Altsasu, Uharte, Antsoain eta Dulantziko jaien txanda iritsi da
Herri eta auzo gehienek ospatu dituzte udako jaiak, baina egutegia ez da erabat itxi, oraindik azken egun batzuk falta baitira. Nafarroan, Altsasu eta Uharte dira irailaren bigarren asteburu honetan jaietan murgilduko diren herriak, eta Antsoainen datorren ostegunean hasiko dituzte beraien festak. Araban, ordea, Dulantzik hilaren 12tik 21era ospatuko ditu.

ALTSASUn iritsi zaie jaiak ospatzeko txanda eta, gaurtik hasita, bost egunez luzatuko da egitaraua. Aurtengoa urte berezia eta zaila izaten ari da altsasuarrentzat, Sunsundegui eta bere enpresa hornitzaile batzuk itxi egin baitira. Hala ere, Udalak gertakari hori «inflexio-puntu» gisa hartu behar dela nabarmendu du, 80ko hamarkadan gertatu zen bezala, krisialdi honetatik ere indartuta atera ahal izateko.
Eguerdiko 12.00etan puntuan egingo du eztanda jaiak, Altsasuko txistulari, gaita-jotzaile, erraldoi eta peñekin, eta arratsaldean, peñen kafea eta kalejira, familia antzerkia, dantzaldia Jamaica Show taldearekin, Altsasuko Zortzikoa eta Larrain Dantza, zezensuzkoa eta Dupla taldearen kontzertua daude iragarrita.
Musika arloarekin jarraituz, larunbatean Bizardunak taldearen kontzertua izango da, igandean Demode Quartet eta Txapela Brava taldeak arituko dira, astelehenean Trikiteens taldearekin erromeria izango da eta asteartean Puro Relajoren kontzertua. Eta kirol jarduerei dagokienez, asteburuan ez dira faltako ez txirrindularitza lasterketak ezta esku pilota txapelketak ere.
KONPARTSA BERRIA UHARTEN Sakanatik Iruñerrira jauzi eginez, Uharten, larunbata eguerdian botako dute Senidetasunaren Besten hasierako suziria, eta egitaraua bederatzi egunez luzatuko da, irailaren 21era arte. Aurten Casa Navarro tabernako familiak botako du suziria. 150 urte baino gehiagoko historia duen ostatua erreferente bilakatu da herrian zein herritik kanpo, eta herritarrek ospe hori mantentzeko belaunaldiz belaunaldi egindako lana eskertu nahi izan dute.
Txupinazoa lehertu bezain laster, jai-giroa zabalduko da herrian zehar, Uharteko gaitero, Ardanbera fanfarre eta Turrutxiki txarangarekin. Ondoren, erraldoien jota joko dute eta erraldoi eta buruhandien konpartsa irtengo da.
Bederatzi egunetan, adin eta gustu guztiei zuzendutako ekitaldiak izango dira, hala nola jota errondak, haurrentzako animazioak, arratsalde pasak, txistu eta gaita dantzaldiak, kuadrillen jokoak, behi eta zezensuzkoak, kontzertuak, erromeriak... Gastronomia arloan, astelehenean herri saiheski-jana izango da, asteartean herri kalderetea, asteazkenean nagusien bazkaria, ostiralean emakumeen bazkaria, eta larunbatean herri paella-jatea.
Berritasunen artean, aipatzekoa da aurten erraldoien konpartsa berria estreinatuko dela; aurkezpena gaur bestan egingo da, arratsaldeko 18.30ean. Horrekin batera, familia osoarentzako jolas berriak izango dira, Zureskuren eskutik, eta gazteentzako gunea Berdintasunaren plazan egongo da, ekintza eta jarduera bereziekin. Jai gune nagusia ere Berdintasunaren plazan kokatuko da.
ANTSOAINen ere jaiak ospatuko dituzte datozen egunotan, baina horretarako egun batzuk itxaron beharko dituzte, ostegunean botako baitute suziria, arratsaldeko 18.00etan. Suziria jaurti aurretik, adineko pertsonak paellada batean bilduko dira Lapurbide plazan.
Aurtengo egitarauak publiko guztientzako 50 bat jarduera biltzen ditu, adin guztiak aintzat hartuta. Aurten, berriz ere, larunbatean Lapurbide kalean egiten den paellada herrikoia berreskuratuko da, eta 450 pertsona inguru bertaratzea espero da.
Musika egitarauari dagokionean, aurtengo jaiak Motxila 21 taldearen kontzertuarekin hasiko dira, eta horrekin batera Zopilotes Txirriaus, Los Tenampas eta Trikiteens bezalako taldeen emanaldiak ere iragarrita daude.
Jaiak irailaren 21era arte luzatuko dira, eta azken egunari elkarrekin agur esateko, ekitaldi sorpresa bat izango da, 21.00etan, Udaletxeko Plazan bertan.
Txosna Elkarteak ere egitarau berezia prestatu du, eta aipatzekoak dira gauetan antolatu dituen kontzertuak, Eztitan eta EH Sukarra taldeekin, besteak beste. Txosna elkarteak hitzarmena sinatu du Udalarekin txosnetarako prestatutako tokian hainbat jarduera burutzeko, betiere herritarrei «kulturarako eta partaidetzarako sarbidea errazteko» eta, aldi berean, kolektiboek «kultura eta jaietako jarduerak antolatzen parte har dezaten laguntzeko».
DULANTZIN, BI ASTEBURU Araban, azkenik, Dulantzin ere jaiak ospatuko dituzte datozen egunotan. Txupinazoa ostiral honetan izango da, arratsaldeko 19.00etan, eta egitaraua bi asteburutan luzatuko da, hilaren 21era arte, hain zuzen. Zatorrak neska kuadrillak jaurtitako txupinazoa, eta “Tripafina”-ren jaitsieraren ondoren, txosnen irekiera egingo da; gauerdian, Josetxu Piperrak taldearen kontzertua izango da plazan, baita DJ saioa ere txosnetan.
Larunbatean (irailak 13), blusa eta neska beteranoen eguna ospatuko da, eta arratsaldean blusa eta nesken kuadrillen kalejira handia abiatuko da zezen plazara, bertan “Gran Prixa” jokatuko baita. Gauean, Izenbarekuak txaranga, Orquesta Impakto, zezensuzkoa eta Bad Sound eta DJ Reibax izango dira, azken hauek txosnen eremuan.
Igandean (irailak 14) adin eta gustu guztientzako ekitaldiak izango dira egunean zehar. Astelehenean Aialako erromeria ospatuko da eta jaietako egitaraua datorren ostiralean itzuliko da, irailak 19, ekitaldiz betetako bigarren asteburuari ekiteko. Jaien amaiera igande iluntzean izango da, 21.30ean, “Tripafina”-ren agurra, txaranga, zezensuzkoa eta su artifizialekin.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
