Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
EDDINGTON

Covid-aren zauri kolektiboak eta isilpeko minak

Ari Aster zuzendariaren itzulera inor axolagabe utziko ez duen proposamen ausarta, liluragarria eta harrigarria da: “Eddington”. Lan berri honetan, Joaquin Phoenixek, Emma Stonek eta Pedro Pascalek sheriff asmatiko xelebre baten, emazte aztoratu baten eta alkate obsesibo baten papera egiten dute, hurrenez hurren.

Argumentua 2020an garatzen da, Mexiko Berriko fikziozko herri batean. Han, Joe Cross (Phoenix) sheriffaren eta Ted Garcia (Pascal) alkatearen arteko tentsioak erakusten dira, pandemiaren eta politikaren itzalak areagotutako tentsioetan harrapatuta. Eztabaida isilak laster su bihurtzen dira eta herri osoa zatitzen duen gatazka pizten da.

Covid-19aren aroari ematen zaion erantzun satirikoa, zorrotza eta gupidagabea da. Garai hartako zauri kolektiboak azaleratzen ditu modu ziztatzaile eta beldurgarriki zehatz batean: musukoen erabilera, negazionismoa, arrazakeria, urruntze sozialerako neurriak eta George Floyden hilketaren ondorengo bat-bateko adierazpenak bezalako gaiak jorratzen ditu.

Asterrek marko politikoaren bidez polarizazioaren zentzugabekeria azaleratzen du, erakutsiz nola ideologiak pertsonen zauri sakonak esploratzeko edo manipulatzeko erabil daitezkeen.

Horretarako, eta garai hartako disonantzia kulturala birsortzeko asmoz, eszenaratzeak ukitu surrealistak eta sinbolikoak ditu. Filmak western modernoaren estetika hartzen du, baina thrillerraren eta komedia ilunaren kodeekin jolastuz.

Konspirazio digitalen, indarkeria sinbolikoaren eta giza hausturen irudikapen bortitz eta esajeratuaren bidez, Asterrek gure zatiketa sozial eta emozional propioaren aurrean jartzen gaitu, ispilu baten moduan, eta gure beldurrak eta zauriak agerian uzten ditu.

Gorrotatu ala maitatuko duzun filma da.