Euskal dantza frankofoniara hedatzen
Frantsesa hizkuntza duten herrialdeetan euskal dantzari eta konpainien presentzia areagotzeko ahaleginetan ari dira Etxepare Euskal Institutua eta Malandain Ballet Biarritz. Programaren asmoetariko bat hiru administrazioren menpe dagoen dantza arloaren «kartografia komuna» osatzea eta nazioartean horren berri ematea da.

Euskal dantza frankofoniara irits dadin lanean ari dira Etxepare Euskal Institutua eta Malandain Ballet Biarritz. 2025etik 2027ra garatuko den Etxepare Euskal Institutuaren “Ça colle au basque” programaren barruan kokatzen da egitasmoa.
Hainbat arlotan du garapena egitasmoak eta dantzari dagokionez, Malandain Ballet Biarritzekin batera, “Saut de basque” proiektua jarri dute abian. Joan den astean Maitaldia jaialdian egindako jardunaldi profesionalean aurkeztu zuten euskal dantza frankofoniako sare artistiko eta instituzionaletan kokatzea helburu duen aliantza estrategikoa. Topaketan 80 lagun baino gehiago elkartu ziren.
Aurten, lehen aldiz, leiho propioa izan du euskal dantzak Biarritzeko Maitaldia jaialdian. «Euskal Leihoak deitzen diogu jaialdi edo programazio zehatz batean euskal sorkuntza garaikideari eskaintzen zaion atalari. Zortzi konpainiak parte hartu dute Maitaldian, Hegoaldekoek eta Iparraldekoek. Beraien lanak aurkeztu dituzte Frantziako eta nazioarteko programatzaile eta profesionalen aurrean eta, gainera, lan egin dugu Frantziako programatzaileak etor daitezen leihoa ikustera. Alegia, atal bat sortu dugu Maitaldian bigarren eragin hau eduki dezan. Gako garrantzitsua da Malandain Ballet Biarritzek Frantziako Zentro Koreografiko Nazional izaera izatea. Hori baliatu nahi izan dugu euskal dantza garaikideari ikusgarritasuna emateko. Garaikide diot, eta hala da denborari dagokionez, baina gaur egun erakusten ditu dantza klasikotik eta tradiziotik oso gertu dauden edo hortik eratorri diren proposamenak», kontatu du.
«Malandain Ballet Biarritzek, zentro koreografikoa den aldetik, ez du bere lana erakustaldi honekin bukatuko. Euskal Leihoekin, oro har, ‘hemen gaude’ esan nahi dugu lehenengo. Existitzen gara. Euskaldunak gara, euskaraz egiten dugu lan eta gure identitate propioa dugu, eta sorkuntza garaikidea daukagu hein berean munduari erakusteko. Frantziako programatzaileen aurrean horrelako leihoa ipintzeak mezu hau ematen du eta amua ere botatzen du harreman baterako. Malandain Ballet Biarritzek horretan lagunduko digu, harremanak sustatzen, eta gure aldetik beste amu bat jartzen diogu; edozein programatzaileri interesa piztu dion euskal konpainia bat Frantziako programazio batera eramanez gero, Etxeparek baditu laguntzak gastua arintzeko. Eta hori programatzaile bati interesgarria zaio», jarraitu du.
MOTOR IZATEA
«Etxepare ez da laguntza leihatila soil bat», ohartarazi du Larrazak. «Gure ardura ere bada motor izatea eta abagune berriak lortzea beraientzat. Horregatik ditugu Euskal Leihoak. Modu egonkorrean eginez gero, erreferentziazko gune bihurtzen dira zer gertatzen ari den jakin nahi duenarentzat. Erakusleiho bezala, badira aukera interesgarriak, eta profesionalki ere bai. Guk beste toki batzuetan lantzen ditugunean, lanerako aukera eskaintzen ari gara sortzaileei eta ikusgarritasuna ere bai etorkizunean lanerako aukerak gehitu daitezen. Oso lan xehea da, pertsonalizatua. Batzuek nazioartekotze bokazio handiagoa daukate eta egin dutena errazago ulertzen da kanpoan beste batzuena baino, baina saiatzen gara aukerak denei ematen».
