Martxelo DIAZ
GAZAKO INFERNUAK SUTAN JARRI DU EKIALDE ERTAINA

Ibaitik Itsasora, sionismoa hemen ere badela salatuz

Tiro eremuan Gazan hiltzen duten armak probatzen dituztela salatuz abiatu zen atzo Ibaitik Itsasora martxa Tuteratik, Bardeako Komunitatearen aurretik. Hendaiara hilaren 20an helduko den ekimen honen lehen etapa Castejonen amaitu zen, Trenasa-CAFek sionismoarekin bat egiten duela salatuz. Gaur Azkoienera helduko da martxa.

Korrikan egiten den antzera, giltza bat lekuko gisa erabiliko da Tuteratik Hendaiara.
Korrikan egiten den antzera, giltza bat lekuko gisa erabiliko da Tuteratik Hendaiara. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ibaitik Itsasora martxak lehen etapa bete zuen atzo, Tuteratik abiatuta Castejonera helduz. Hilaren 20an, Hendaian amaituko da martxa hau, Ebro ibaia eta Kantauri itsasoa uztartuz Palestinaren aldeko oihua eginez eta Euskal Herriko enpresek genozidio sionistarekin duten konplizitatea salatuz.

200 bat lagun elkartu ziren Bardeako Komunitatearen egoitzaren aurrean, tiro eremuan probatzen dituzten bonbek gero Gazan sarraskiak eragiten dituztela salatzeko. Tartean, EH Bilduko parlamentari Txomin Gonzalez zegoen.

Bi emakumek bi olerki irakurri zituzten eta Hendaiara helduko den poltsa batean sartu zituzten. Horiekin batera, Palestinako bandera eta herri honen aldeko mezuak zituzten paperezko ontziak ere helduko dira Hendaiaraino.

Korrikan bezala, martxa honetan ere lekukoa dute, etapaz etapa ibilbidea egiteko. Kasu honetan, giltza irudia du. Errefuxiatu palestinarrek etxera itzultzeko duten eskubidearen ikurra da giltza. Okupatzaile sionistek etxe horiek bereganatu edo birrindu badituzte ere, itzultzeko eskubidea bizirik dago palestinarrentzat.

UDALEN ARDURA

Antolatzaileek nabarmendu zutenez, Bardean Sener-ek Bilbon ekoizturiko zaintza-osagai eta sistemak probatu dira. Droneak erabiltzen dituzte, gazatarren informazioa biltzeko. Maxamek Madrilen egindako detonagailuak ere probatu dituzte Bardean, armada sionistak hiri-eremuetan erabilitako aireko eta artilleriako bonben osagarri direlarik. Pap Tecnos Israelgo Rafael enpresaren filial espainiarrak fabrikatutako Spike-LR suziriak ere erabili izan dira Bardean, Indrak egindako laser-gidaritza sistemekin batera.

«60.000 palestinar baino gehiago (horietatik 18.000 haurrak) hil dituzte, eta 150.000 zauritu. Erabili dituzten armetatik zenbat probatu dituzte Bardeako tiro eremuan?», galdetu zuten martxaren hasieran.

Egoera horren aurrean, Bardeako Komunitatea osatzen duten udalen ardura salatu zuten. «Ezin gara geratu tragedia honen aurrean gure udal agintariek duten ardura nabarmendu gabe», esan zuten.

Horrekin batera, hitz gogorrak izan zituzten Tuterako Udalarentzat ere. Izan ere, salatu zuten Palestinarekiko elkartasuna adierazteko antolatzen diren ekimenei traba ugari jarri izan dizkiela.

Atzo UPNko Alejandro Toquerok zuzentzen duen Udalak ere antzekoa egin zuela salatu zuten antolatzaileek. Izan ere, martxaren lehen metroak Tuterako erdigunetik manifestazioan egiteko asmoa zuten. Baina Udalak ez zien utzi. Gauzak horrela, Bardeako Komunitatetik Ebro gaineko zubirainoko bidea zuzen egin zuten.

Bertan, argazki sinbolikoa egin zuten Ebro ibaiaren ondoan, Hendaian itsasoarekin uztartuko dela irudikatzeko. 1979an Guardia Zibileko agente batek protesta antinuklear batean zubi horretan tiroz hil zuen Gladys del Estal gogoratu zuten.

CASTEJONEN, BOIKOTA

Erriberako bideetan hogei kilometro egin ondoren, eguerdi partean martxa Castejonera heldu zen. Espainiako plazan indarrak berreskuratu ondoren, CAFen menpeko den Trenasa konpainiaren faktoriarako bidea egin zuten.

Fabrikaren aurrean, Trenasako langile batzordeko kideak zituzten zain, “Genozidioa gelditu dezagun” leloa zuen pankarta batekin. 15.00etan txanda bukatu ondoren, langile gehiago batu ziren elkarretaratze horretara.

CAFek okupazio sionista areagotzen duen Jerusalemgo tranbiaren proiektuan dihardu, baina langileak ez daude horrekin ados, irakurri zuten adierazpenean nabarmendu zutenez.

«CAFeko langileon posizioa garbia izan da betidanik, eta horregatik behin eta berriz zuzendaritzari sionismoarekin duen harreman oro eteteko eta giza eskubideak nahiz nazioarteko legedia urratzen duten proiektuak aurrera ez eramateko eskatu diogu. Zoritxarrez, orain arte erantzun berdina jaso dugun arren, CAFeko langileak Palestinaren aldeko posizioan berresten gara», adierazi zuten.

Sionismoarekin harreman guztiak eteteko eskatu zuten arlo sindikalean ere. Izan ere, Hisradut sindikatu sionista nazioarte mailako elkarteetan onartzen dutela gogorarazi zuten.