P. LEKUONA - O. AIZPURU
BAIONA

Bernat Etxepare Lizeora ere iritsi da belaunaldi berrien hazkundea

Seaskako ikasleek hasi dute ikasturtea. Erronka asko dituzte eta haietako bat 2000. urtetik hona izan den piramidearen hazkundeari erantzutea da. Baionako Bernat Etxepare Lizeoan 530 ikasle dituzte jadanik, Garikoitz Mujika zuzendari berriaren arabera. Handitze horrek aldaketa pedagogiko zein logistikoak ekartzen ditu.

Garikoitz Mujika, Bernat Etxepare Lizeoko zuzendaria.
Garikoitz Mujika, Bernat Etxepare Lizeoko zuzendaria. (Patxi BELTZAIZ)

Irailaren lehenean ekin zioten Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ikasleek ikasturte berriari. Seaskaren kasuan, erronka handiei aurre egiteko urteak izango direla adierazi zuen Garikoitz Mujika Baionako Bernat Etxepare Lizeoko zuzendari berriak NAIZ Irratiari emandako elkarrizketan.

Bernat Etxepare lizeo koskorra da dagoeneko. 530 ikaslera iritsi da eta «transatlantiko hau martxan jartzen» ari dira egunotan. «Irakasleak abuztuaren 28an hasi ginen lanean. Ikasleak astelehenean hasi ziren, eta sartzean makinak zerotik ehunera berehala pasatzen dira. Horiek urgentziak. Gero, erronka handiak ditugu aurretik. Hor sartzen da Bernat Etxepare eta baita etorkizunean Donapaleun eraikiko dugun bigarren lizeo hori ere. Horrek ekarriko dituen eskaintza, gogoeta eta abarrak landu behar ditugu».

Seaskak garapen handia izan du, batez ere 2000. urtetik hona. Garapen hori piramidala izan da: aurrena lehen mailetan izan zen jauzia eta belaunaldi haietan Kolegioan izan zen hazkundea. Horregatik, Senpereko Kattalin Elizalde kolegioa zabaldu zen.

Orain, Lizeora iritsi da emendatzea. «Duela bost urte maila bakoitzean lau lerro genituen eta orain sei-zazpi ditugu. Kalkulatzen da zortzi izango direla aurki», azaldu zuen Seaska sarean ibilbide luzea egin duen Mujikak, Xalbador Kolegioan zuzendari izan zenak, besteak beste.

DONAPALEU

Hazkunde horri erantzuten dio hemendik bi urtera Donapaleun eraikitzekoak diren lizeoak. Lizeo orokorra eraikiko dute eta Baionakoa Lanbide Heziketara bideratuko dute gehienbat. «Hor dugu erronkarik handiena, orokorra sortua dugulako. Ezinbestean, euskarazko irakaskuntza garatu nahi badugu, baxoko eskaintza ere garatu behar dugu. Horregatik, bigarren lizeo orokor bat eraiki nahi dugu Donapaleun, gelen gehitze horri erantzun ahal izateko, eta Baiona izango da Lanbide Heziketako eskaintza berria emango duena», adierazi zuen Mujikak.

Orain ematen diren bi baxo profesionalei gutxienez beste hiru gehituz bost baxo profesional eraikitzeko asmoa dute. «Eta etorkizunean, zergatik ez, lizeo ondorengo goi mailako zikloak eskaintzen joan gaitezke», planteatu zuen. «Gogoeta horretan gabiltza. Bernat Etxeparen barrakoiak ditugu, ez dugulako aski espazio fisikorik. Beraz, Elkargoak hemen parean dagoen lur bat eman digu. Lur horretan bi eraikin berri gehitu ditugu eta, beste alde batetik, aukera izango dugu etorkizuneko Lanbide Heziketako eraikin eta azpiegitura horiek sortzeko, Lanbide Heziketan eginez ikasten delako eta tailerrak eta tresnak behar direlako», azaldu zuen Etxepareko zuzendariak.

LIZEORAKO JAUZIA

Ikasleentzat bizitzako lehen aldaketa handia da Bernat Etxepare Lizeora joatea. Etxetik ateratzen dira, eurak baitira Ipar Euskal Herri osoan euskarazko eskaintza duten bakarrak. Hala, lapurtarrak, baxenabartarrak eta zuberotarrak doaz bertara eta, azken hauek bereziki, barnetegian bizi dira. 126 gazte daude aste osoa Lapurdiko hiriburuan pasatzen dutenak.

Mujikaren esanetan, lizeoak heldutasuna ekartzen die, kolegioko nerabezarotik, nerabezaro helduagora, alegia. Unibertsitatearen antz gehiago du eta hori jauzi handia da ikasleentzat.

Aipatutako erronkez gain, oinarrizko borroka kulturala eta hizkuntzaren aldekoa dela baieztatu zuen lizeoko zuzendariak. Estatu jakobinoaren aurrean, euskararen ofizialtasunik gabe, etengabeko mehatxu eta erronka artean bizi baita Seaska.