ALBERTO MATXAIN
IRUÑEA

NBT25, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 47. edizioa, hemen da

Nafarroako Bertsozale Elkarteak Nafarroako Bertsolari Txapelketaren edizio berria aurkeztu zuen atzo prentsaurrekoan. Urriaren 4an hasi eta azaroaren 29ko finalean amaituko da. Bertsolaritza Nafarroan bizitzen ari den gorakada aprobetxatuta, bi apustu egin ditu elkarteak: Nafarroako lurraldean zabaltzea eta finala Navarra Arenan ospatzea. 24 bertsolarik parte hartuko dute, baina txapela bakar batek irabaziko du.

Bertsolariak, antolatzaileak eta Euskarabideako zuzendaria, NBT25en aurkezpenean.
Bertsolariak, antolatzaileak eta Euskarabideako zuzendaria, NBT25en aurkezpenean. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Urritik azarora bitarte jokatuko da aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa, erronka berritu eta anbiziotsuarekin. Nafarroan goraldia bizitzen ari da, eta Bertsozale Elkarteak herrialde osora iristea du helburu. Nafarroako zazpi eskualdetako zazpi herritan egingo dira lehenengo saioak eta finalaurrekoak, eta final handia Navarra Arenan izango da.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak elkarlanaren eta boluntarioen garrantzia azpimarratu du, baita erakunde eta babesleen laguntza ere. Aurten, gainera, egungo txapeldunarekin batera, hainbat aurpegi berri lehiatuko dira.

URRATS KUALITATIBO ETA KUANTITATIBOA

Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea den Saioa Onekak atzo eskainitako prentsaurrekoan adierazi zuenez, txapelketa proiektu kolektibo bat da, elkarlanean eta borondatezko lanean oinarritzen dena, eta erakundeen babesa eta laguntza garrantzitsuak dira. Jarraian eskerrak eman zizkien Euskarabideari, Nafarroako Gobernuari eta Laboral Kutxari, txapelketaren babesle izateagatik, txapelketa hartuko duten udalei, haien ekarpenagatik, eta prestaketa lanetan ariko diren pertsonei.

Jabi Arakama Euskarabideako zuzendariak azaldu zuenez, «euskarazko kultur adierazpide bere-berekia den bertsolaritza babestu eta sustatu beharrarekin konpromisoa du Euskarabideak», eta bertsolariek «haien sormena partekatuko dute nafar jendartearekin eta, horren eskutik, haien hausnarketak, umorea, emozioak, kritika soziala eskainiko dizkigute». Bertsolariei, antolatzaileei eta boluntarioei eskerrak eman zizkien, eta herritarrak saioetara joatera animatu zituen.

Eta, azkenik, Nerea Bruño Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak azpimarratu zuen bertsolaritzak «euskarari eta euskarazko kulturari ekarpen mamitsua» egingo diola «Nafarroako hainbat eskualde eta bazterretara hedatuz». Adierazi zuenez, «urrats kuantitatibo eta kualitatiboa egiteko apustua» egin du aurten Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Izan ere, Nafarroan bertsolaritza gorakada bat bizitzen ari da, eta 2023ko edizioan, txapelketako Anaitasunako finala inoizko jendetsuena izan zen. Horregatik, aurtengoan finala Navarra Arenan izateko apustua egin dute.

PARTE HARTZAILEAK ETA EGUTEGIA

Bi urte igaro dira azken txapelketatik. Aurtengoari begira, 30 bertsolarik eman zuten izena, eta sailkatze fasea pasata, 24 bertsolarik parte hartuko dute. Txapelketako beteranoekin batera, aurpegi berriak izango dira, eta hiru txapeldun ere lehiatuko dira: Julen Zelaieta Iriarte, Saioa Alkaiza Guallar eta Julio Soto Ezkurdia, azken txapelketako irabazlea.

Lehenengo faseak lau saio izango ditu. Auritzen, urriaren 4an, Aitor Irastorzak, Egoitz Gorosterrazuk, Eki Mateorenak, Eneko Lazkozek, Saats Karasatorrek eta Urko Gartziak parte hartuko dute. Bigarrenean, Mutiloan, urriaren 11n, Beñat Astitz, Ekhiñe Zapiain, Idoia Granizo, Jabi Lezaun, Julio Soto eta Sarai Robles izango dira. Hirugarrena Iruritan izango da, urriaren 18an, eta Amaia Elizagoienek, Endika Legarrak, Josu Sanjurjok, Julen Zelaietak, Patxi Castillok eta Xabat Illarregik parte hartuko dute; eta laugarrena, Los Arcosen, urriaren 26an ospatuko da, Ekain Alegre, Joanes Illarregi, Kattin Madariaga, Mikel Lasarte, Saioa Alkaiza eta Xabi Maiaren parte hartzearekin. Lehen fase honetan parte hartuko duten 24 bertsolarietatik hemezortzi finalaurrekoetara pasako dira, saioetako irabazleak eta puntuazioz sailkatutako hamalau.

Finalaurrekoetako saioak Agoitzen, Leitzan eta Tafallan izango dira, azaroaren 1ean, 8an eta 16an, hurrenez hurren. Saioetako hiru irabazleekin batera, puntuazio bidez bost bertsolari sailkatuko dira. Eta azkenik, finala azaroaren 29an jokatuko da, Iruñeko Navarra Arenan, 17.00etan.

Finalean, beraz, zortzi bertsolarik parte hartuko dute, eta puntuazio altuena lortzen duten biek buruz burukoa jokatuko dute. Bien arteko onenak irabaziko du 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelke- tako txapela.

Saio guztietarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian erosi ahal izango dira gaurko 12.00etatik aurrera. Saioen egunean bertan ere leihatilan salgai jarriko dira, Internet bidezko salmentan agortu ez badira.