Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
THE ROSES

Etxea borroka-eremu bihurtzen denekoa

Onartu beharra dago ez duela erraza izan behar “The War of the Roses” bezalako komedia beltzeko klasiko bat egokitzea. Jay Roach saiatu da, eta, lan txukuna egin badu ere, tonu aldetik hibrido arraro samarra atera zaio. Jorratzen duen gaia modu nahiko arruntean azalduta dago, bai narratiboki, bai formalki. Klasikoaren light bertsioa dirudi.

Bizitzak nahiko erraza dirudi Ivy (Olivia Colman) eta Theok (Benedict Cumberbatch) osatzen duten bikote perfektuarentzat: ibilbide arrakastatsuak dituzte eta, dirudienez, zoriontsu dira, harmonia, luxu eta arrakastaz inguratuta. Baina egun batean, itxurazko idilio horren atzean pitzadura sakon bat dagoela ohartuko gara, eta dena suntsitzeko arriskua oso gertu.

Bikoteak etxea borroka-eremu bihurtzen duenean, filmak gozamenerako une ugari eskaintzen dizkigu, batez ere antzezpenen indarrari esker; sekulako plazera da aktore hauen lana behatzea. Hala ere, gatazka horrek sarriago auzokideen arteko liskar arrunt baten karikatura dirudi, sakontasuna duen porrot emozional bat baino.

Gatazka zentralak ondo funtzionatzen du, eta erraz gidatzen du gidoiaren norabidea, baina zenbait unetan errepikakorra da. Bestalde, bigarren mailako pertsonaien eraikuntzak ez du behar adina sakontasun, eta trama nagusia aberastu ordez, sarritan oztopo bihurtzen da, erritmoa eten eta narrazioaren indarra lausotuz.

Pelikula lehen mailako bi aktore afari dotore batera gonbidatzea bezalakoa da, baina une erabakigarrian pizza izoztua zerbitzatzea. Filmak entretenimendua eskaintzen du: baditu txinparta biziak, elkarrizketa pozoitsuak eta luxuzko antzezleak, baina, azkenean, satiraren eta komedia erromantikoaren arteko erdibidean geratzen da, ez da ez bata ez bestea.