza askatasunera” leloak ezaugarritzen du Ernairen aurtengo udako kanpaina, eta, 1975 urteak efemeride asko baditu ere, Txiki eta Otaegiren fusilamenduei egin die erreferentzia Ernaik udako kanpainan: «Ez dugu irakurketa historizista bat egin nahi, baina bi figura hauen izaerari erreparatu nahi diogu: Txiki eta Otaegi bi gazte militante ziren, bi gazte independentista, frankismoaren garai latzenenetan herri hau askatasunera eramateko hautua egin zutenak». Garaiko nazio askapen mugimenduari «bultzada» eman zioten gazte belaunaldi bateko kide izan zirela aipatu zuen, eta «molde berriak ekarri zituen gazteria bat izan zen», gehitu zuen «Txiki eta Otaegi hil zituzten, baina ez dute sekula herri honen askatasunaren nahia isilaraztea lortuko. Eta orain gu gara herri honek merezi duen etorkizunagatik borrokan jarraitzen dugunak, gaur egungo gazteei inoiz baino indartsuago bultzatzea egokitzen zaigu», azpimarratu zuen Ernaik.

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
