Asmo handirik gabekoa, baina eraginkorra

Zinez pozgarria da zinemetan, une berean, euskarazko lau film ikusteko aukera izatea: “Heidi”, “Super “Elfkinak”, “Hartz-atzapar kanpamentua” eta “Sari Nagusia Ziztu bizian”; azken honi helduko diot gaurkoan.
Protagonista Edda da, lasterketa-pilotu izatea amesten duen arratoi gaztea. Hasiera batean, bere ametsak ezinezkoa dirudi; hala ere, ustekabeko gertaera baten ondorioz, Europako Sari Nagusian parte hartzeko aukera izango du.
Europako hainbat hiriburutan zehar bidaiatzeko aukera eskaintzen duen film honek lasterketa-eszena zirraragarrien indarra, une hunkigarriak eta mezu positiboen freskotasuna uztartzen ditu. Ikus-entzuleari abentura entretenigarri bat emateaz gain, talde-lanaren garrantziaz, erronkei aurre egiteko ausardiaz eta norberarengan sinestearen balioaz mintzo da. Mezuari zein tonu orokorrari dagokienez, ezin zaio inolako aitzakiarik jarri.
Hala ere, ekoizpen alemaniar honek azken urteotan Europatik iritsi diren beste animazio-lanen indargune eta ahulgune berberak partekatzen ditu.
Esan bezala, atsegina eta erakargarria da, etxeko txikiekin ikusteko oso aproposa, baina aldi berean aurrez existitzen diren beste film animatu batzuen nahasketa baten itxura du. Kasu honetan, “Cars” eta “Zootropolis” filmen elementuak hartu, irabiagailu batean sartu, eta, dena nahastuta, plast, horiekin gidoia osatu dutela ematen du; ehunka aldiz ikusi ditugun egoerak, elkarrizketak eta eszenak. Ziur nago originaltasunaren saririk ez duela jasoko.
Animazio-lana sinplea, baina ederra da, eta eskaintzen duen ikuspegia praktikoa, asmo handirik gabekoa eta freskagarria. Aparteko berrikuntza teknikorik erakusten ez badu ere, eraginkorra da.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
