Ilargi AVILA
IRUÑEA
Elkarrizketa
yasmine khris maansri
Laba elkarteko kidea

«Laban musika izango da ardatza. Kalitatezkoa eta euskalduna»

Laba elkarteak bere lokalaren berrinaugurazioan ospatuko du sei hilabetetan zehar egindako obrak bukatu berri dituztela. Yasmine Khris Maansri Labako kideak hemendik aurrera bertan eskaintzan izango diren berritasunak azaldu ditu, musikak lokal berrituan izango duen garrantzia azpimarratuz. Lokala “listening bar” bihurtu dute, soinu ekipo berriarekin.

(Iñigo URIZ | FOKU)

 

Laba elkarteak Iruñeko Gaztelu plazan duen lokalaren berrirekiera festa egingo du gaur. Egun osorako egitaraua prestatu dute, musika ospakizunaren ardatz nagusi bezala kokatuz. 10.30 aldera gosariarekin hasiko dira, eta Broken Brothers Brass bandak Iruñeko Alde Zaharra zeharkatuko duen kalejira berotuko du, jendea 12.00etan Labara bueltatzen den arte. Bertan izango da Iruñean dagoen euskaldunen topagune honen inaugurazio ofiziala, musikaz inguraturik.

Yasmine Khris Maansri, Laba elkarteko kidea, lokalean egindako aldaketa fisikoen eta hemendik aurrera bertan emango diren berritasunen inguruan aritu da GARArekin izandako elkarrizketan.

Lokala Windsorrarekin fusionatu duzuela ikusi dut. Dexente handitu da, ezta?

Bai. Laba ireki zenean, bere garaian apustu etxea zegoen lokalaren tamaina bakarrik hartzen zuen. Ez zen oso handia. Iazko urte bukaeran, jabeak aukera eman zuen ondoko lokala ere edukitzeko, Windsor taberna. Urte amaieran lortu zen lokal berri hau, eta obrak egin ostean, 2025eko kurtsoan irekitzea pentsatu genuen, gure ohiko emanaldiekin.

Zer-nolako espazioa bihurtu nahi zenuten lortu berri zenuten ondoko lokala?

Asmoa zen bi lokalak batzea eta lotzea, Laba eta ondoko taberna zena, espazio berri bat sortzeko. Horretarako sei hilabete beharko genituela ikusi genuen. Iragarri genuen otsailean itxiko zela Laba, obra berri hau egin ahal izateko. Otsail bukaeran egin genuen itxiera festa, jakinda Laban bertan ez zirela gauzak eginen. Orain, sei hilabete pasatuta, hilaren 1ean ateak zabaldu genituen eta jendeak sartzeko eta barrutik ikusteko aukera izan zuen.

Laba Windsorrarekin batu ostean, zeintzuk dira orain dauzkazuen dimentsioak?

Tamaina dexente aldatu da. Espazioa ia-ia bikoitza da, orain 195 m2 ditu.

Nolakoa izango da oraingo distribuzioa espazioa ahalik eta ondoen aprobetxatzeko?

Beheko solairua sukaldea izateko erabiliko dugu, eta goiko espazioa hainbat ataletan banatzea pentsatu dugu. Obran, pareta kentzean, zutabeak mantendu behar izan ditugu. Alde batetik, barra zabala badugu, eta bestetik, espazio nagusia jendea esertzeko, mahaiak jartzeko, aulkiak, eta abar. Oholtza lehen baino handiagoa dugu, eta komunak guztiz berriturikj daude eta handiagoak dira.

Nola lortu zenuten Windsor lokala erostea? Jabeak pozik saldu zizuen haien lokala?

Windsorreko jabeak jarri zuen lokala salgai, eta Labako jabeak erosi zuen. Ezagutzen zuten elkar, haien artean harreman profesionala bazuten, eta Labako jabeak ikusi zuen izugarrizko aukera izan zitekeela Labari bultzada bat emateko. Windsor eta Labaren jabeen artean salmenta bat izan zen.

Zein izan da urte hauetan zehar Windsorrarekin izan duzuen gatazka?

Bere garaian, gatazka baino, ondoko lokalarekin hainbat gaizki ulertu gertatu ziren, batez ere terrazaren inguruan. Lehen aipatu dudan bezala, Laba sortu baino lehen, bazegoen han apustu etxe bat, terrazarik behar ez zuena. Orduan, pareko lokalak normalki erabiltzen zuen bertan zegoen espazioa. Laba sortu zenean, Labari zegokion terraza erabiltzen jarraitu nahi zuen. Gatazka baino, hainbat gaizki ulertu izan ziren, baina hori iraganean utzi dugu.

Lokala astelehenean ireki zenuten, ezta? Zergatik erabaki duzue berrinaugurazio festa larunbatean egitea?

Astelehenean ireki zen, bai. Guretzat egun potentea larunbatean izango zela pentsatu genuen. Irekitze festa egutegian oso argi utzi nahi genuen, horregatik larunbatean egitea erabaki dugu. Oraindik aurrera hartuko dugu nolabait erritmo normala. Aste honetan, berrirekiera zela eta, ordutegia pixka bat ezberdina izan da.

Berrinaugurazioaren ostean zer berritasun egongo dira?

Laba jatetxe eta taberna bihurtu dugu. Horrez gain, “listening bar” bat izatea nahi genuen.

Zertan datza diozun “listening bar” proiektua? Zein da berezitasuna?

Txoko bat jartzea erabaki dugu, alde batetik DJ bat izateko aukera emango duena, eta bestetik, binilo pareta edo mural bat, soinu ekipo guztiz berrituarekin, bertan musika entzun ahal izateko.

Elikagaiei dagokienez, nolako eskaintza emango duzue hemendik aurrera?

Lehen Laba kafetegi bat zen, eta eskaintzen genituen hainbat gosari eta pintxo, baina orain, lokal eta sukalde potente berriekin, bazkaldu eta afaldu ere egin ahalko da Laban. Hori izango da gure berezitasunetariko bat. Orain jatetxea eta taberna izango da.

Nola garatuko duzue jatetxe eta tabernaren proiektua?

Proiektu hori Torino Berria enpresarekin garatzea erabaki genuen. Ekipo oso bat dago, 12 langile hasi dira ostalaritza lanean, eta gehiago izango dira. Langileetako asko, Ilundain elkartearekin batera, eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, euskarazko ostalaritza ikastarotik pasatu ziren. Formakuntza hau Laba berrian sartzeko intentzioarekin sortu zen. Torino Berriak eskaini du hori, eta gosariak, bazkariak eta afariak emanen dituzte. Lizentzia aldetik, beste berrikuntza bat ere badago: izan ere, garagardo eta ardo mota ezberdinak eskainiko dira.