Imanol CARRILLO
ATHLETIC-ALAVES

Historiara pasa daitekeen derbia jokatuko dute gaur San Mamesen

Athleticek lau garaipen segidan lor litzake gaur, Liga hasiera batean inoiz lortu ez duena, hurrengo asteartean Txapeldunen Ligan estreinatu aurretik. Alavesek, aldiz, azken 20 urteetan ez du Bilbon irabazi, baina Coudetek bai; badaki hori zer den.

Aymeric Laporte, eskuinean, atzoko entrenamenduan.
Aymeric Laporte, eskuinean, atzoko entrenamenduan. (ATHLETIC CLUB)

Historia egitera gatoz. Esaldi hau datorren ekainaren 19an eta 20an ZETAK-ek eta Pello Reparazek San Mamesen eskainiko duten ikuskizun erraldoirako erabil genezake. Baina ez, oraingoan ez; ez gara aurreratuko. Gaur bertan, 18.30etik aurrera, Athleticek eta Alavesek futbol Liga hitzordua dute Bilboko zelaian, eta biek historia egin dezakete.

Alde batetik, etxeko taldeak laugarren garaipena lor lezake segidan Liga hasiera honetan, inoiz lortu ez duena, alegia. Alavesek, aldiz, azken 20 urteetan ez du San Mamesen irabaztea lortu, eta hiru puntuak eskuratuko balitu, babazorro guztiak poz-pozik joango lirateke etxera gaur gauean.

Athletici dagokionez, errusiar mendi itzela gainditu du azken asteetan. Aymeric Laporterekin izandako tirabirak azkenean albiste onak ekarri ditu: 31 urteko atzelaria etxera bueltaraztea lortu du. Hori bai, oraindik ez da deialdian sartu eta, nahiz eta Athletic eta taldekide batzuk bikain ezagutu, egokitze prozesu txiki bat bizi beharko du frantziarrak.

Ernesto Valverdek harmailetatik jarraitu beharko ditu derbia eta datozen hiru partidak, Sevillako Cartujan jasotako zigorragatik. Gainera, ezin izango du Yeray Alvarezekin kontatu, kasu honetan hamar hilabetez, dopin kontrol batean positibo eman ostean. Baina entrenatzaileak, agian, bajarik garrantzitsuena aurrealdean du. Izan ere, Nico Williams lesionatuta itzuli zen Espainiako selekziotik eta bizpahiru aste egon liteke jokatu gabe. Hori gutxi balitz, kontuan izan behar da datorren asteartean Txapeldunen ligako estreinako partida dutela zuri-gorriek etxean, Mikel Artetaren Arsenalen aurka, eta Prados, Lekue eta Pradilla baja izango dira gaurkoan ere. Atezaina zigortuta dago eta bere ordez harrobiko Mikel Santos sartu da deialdian.

Albiste onik ere badu Valverdek. Izan ere, Iñigo Ruiz de Galarreta osaturik dago eta zelai erdiko postua berreskura lezake, Alex Berenguerrek Nico Williamsen tokia hartuz. Aurrean, berriz, Gorka Guruzetak aukera izan lezake ostegunean Marokorekin jokatzetik bueltatu zen Maroan Sannadiren postua eskuratzeko.

Prestatzaile zuri-gorriak faktore asko izan beharko ditu kontuan, datorren astearteko lehiara begira ere jarri beharko baita.

ESTATISTIKAK APURTU

Zentzu horretan, Alaveseko Chacho Coudetek ez du “arazorik”. Babazorroek Liga dute helburu, Kopa iritsi aurretik. Bederatzi puntutik lau eskuratuta iritsiko dira San Mamesera, non behin bakarrik irabazi duten, duela 20 urte (2005ean, 0-2).

Ostegunean estatistikak apurtzeko egongo direla azpimarratu zuen atzo bertan 51 urte bete zituen Eduardo Coudetek. Eta berak oso ondo daki hori, Celtarekin irabaztea lortu baitzuen San Mamesen, talde galiziarrak bertan 16 urte zeramatzanean garaipena lortu gabe. Hori gutxi balitz, Mendizorrotzara ere joan behar izan zuen Celtarekin, taldeak inoiz irabazi ez zuen estadiora eta orain bere etxea denera, eta hor ere garaipena lortu zuen.

“Mendi”-tik urrun ez du punturik lortu aurten talde gasteiztarrak, eta horri buelta emateko prestatzaile argentinarrak Lucas Boyeren laguntza izango du lehen aldiz, herrikidea osaturik baitago jada. Atzean, Pachecok tokia izan lezake, Garcesekin batera eta Tenaglia eskuin hegalera bidaliz.

Historia egin edo ez, zaleek derbi interesgarri bat bizitzeko aukera bikaina izango dute.



Laporte, taldearekin, baina deialditik at

Osteguneko albisterik garrantzitsuena Athleticen Aymeric Laporteren fitxaketa izan zen, 2028ra arte sinatu baitu talde zuri-gorriarekin FIFAk bere egoera desblokeatu ostean. 31 urteko atzelaria atzo bertan entrenatu zen lehenengo aldiz Valverderen aginduetara, taldekide berrien txaloak eta ongietorria jaso ostean.

Hori bai, azkenean ez zen deialdian sartu gaurko derbia jokatzeko. «Entrenamenduaren lehen zatia osatu du nola dagoen baloratzeko, eta ez dakit ‘transfer’-a duen jada edo ez, baina denbora eman behar zaio pixkanaka egokitzeko. Ez dugu denbora asko pasatzea nahi, baina ezta arazorik izan dezan ere», argitu zuen Ernesto Valverdek entrenamenduaren ostean eskainitako prentsaurrekoan.

Argi dagoena da behin “transfer”-a lortzen duenean, eta arazorik ez badu, jokatzeko prest egongo dela Laporte, are gehiago taldeak jokalari bat behar duenean postu horretan, Yerayren zigorragatik eta Eguiluzen lesioagatik, biak denbora luzerako aurreikusiak. Vivian eta Paredes bakarrik daude postu horretarako eta, gainera, komodina izaten den Iñigo Lekue osatzeko prozesuan dago oraindik.