ATZERA BEGIRAKO ERAKUSKETA, ETORKIZUNA ERAIKITZEKO
Iratzar Fundazioak eta Olaso Dorreak Azpeitian aurkeztu zuten atzo «1975, dena jokoan zegoen urtea» erakusketa, garai hura oroitzeko, egungoa ulertzeko eta etorkizunaz hausnartzeko. Adierazpen politikoen ondoan, Otaegik jantzi zuen azken jertsea zein Txikiren eskalatzeko kaskoa daude, haien objektu pertsonalen bidez ere memoria pizteko.

«Badira historian ia ezer gertatzen ez den urteak, bolada luzeak. Eta badira aste batzuetan historiaren norabidea goitik behera astintzen duten gertakariak. Hala gertatu zen 1975ean Euskal Herrian». Horixe dio “1975, dena jokoan zegoen urtea” erakusketaren sarrerak. Atzo iluntzean aurkeztu zuten Iratzar Fundazioak eta Olaso Dorreak elkarlanean landuriko ekimen hau.
Historiak eta memoriak museo handietatik eta historia liburuetatik atera eta herritarren artean zabaldu behar direla esan izan da maiz. Kasu honetan, ostera, sinetsita daude oraina ulertzeko eta etorkizuna eraikitzeko tresna dela atzera begirako ariketa hau. Urtea bukatu arte gutxienez, herriz herri ibiliko den bilduma bizia izatea nahi dute. Hiru helburu esleitu dizkiote erakusketari: Batetik, memoriaren eraikuntzan ikuspegi kritikoa mahaigaineratzeko uneari erantzutea; bigarrenik, transmisio ariketa bat egiteko beharrari heltzea; eta hirugarrenik, militante antifrankistak gogoratzea, herri honen eginbeharra dela uste dutelako.
NOLA GOGORATU
Nola gogoratu, baina, duela 50 urteko garaia eta gertakariak? Andoni Olariaga Iratzar Fundazioko kideak gidatu zuen erakusketa, eta 15 panel informatibok osatzen dute, batik bat. Bost bloketan banatu zuen ibilbidea: lehenengoan Euskal Herriarentzat 1950eko hamarkada zer izan zen jaso dute, hainbat gertakariri aipamena eginez eta «euskal matxinadaren eztanda» nolakoa izan zen azalduz. Garaiko argazki eta kartelek ematen diete segida azalpenei, sarritan zuri-beltzeko hizkiez baino gehiago oroitzen delako gizakia irudiez.
Testuinguruan sakontzen du bigarrenak, eta bertan ageri dira 1975eko Gernikako Aberri Egun bateraturako deiak: Eusko Lurra egunkarian, EAJren kartela eta ETArena. Baita Burgosko prozesua, kartzela, torturak zein El Lobo ETAn infiltratu zenekoa ere.
Hirugarrenera heltzean aurkeztu zituen Tupa, Otaegi eta Txiki, askatasunaren aldeko militanteak. Panelez harago, objektuak ere biltzen ditu zati honek eta fundazioak oso eskertuta daude Txiki eta Otaegiren senideekin haien objektu pertsonalak uzteagatik. Hortik ere sortzen baita memoria kolektiboa, oroitzapen zehatzetatik. Alde batetik, Otaegik hil aurretik zeraman jertsea eta erlojua ikus daitezke, artilezko jertse berdea, eguzki formako marrazki zuriekin eta kremaileraren inguru laranjarekin. Txikiren kasuan, bere mendizaletasuna gogoratuz eskalatzeko erabiltzen zuen kasko beltz eta gorria eta erretzeko bi pipa daude. Badago beste objektu preziatu bat ere; hots, fusilamenduak salatzeko Paristik Hendaiara egin zen mobilizazioko pankarta.
Trantsizioaren gakoak jasotzen ditu laugarren panelak, eta bosgarrenean 78ko erregimenaren erradiografia labur bat egin eta gogoeta bati egin diote lekua: «Lotuta utzi nahi izan zuten dena; baina Euskal Herria ez dago lotuta, bizirik, borrokan eta abian baizik. Franco hil zen, Euskal Herria, berriz, ez!».
Erakusketarako propio sortutako ikus-entzunezko bat ere plazaratu zuten; bertan Txiki eta Otaegik gaur egungo Azpeitiari eta Zarautzi begiratzen diete, offeko ahots baten bidez. Gaur arratsean egongo da NAIZen ikusgai.
ZERGATIK GOGORATU
Aurrera jarraitzeko atzera begirako honetan, Olaso Dorreko presidente Irati Jimenezek eta Iratzar Fundazioko Floren Aoizek ere hartu zuten hitza atzo, zergatik oroitu ere gako garrantzitsua delako. Gogoratzea ezinbestekoa da, Jimenezen hitzetan, «gure herriaren kontzientzia kolektiborako, arriskuak badaudelako ahanzturan erortzeko edota frankismoaren zuriketaren aurrean». Gehitu zuen egia bere horretan dela iraultzailea; «etorkizuna eraikitzeko oraina ulertu behar da eta oraina ulertzeko iraganarekin akordatu behar gara».
Aoizek duela 50 urte Euskal Herria bidegurutzean zegoela hausnartu zuen, eta aukera handi bat «galdu» zela; «lotura horiek hautsi nahian egoera berri batean gaude», baieztatu zuen. «Gure buruen jabe izateko, gure historiaren jabe» izan behar dugula azpimarratu zuen, eta horregatik duela garrantzi berezia urteurrenarekin batera egiten ari diren ariketa honek. «Gure etorkizunaz ari gara Txikiz eta Otaegiz ari garenean», esan zuen, eta askapen borrokaren bidean bat egiten duela egun haiekin Euskal Herriak.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