Maitaldian sortutako leihoa urtero errepikatuko da. «Bertan egin diren kontaktuei eta presentziari jarraipena egingo zaio, gure laguntzen berri eman eta tirriki-tarraka inurri lana egiten jarraituko dugu, ea gero dantzarien eta konpainien mesederako aukera berriak sortzen diren. Literaturan, adibidez, sortzaile bat kanpora eraman nahi baduzu, halako hizkuntzatan itzulia egotea eskatuko dizute. Horregatik, ‘Ça colle au basque’ egitasmoan baditugu beste lan lerroak eta horietako bat da euskarazko literatura frantsesera areago itzulia izan dadin, orain arte oso gutxi itzuli baita».
Euskal sortzaileen maila nabarmendu du. «Euskal Leihoak guk sortu eta finantzatzen ditugu, baina bertan sartzen direnek jaialdi horretako programatzaileak jarritako irizpideak betetzen dituzte; alegia, kanpoko programatzaileak sekula ez luke aukeratuko bere estandarrak betetzen ez dituen ezer. Horrek ere ematen digu erreferentzia gure sortzaileen mailaren inguruan. Kanpoko programatzaileek ez lukete onartuko, ezta finantzatuta ere, euskal sorkuntzari begira jarriko den atal bat, euskal sorkuntzak ez balu beharrezko kalitate eta mailarik».
Hiru administrazioren menpe dago euskal kulturgintza. «Kartografia komuna» osatzea da programaren beste helburuetako bat. Horren inguruan egindako hausnarketaz galdetu diogu. «Guk ekarpena egin nahiko genuke horretan. Hiru administrazio ezberdin dira eta bakoitzak bere kudeatzeko modua dauka. Baldintzak ere ez dira igualak alde guztietan. Badago lana sortzaileen alor profesionalari begira garatu behar dena eta badagoena mahai gainean. Ez dagokio Etxepare Euskal Institutuari, baina nahiko genuke ikuspegi osoa erakutsi kanpora joaten garenean. Zenbateraino da interesgarria sorkuntza oro har harmonizatzea? Sortzaileek kontatzen digutena da oso naturala dela Hegoaldeko edo Iparraldeko konpainia batekin lan egitea, esaterako. Dantzaren bitartez berez hizkuntza komuna erabilita egiten da lana, baina zirkuituak eta baldintzak oso desberdinak dira. Ikusten dugu sortzaile eta koreografo asko dabiltzala mugan salto egiten batera eta bestera eta zentzua duela euskal dantza eszena edo kartografia batek. Beraientzat oso naturala da eta guk narratiba horri heltzen diogu. Horretan sinesten dugu. Gure eskumena ez doa harago, baina iruditzen zait gure ardura dela kartografia osoari erreparatzea. Askotan hain gaude bakoitza berean, eta horrek badu bere logika, ez dugula begirada zabaltzen, ez zaigu natural ateratzen. Eta Etxeparek hori egitea bada ekarpena. Gero administrazioek erabakiko dute gauzak nola egin».
ZAILTASUNAK
Dantza arlotik adierazi izan dute Euskal Herriko kulturgintzaren ekosisteman ahanzturan dauden sentipena. Bere iritzia eskatu diogu: «Zirkuituak eta euren lana erakusteko aukerak mugatuak dira eta dantza konpainiak bizirik mantentzea esfortzu handia da. Etxepareren ordezkari bezala ez daukat iritzirik horren inguruan. Pentsatu nahi dudana da zenbat eta gehiago zabaldu zirkuituak eta lanerako aukera gehiago eman, euren jardun profesionala ere indartzeko aukera dagoela. Gu ez gara agenteak, managerrak edo ekoizleak, baina ikusten dugu dantzarekin gure mugaz gaindi ere egoteko aukerak ditugula, hemengoak beti direlako mugatuak. Guk ekarpena egin dezakegu pixka bat haratago ibil daitezen lagunduz, jakinda gogor borroka egiten dutela lana aurrera ateratzeko».

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
