Patxiku IRISARRI
EHNE-Nafarroako exekutibaren ordezkari
KOLABORAZIOA

Nekazaritza Politika Bateratutik haratago

Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) erreforma hurbiltzen ari da, zazpi urtean behin errepikatzen den zikloa dugu hau. Horrela, 2028an aurreikusitako egutegiaren arabera, NPBren eredu berri bat izango dugu, definizio berriekin, ingurumen- eta gizarte-baldintza berriekin eta Europako Batasuna osatzen duten herrialdeetako lehen sektorerako laguntza berriekin.

Aldez aurretik, Europako Batasuneko estatuek finantza-esparrua negoziatzen dute, edo, bestela esanda, Europako Batasuneko nekazaritza-politika horrek dakartzan gastu guztiei aurre egiteko zenbat diru jarriko duten erabakitzen da.

Egungo albisteak ez dira onak lehen sektorearentzat, murrizketa handi samarra iragarri baita, %20tik gorakoa, eta, horrekin batera, udazken beroa aurreikusten dugu erabaki murriztaile hauek direla eta.

Eta zergatik murrizketa hori? Uste dut denok garela horren jakitun. Ez da izango Europako Batasuneko biztanleen osasun, hezkuntza edo kultura baldintzak hobetzeko, ezta herrialde pobreenen garapenerako ere. Orain arte NPBra bideratzen ziren funtsen zati bat Europako Batasunaren berrarmatzera bideratuko da, hau da, industria militarra finantzatzera, hiltzeko moduak etengabe asmatzen dituen eta batzuentzat benetako negozioa den horretara. Arma gehiago, gerra gehiago, heriotza gehiago. Hau al da nahi dugun etorkizuna?

Palestinako genozidioak eta Ukrainako gerrak egunero astintzen gaituzte komunikabideetan, baina beste gatazka asko ere badaude munduan zehar: Siria, Sudan, Afrika Erdiko Errepublika, Nigeria, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Afganistan, Pakistan, Irak...

Liskar armatu hauek guztiak eta horiek eragindako heriotza bortitz guztiak normaltasunez ikusi eta bizitzera ohitzen ari gara. Etsipenak eta izuak depresio orokor antzeko batean sartu gaituzte. Egunerokoan, beldurrak ez digu uzten gogoeta txikiena egiten, baina bada garaia hau aldatzeko. Nazioarteko erakundeak, hala nola Nazio Batuak, edo ordezkatzen gaituzten politikariak ez dira gai izan eseri, arrazoitu eta eite militar hau geldiarazteko. Mundu mailako drama gizatiar, ekonomiko eta ekologiko baten aurrean gaude. Gizarte osoak erakundeetako erokeria hau gelditzeko eskatzeko garaia da.

NPB eta haren finantza esparrua oso garrantzitsuak dira gure sektorearentzat, baina sektore honetako kide garenok ere behartuta gaude egoeraren azterketa orokorragoa egitera, eta hau guztia NPBtik haratago doala jabetzera. Are gehiago, gure lanbidean helburu den elikadura bera ere tresna beliko bihurtu duten honetan, eta gure begien aurrean gosetea gerra arma eraginkor bihurtu duten honetan.

Gauzak horrela, lau haizeetara zabal dezagun: misil gutxiago eta elikagai gehiago.