Arnaitz GORRITI
2025EKO KONTXAKO BANDERA

Oriok zortzi urteko lehortea eten du; Arraun Lagunak laugarrenez irabazle

Kontxako Banderaren palmaresean 33. garaikurra eskuratu zuten atzo ‘mirotzek’, Zierbenarekiko zuten desabantaila brankaz birrindu eta gero. Emakumeen estropadan, bestalde, Arraun Lagunakek bere dinastia sendotu zuen, nagusitasunez gailenduz. Joana Halsouet patroiak ur mugituetan ere moldatzen dela erakutsi zuen.

Orioren kolore horia, Arraun Lagunak-en txuri-urdina, ikurrina eta Palestinako bandera. Donostiako kaian beste koloreek ere izan zuten lekurik, baina horiek nagusitu ziren estropadaren ostean.
Orioren kolore horia, Arraun Lagunak-en txuri-urdina, ikurrina eta Palestinako bandera. Donostiako kaian beste koloreek ere izan zuten lekurik, baina horiek nagusitu ziren estropadaren ostean. (Maialen ANDRES eta Andoni CANELLADA | FOKU)

Bada zerbait 33 Kontxako Bandera, eta horixe lortu zuen atzo Oriok -emakumeek lorturikoak aintzat hartu gabe-, 2017tik luzatzen zen agorraldia amaituz. Bada zerbait 11 Kontxako bandera, eta horixe lortu zuen Iker Zabala “mirotzen” entrenatzaileak, aurreko urteetan Santurtzin eta Bermeon lortutako balentriak Orion ere berretsiz.

Bada zerbait, halaber, 10 Kontxako Bandera. «Aita Manuel» handiaren marka hautsi zuen Gorka Aranberri “San Nikolas” ontziko patroiak. «Egunero lanera ilusioz doan norbait naizela pentsatuko balute, konformatuko nintzateke. Ilusio horren emaitza da garaipen hau. Ilusio horrek lanera gogoz narama, eta lanera gogoz joanda, arraunlariei beren onena ateratzen saiatuta, garaipen hau izan da horren guztiaren fruitua», adierazi zuen, hunkituta, patroi zarauztarrak.

Ez zuen kolorerik izan Gizonen Kontxako Banderaren bigarren igande honek. Zierbena ahalegindu zen bere lidergoari eusten, baina ziabogaraino bakarrik egon zen “galipoen” ontzia garaipenerako lehian. Itzulerako luzean, hondoko itsasoak bultzaturiko olatuen artean, Orioren nagusitasunaren aurrean burua makurtzea besterik ez zitzaion geratu.

AURRENEKO PALADATIK NAGUSI

Alboko kaleen kalterako, Kantauri Itsasoak kikua egin zien Kontxako Banderako bigarren igande honetan uretaratu ziren ontziei. Hondoko itsasoa, metro eta erdiko olatuak, patroiei eta arraunlariei marinel sena pizteko moduko lana egokitu zitzaien, eta ikusleentzat, berriz, begientzat gozamen eder askoa.

Aurreneko paladatik jarri zituen gauzak bere lekuan Orioko traineruak. Ez zuen askorik behar izan urteko estropadarik garrantzitsuenak Orio eta Zierbenaren arteko buruz buruko lehia bihurtzeko, Bandera irabazteko aukerarik izan zezakeen Urdaibai berehala geratu zelako atzean, Donostiarrarekin borrokan.

Oriok joan zen igandean jasotako zigorra zela-eta, Zierbenak segundo hamarren bateko aldearekin ekin zion Kontxako bigarren igande honi, baina berehala eman zion “San Nikolas” ontziak sailkapen nagusiari buelta. Minutuko 40 paladako aldea ia une oro mantenduz, “mirotzek” brankaz bi ontziko aldea atera zuten, brankaz ere olatuak hartzerik badela erakutsiz.

Ziaboga sasoian zazpi segundoko aldea haiekin zuten oriotarrek, eta bizkaitarren maniobra ez zen egokiena izan. Urte osoko nagusitasuna berretsi nahian, Gorka Aranberrik gidaturiko eskifaia estropada txikitzeko ahaleginean murgildu zen itzulerako luzean, uda osoan bezala.

Baita egin ere. Halakoetan ohikoa den moduan, lehiarik ez zen izan helmugarako azken palada horietan. Bata bestearen atzetik alde nabarmenekin itzuli ziren lau ontziak, bakoitza bere lanean kontzentraturik, Donostiako kaia kolorez janzten zelarik.

Aurreneko txandan, berriz, Getariak sekulako lana egin zuen, eta ez zuen urruti izan Donostiarraren laugarren postua ere. Ostean sailkatu ziren Lekittarra, San Juan eta Hondarribia, sailkapen nagusia aldatu ez bazen ere.

ARRAUN LAGUNAKEN ERAKUSTALDIA

Emakumeen Banderako aurreneko txandatik, «kontsolazio» txandatik, ikusi zen itsasoaren eragina. Baina ohorezko txandan aritu zirenek garbi ikusi ahal izan zuten itsasoaren mandatua. Arraun Lagunakek, 10 segundoko aldeaz aterata, bere lana txukun eginda nahikoa zuen beste urtebetez Kontxako Bandera eskuratzeko eta emakumeen arraunaren dinastia berri bat sendotzeko, iazko urtetik zenbait aldaketa izan badira ere. Baita egin ere. Garaipen handia lortu zuen “Lugañene” ontziak, urte osoko nagusitasuna berretsi zuelarik.

Lerrokatzen lanak izan zituzten eta Joana Halsouet eta bere arraunlariak tosta bat atzetik abiatu ziren lanera. Hala ere, minutu erdia betetzerako branka sartu zieten bere aurkariei, estropada txikitzera atera baitziren. Bigarren posturako lehian, berriz, Oriok aurrea hartu zion askorik asmatu ez zuen Tolosaldeari. Itsaso mugituetan ondo moldatzen da Tolosaldea, baina hasierako txanpan sufritzea egokitu zitzaion eta itsaso zabalera atera arte ez zuen Nerea Perezek zuzentzen duen taldeak bere arraunketa aurkitu. Zumaia, bestalde, berehala geratu zen atzean, eta ahalik estropada duinena eginda konformatu zen, azkenean sailkapen nagusiko laugarren postua galdu bazuen ere.

Ziabogako momentuan hautsi zuen Arraun Lagunakek estropada. Itzulerako txanpan, poparean, gozatzeko moduan bueltatu zen “Lugañene”, Juan Mari Etxabe entrenatzailearen pozerako. Bigarren posturako buruz burukoan Oriok, Patxi Frances entrenatzailearen azken egunean, aurretik ekin zion, baina Tolosaldeak poparean asmatu zuen halako batean, eta bigarren postuari atxiki zitzaion bigarren luzean atzetik aurrera eginez.

Ez zen harritzekoa Arraun Lagunak traineruaren poza, esaterako Jule Arkotxa lekeitiarraren irribarrea. «Amorru puntu bat ere bagenuen. Urte osoan esan digute itsaso mugituan zalantzak sortzen genituela eta apurtzera atera gara», adierazi zuen.

Erantzukizun galanta jasan behar izan duen Joana Halsouet patroia hunkituta zegoen; eskifaiak gogotik eskertu zuen Urruñakoaren lana. «Ez nuen patroitzara itzuliko nintzenik uste, baina Juan Mariren -Etxabe- deiak ekarri nau eta berak zein arraunlariek eman didaten konfiantzari esker lortu dugu hau», onartu zuen Halsouetek, patroi onenaren maillota aldean.