Deana dela eta
Iruñeko Batasunaren Pribilegioa Karlos III.ari zor zaio. Irailaren 8an, 602 urte bete dira Karlos III.a hil zenetik, eta horren kari hainbat ekitaldi ospatu dira asteburu osoan zehar euskaldunon hiri buruzagian. Astelehen arratsean katedralera joan ziren, aurreikusi bezala, udal ordezkariak, bertan baitaude ehortzita Karlos III. a eta Leonor. Mausoleoaren aitzinean dantza bat egin zitzaien, Iruñeko Konpartsaren eta Duguna dantzarien eskutik.
Egin, egin zen, lehenago katedraleko deanak omenezko dantza hori egiteko debekua ezarri zuen arren. Betoak atsekabea eragin zuen bai Iruñeko Udalean, bai Konpartsako kideengan, bai Duguna taldeko dantzariengan, eta baita Iruñeko jende askorengan ere. Baina zer da dean bat?
Katedraleko apaizak kalonjeak dira, eta horien burua da dean delakoa, labur azalduta. Antzina, dean bat boteretsua zen oso. Erdi Arotik datozen kargu fosildu horiek, dela deana, kalonjea, apezpikua, artzapezpikua, kardinala, dukea, markesa, errege-erregina, egun ez dute jada garai bateko ahalmenik, oraino gehiegi izan duten arren. Egoak hegoak ditu, eta apaiz zenbaitek jokatzen dute apetatsu, egoskor, aspaldi handian izan zuten botere izugarriaren hondarraren adierazgarri. Oraindik badirela nor erakutsi nahian dabiltza harrokeriak hauspotuta. Baina garai horiek ez dira sekula itzuliko, berorika mintzatzen gintzaizkien garaiak.
Iruñeko katedraleko deanaren jarrerak ume baten kasketa dakarkigu gogora. Ume mainontzi baten antzera, jadanik inork kasurik egiten ez diolarik, betoa du arma. Izan ere, inork gutxik daki dean bat badenik ere, arras galdua baitu antzinako itzala. Honezkero, inork kontuan hartzen ez duenez gero, umemoko temati bat balitz bezala, eskola-patiotik baloia eraman nahi izan du, baloia berea balitz bezala, mukizu kaskagogor galtzaile baten lez, partida galdu duelarik.
Jokaldi patetiko bat gogorarazteko, bera, dena dela, deana dela.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
